“UPNk erabiltzen duen argudio berbera erabili du Izquierda-Ezkerrak”

  • Kontseiluak manifestazioa deitu du Iruñean ekainaren 4rako: Bide eman euskarari. Euskaraz bizi nahi dugu. Lau alderdiko gobernuari babesa emateko eta eskatzeko antolatu dute. UPNren oldarraldien aurrean herritarren babesa izango dute, baldin eta neurri ausartak hartzen baldin badituzte. Gobernuko kide den Izquierda-Ezkerraren jarrerak harrituta dauka Kontseilua.

“Gobernuak erabaki interesgarri batzuk hartu izan dituenean (eta hartu izan ditu), harritu gaitu nola oldartu diren sektore batzuk, hain zuzen ere justiziaren izenean hitz egiten duten sektoreak, diskriminazio ezaren inguruan hitz egiten dutenak. Ez, ez,
“Gobernuak erabaki interesgarri batzuk hartu izan dituenean (eta hartu izan ditu), harritu gaitu nola oldartu diren sektore batzuk, hain zuzen ere justiziaren izenean hitz egiten duten sektoreak, diskriminazio ezaren inguruan hitz egiten dutenak. Ez, ez, barkatu, ez gaude batere ados”. Argazkia: Dani Blanco

Ekainaren 4an manifestazioa Iruñean. Gobernuan ez dago UPN. Zergatik manifestazioa?

Zergati horri erantzuteko egokiena manifestazioaren leloari erreparatzea da, Bide eman euskarari. Euskaraz bizi nahi dugu. Bide eman euskararik baditu bi mezu, bat gobernuari begira. Badakigu nondik gatozen, gobernu aldaketa egon zenean espektatiba asko sortu ziren, aldaketa euskaratik eta euskaraz izango zela, alegia. Egia da, eta guk esaten dugu, aldaketa batzuk egon dira, beste keinu bat dago gobernuaren aldetik. Euskalgintzatik ikusi dugu, ateak irekitzen zaizkigu.

Lehen ez bezala.

Lehen ateak ere ez zitzaizkigun irekitzen. Guk beti esaten dugu, egiten diren gauzak aitortu behar dira, baina gure ustez urrats eragingarriagoak eman beharko lirateke. Zergatik? Gatozen tokitik gatoz, denok dakigu UPNk zer-nolako politika zitala egin duen herritarren aurka. Injustizia horiei guztiei aurre egiteko neurri ausartagoak beharko lirateke.

Manifestazioa baliatu nahi dugu gobernuari esateko, “Bide eman euskarari!”, eta gu guztiok hor egongo gara. 2010ean egin genuen manifestazioa etortzen zait gogora. “Aski da!”, “Baztertzen gaituzue!”, “Ez dago eskubiderik!” ziren orduko mezuak. Oraingoa bestelakoa da, zentzu positiboa du, “hemen gaituzue” esatera gatoz. Teorian, konplizitatez jardun beharko genuke.

Badakit herritarrentzat agian mezua ulertzea zaila dela, Nafarroan kalera atera garenean salatzera atera izan garelako, eta oraingoan ez goaz salatzera eskatzera baizik. Iruditzen zaigu aukera errealak egon daitezkeela euskarari bide emateko, euskalgintzaren, gizartearen eta gobernuaren artean.

Leloak bi mezu dituela esan duzu.

Bigarrena, Bide eman euskarari, justiziazkoa delako, oreka soziala bermatzeko beharrezkoa delako. Nafarroako Gobernuak erabaki interesgarri batzuk hartu izan dituenean (eta hartu izan ditu), harritu gaitu nola oldartu diren sektore batzuk, hain zuzen ere justiziaren izenean hitz egiten duten sektoreak, diskriminazio ezaren inguruan hitz egiten dutenak. Ez, ez, barkatu, ez gaude batere ados. Hizkuntza eskubideen alde egitea oreka sozialaren alde egitea da, justizia sozialaren eta berdintasunaren alde egitea. Ulergaitza egin zaigu, beste gai batzuetan nola altxatu diren, “bai, bai, Nafarroa justuago bat eta herritarren arteko bereizkeriak eragingo ez dituen Nafarroa behar dugu”, eta hizkuntzari dagokionez gobernuak keinuren bat egin duenean apartheid batzuk amaitzeko, nola aldatu diren!

Zuek uste baino motelago al dabil gobernua?

Bai. Denok bagenekin UPNk euskararekin bandera egingo zuela, edozein neurri handi edo txiki hartuta UPN oldartuko zela. Oso esanguratsuak izan ziren UPNren Kongresuan Esparzak egin zituen adierazpenak: “Gu gobernura itzultzen bagara eremu ez euskalduneko eskolak itxiko ditugu”. Hori bagenekien. Baina UPN aztoratzen delako gu ezin gara kikildu. Oinarrizko eskubideez ari gara, eta arrazoia daukagu, eta ez naiz termino politikoetan hitz egiten ari, orain oldartu diren horiek justizia soziala aldarrikatzen dutenean gauza bera eskatzen dute. Beste gai batzuetan zelako neurri ausartak edo interesgarriak hartu diren berdintasuna bermatzeari begira, eta euskararen gaian… Batetik, UPNk bandera egin zuen gai horrekin.  Bestetik (eta kezka handiagoa sortzen digu), akordio programatikoa sinatu duten lau alderdi horietako baten jarrera ez zaigu logikoa iruditzen.

Alderdi guztiek ez dute jarrera bera. Izquierda-Ezkerrarentzako mezua al da zuena?

