Zergatik ez da Biodonostiaren ikerketa Añorgako Rezolan abiatzen?

Mallorcan, Monzónen (Huesca), Cordoban, Florentzian, Corken (Irlanda), Txinan… dozenaka hiri eta milioika pertsona ari da munduan hondakinen errausketaren aurkako borrokan. Euskal Herrian ere bai, Gipuzkoako Diputazioak Zubietan eraiki nahi duen errauskailuaren aurka ari dira milaka herritar.

Erraustegi proiektua 2011n geldiarazi zuen EH Bilduk Gipuzkoako Diputaziora iritsi zenean. Harrez geroztik hondakinen eztabaida batez ere bilketa moldearen inguruan gauzatu da lurraldean, funtsean, atez ateko bilketa edo berdin jarraitzea. Bilketa moldea, azkenean, EH  Bilduren foru gobernua egurtzeko erabili zuten Gipuzkoako botere faktikoek eta, EAJk eta PSEk. Gaiak –bilketak zein konplotak– jarraituko du ematen luzerako, baina orain berriz dator indar handiz Zubietako erraustegi proiektua.

Orain gertuago dago proiektua gauzatzeko aukera eta herritarren lehen mailako kezkak hartu du berriz ere leku nagusia eztabaidan: osasunak. Munduan dagoeneko ikerketa asko egin dira azken hamarkadatan errausketak pertsonen osasunean dituen eragin kaltegarriez, erraustegiak diren guneetako minbiziak eta beste gaitz asko nola ugaltzen diren argi erakutsiz. Horien aurrean ezer gutxi esan ahal dute agintariek, frogatuta daude eta. Orain miraria modernitatean eta zientzian dago, botereak herritarrei proiektu txikitzaile eta arriskutsuak saltzeko baliatzen dituen tresna ezinbestekoetan: “Lehen bazen arriskutsua, oraingo hauek erabat moderno eta seguruak dira”.

Herritar arduratsu gehienek, aldiz, gero eta argiago ikusten dute aire kutsaduraren arazoa. Hedabideak apur bat jarraitzen dituena ohartuta egongo da jada gero eta txosten gehiago dagoela arazo honen berri emanez. Zeharka bada ere, errauskailua eraikitzearen aldekoek onartzen dute Zubietakoak ekar dezakeela arriskurik. Bestela, ez badago inongo arriskurik zertarako egin beharko litzaioke enkargua –iradoki den bezala– Biodonostiari, errauskailuak pertsonetan izango duen eragina azter dezan? Hau da, azterketa hipotesi honetan kontua halakoa litzateke: erraustegia egin, ikusi kalteak sortzen dituen eta… sortzen baditu zer? Akuri gisa erabilia izateko prest ote da herritarra? Zergatik ez da abiatzen Biodonostiaren ikerketa gaurdanik Añorgako Rezolan?

Osasunaren ikuspegitik ezin du izan defentsa argudio sendorik erraustegia osasunaren ikuspegitik defendatzeko 2004ko Osakidetzaren txosten batera jotzen duenak. Are gehiago honek dioenean errausketak ez duela “kalte esanguratsurik” osasunarentzat. Zer ote da kalte esanguratsua? Zergatik saiatzen dira behin eta berriz erraustegien isurtze datuak gutxitzeko sistemak asmatzen? Italiako Pietrasantako errauskailua 2010ean itxi zuten honek bere isurketa datuak faltsutu ondoren. Gogoangarria da nola kontatzen zuen Alfonso Del Val teknikariak (Larrun 156. zkia) Madrilgo erraustegian datuak faltsutzeko egiten ziren trikimailuak. Volkswageneko autoen edo Fukushimako zentral nuklearraren isurketen datu faltsutzeak ikusita, herritarrek gero eta konfiantza tarte txikiagoa dute halakoen kontrol mailaz.

Pierre Vilar historialariak esaten zuen “historikoki pentsatu” behar zela gaur egungo arazoez jabetu eta hausnartzerakoan. Ez dakit zilegi izango den “jasangarritasunez pentsatzea” esatea errauskailua eta gisako makroproiektu suntsitzaileez jardutean; baina badakit Josep Fontana historialari katalanak arrazoi osoa duela “historikoki pentsatzearen” oinarrian ideia bat dagoela dioenean (Diagonal, maiatzak 16): “Ulertzea inondik inora onar ezin daitekeena amore ematea dela”. Zubietako erraustegiari buruz ere, azken minuturaino balio dezakeen ideia da. Besteak beste, osasunagatik.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude