Gure Esku Dago egitasmoaren baitan, euskal estatuari buruzko galdeketa egingo dute Barrikan, Lemoizen, Urdulizen eta Sopelan. Hala iragarri du Uribe Kostako elkarte sustatzaileak. Eskualdeko herri gehiagok parte hartu nahi badute, ateak irekita dituztela gaineratu dute. 2017ko apirilaren 2an egingo dute herri galdeketa.
Sindikatuak, galdeketekin bat
Datorren ekainaren 5ean egingo dira lehenengo herri galdeketak, Azpeitia, Goierri, Debagoiena, Aramaio eta Ispasterren. Kontsulta horiekin bat egin dute ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuetako ordezkariek: “Elkarrizketan jardutea, eztabaidatzea, aurrez aurre jartzea, hausnartzea… eta azkenean jendeari galdetzea normalena delako. Galdetzea da ditugun aferei buruz erabakitzeko modurik onena, arazoak konpontzeko, beren elkarbizitza antolatzeko nahiz aurrera begirako erronkei heltzeko”. Galdetuak izatea eta kolektibo gisa erabakitzea “kohesiorako eta erantzukizunez jokatzeko ariketa ezin hobea da. Gure bizitzak gure esku hartzen baititugu”, adierazi dute.
Debagoienan, 9.139 sinadura
Bestalde, Erain Debagoiena elkarteak jakinarazi du galdeketa egiteko beharrezkoak ziren 6.500 sinadurak gainditu eta guztira 9.139 sinadura jaso direla.