Esaten dute gobernua ez dela inoren gobernua. Alderdi guztiek esan didate. Esaten dutena da: akordio programatikoa daukagu eta gobernuari dagokio akordio hori kudeatzea. Baina akordio horrek arazo handi bat dauka, desadostasunak tarteko Euskararen Legeari ez diote heldu. Onartezina da. Hamarkadatan Nafarroako gizartea behin eta berriro atera da esanez ezin dela onartu Tuterako herritarrari eta Baztangoari eskubide desberdinak aitortzea. Teorian aldaketarako diren alderdiak mahaiaren bueltan jartzen dira eta... (mahaitik papera erortzeko keinua egin du) jausi egiten zaie. Hala diote: “Ez, hemen desadostasunak daude”. Oinarrizko eskubideen inguruko araudia eta desadostasunen kaxoian sartzen da?

Lau alderdiak ados dauden kontuetan ere kezkak ditugu, zeren adostasunetan jartzen zuen UPNk abian jarritako dekretu murriztaileak bertan behera geratuko zirela. Oraindik dekretu horiek indarrean daude.

Zer da premiazkoena?

UPNk dekretu bidez, beraiek deitzen dioten eremu mixtotik euskara desagerraraztea lortu zuen. Dekretua sortu eta hurrengo egunean, Nafarroako administrazioko eraikin guztietatik kendu zituzten euskarazko errotuluak. Hori indarrean dago oraindik Nafarroan.

Premiazkoena dekretu hori bertan behera uztea da. Gobernua hartu eta lehenengo egingo zuten gauza izango zela uste nuen. Dekretu horrek karga sinboliko handia izan du Nafarroan: “Euskara ez duzu ikusi ere egingo”.

Izquierda-Ezkerraren jarrerak harritu zaitu.

Jarrera batzuk ez datoz bat beraien oinarrizko printzipioekin, eta zilegi bekit halako gauza bat esatea. Iruditzen zait hizkuntza eskubideen inguruan esaten dituztenak oinarrizko printzipoen kontra doazela.

Euskararen Legea soilik ez, zerrenda bakarra, lan deialdia... horiekin ere gertatu da. UPN badakigu zer den, baina harrigarriagoa izan da beste alderdi batzuen jarrera [Izquierda-Ezkerra eta Podemos]. Oso larria da. UPNk erabiltzen duen argudio berbera erabili du Izquierda-Ezkerrak. Euskararen Legearen aldaketa Izquierda-Ezkerrak sustatu zuen. Zuk corpus juridikoan aldaketa bat egingo baduzu, jakin behar duzu aldaketa hori egikaritzeko neurri politikoak hartu beharko direla. Zuk uste baduzu Fustiñanan edo Cascanten eskola publikoan euskaraz ikasteko eskubidea bermatu behar dela, pentsatu behar dut ohartuko zarela hango lanpostu batzuetan euskara jakitea derrigorrezkoa izango dela, irakasleak beharko direla. A ez, hori diskriminatzailea da. Orduan nola bermatuko dituzu eskubide horiek? Faborez, serioak izan behar dugu. Ezin gara ibili argazkiaren bila, esanez, “gu izan gara eremu ez euskaldunean eskola publikoetan umeek euskaraz ikastea ahalbidetu dugunak”. Bai, baina neurriak hartzen hasi eta aztoratu egiten zarete.

Oraindik ia hiru urte geratzen zaizkio gobernuari.

Erabaki ausartenak hasieran hartu behar dituzu. Lehenengo urtean erabakiak hartuta, gero badituzu beste hiru urte modu pedagogikoan azaltzeko zergatik egin duzun hori. Bestalde, lehenengo urtean hartutako erabakiak hurrengo hiru urteetan lausotzen dira. Erabaki hura, hain potentea zena, azkeneko urtean erdi ahaztuta dago. Eta azken urtea urtegiak zabaltzeko da.

Aukera galdua izango al da agintaldia?

Sinesbera naiz. Itxaropena daukat. Horregatik erabaki dugu manifestazioa egitea. Ez goaz salatzera. Zure lehenengo galdera oso logikoa zen, UPN ez dago eta manifestazioa? Uste dugu oraindik aukera errealak daudela, borondatea baldin badago. Horregatik, gizartearen zati handi bat, euskaraz bizi nahi duen gizarte hori, laguntzeko prest dagoela erakutsi nahi dugu. Zaila da azaltzen baina oso jite desberdina daukate oraingo manifestazioak eta 2010ean egin genuenak. Oraingoa agian zailagoa da jendeari transmititzea. Askoz errazagoa da “UPN kanpora!” esatea.

Manifestazio hau da gobernuari erakusteko neurri ausartak hartzen baldin baditu babes soziala izango duela, babesa izango duzu eta eskatzen dizugu neurri ausartak hartzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza eskubideak
Behatokiaren hizkuntza urraketei buruzko 2023ko txostena
Hizkuntza muga eta urraketa berak hamar urtez

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 909 kexa jaso zituen Behatokiak 2023. urtean. Horien %75 baino gehiago administrazioari loturiko zerbitzuei buruzkoak dira: “Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela”.


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


Iruñeko EHEren talde berria aurkezteko jaia egingo dute larunbatean

Taldea ezagutarazteko eta proiektua finantzatzeko antolatu dute egun osorako egitaraua.


Euskaldunen Harrotze Astea deitu du EHEk apirilaren 22tik 28ra

Euskal Herri euskalduna aldarrikatzeaz gain, euskararen aldeko borrokak kalean ikustaraztea eta indartzea izango du xedetzat.


Eguneraketa berriak daude