Oinetakoak, ibiltzeko

Martxoko argazki bat: etxeko zapatila bat, feltrozkoa, negurakoa. Orbel artean ahaztua. Geldi-geldian lokartua. Goroldioa itsatsi zaio orpoan, berde-berdea hori, pistatxo-kolorekoa. Ederki nabarmentzen da oinetakoa astigar izoztuaren hosto zaharren gainean. Lekukotasun moduko bat ematen du: “Hemen izan zirelako, naiz berton”. Irmotasunaren seinale-edo.

Kanpora-martxorekin sentitu ohi da neguaz, iraganaz, hausnartzeko gogoa. Ez du gogoratzeak pasatutakoa aldatuko, bai, akaso, datorrena ulertzen lagunduko: sanjose-loreak ederrak dira, beharbada euritsua izan delako negua, edo bereziki hotza, edo epela, edo lehorra.

Gogoratzeak ez du errebantxa eskatzen. Ezta barkamena ere. Iraganaren semeago egiten gaitu. Alabago. Horretan datza haren balentria

Kukuaren etorrerarekin gogoratu ohi dira Dmitri Mendeleiev errusiarraren lehen taula periodikoa, emakume langileen aldarrikapena, Karl Marxen heriotza, Vietnamgo inbasio estatubatuarra... Egutegian, nahi beste efemeride dago, kolore bateko nahiz besteko, iraganekoak denak. Zapatila ahaztuak bezala.

Apirileko argazki bat: basorako oinetakoekin emakume zaharra fokuan, beroki lodia, bufanda ederra... hotz egiten du mendialdean. Oroigarria eskuetan. Bandera errepublikanoa paparrean... “Izan nintzelako odoletan, naiz orain arrosetan”. Ez delako-edo beti hobeagoa iragana.

Elgetan, gogoan hartu dituzte gerra garaiko emakume errepresaliatuak eta erresistenteak: guda-oinetako milizianoak, erizainak, lubaki-egileak, kazetariak... eta, behin frontea hautsita, soldadu oldartuen ferra pean hartutakoak: urliaren ama, sendiaren emaztea, berendiaren alabak.

Ez du gogoratzeak aldatzen historia; gehien jota, negar-anpulua lehertuko du musuan. Gogoratzeak ez du errebantxa eskatzen. Ezta barkamena ere. Iraganaren semeago egiten gaitu. Alabago. Horretan datza haren balentria.

Maiatzeko argazki bat: botak, hango eta hemengo magalak zapaldu eta zola urratua dutenak, lokarriak gasta-gasta eginda dituzten oinetako militar zaharrak. Bandera bat ere haien ondoan: zuria, Borgoñako gurutzearekin. Atzealdean, Oriamendi abestiaren letra, pergamino itxurako orrialde batean idatzita. Zaharrak berri-edo.

Behinola etxeko atarian zapatilak ahaztu zituen amamak, Elgetara joateko bota indartsuak jantzi dituen berberak, dio, esan, armairuan ondo begiratzeko, aro aldaketak neurriko zapatak eskatzen dituela, udarako egokiak: “Maiatzeko loretan ez gara-eta bezperetan beste aspertzen”.

Luzeak dira gizakiaren ibilbideak, hobe iraganean lokartu barik jardutea, gaur baita biharko historiaren abiapuntua. Irmotasunaren gainetik. Nostalgiaren gainetik. Ezin berrituaren gainetik.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude