Hezkuntza

Eskola herritarrak eta parte-hartzaileak bultzatzen

  • Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko Sortzen elkarteak 25 urte egin ditu aurten eta urteroko jaiaz gain –Hernanin izango da aurten, EskolHarria biharko herria lelopean–, hainbat ekintza antolatu dituzte hilabeteotan. Eskola herritarrak eta parte-hartzaileak mahai-inguruan izan gara, Mariam Bilbatua HUHEZIko irakasle ohia eta Gari Torregrosa Iruñeko Izartegi haur eskolako zuzendaria entzuten.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz
2016ko maiatzaren 22a
Irudian, Iruñeko Izartegi haur eskola. Senideentzako eremuak dituzte ikastetxean: “Gurasoek beren seme-alabekin igaro ditzakete bi ordu arratsalderen batean”. Argazkia: Izartegi haur eskola
Irudian, Iruñeko Izartegi haur eskola. Senideentzako eremuak dituzte ikastetxean: “Gurasoek beren seme-alabekin igaro ditzakete bi ordu arratsalderen batean”. Argazkia: Izartegi haur eskola

Mariam Bilbatuak hartu du hitza lehenengo. Bere esanetan, dimentsio bikoitza ematen dio eskola parte-hartzaileak hezkuntzari: ikastearen dimentsioa eta elkarlanean aritzearen dimentsioa. “Estrategia sozialak dira bizitzeko aukera ematen digutenak; bestearekin elkarrekintzan hazi eta hezten gara, eta horrela eraikitzen dugu gure ikaste prozesua eta garatzen ditugu konpetentziak”.

Era berean, dio, bi ulermen mota garatu behar ditu gizakiak: ulermen intelektuala eta giza ulermena. Ulermen intelektuala da ingurua ezagutzea; giza ulermena berriz, bestea ulertzea da, besteen arazoekiko enpatia izatea. “Gauza horiek ez dira berez ikasten, eta hezkuntza-erronken barruan sartzen da ezaugarri horien garapena”.

Ikaskidetza

Ikasle-irakasleak ikaste prozesuan inplikatzeko, ikaskidetzan oinarritzea da giltza, esaterako talde kooperatiboetan lan eginez. Ikasleen identitatea, autonomia eta konpromisoa areagotzen du horrek, Bilbatuaren hitzetan. Talde lanak, ordea, ez du bermatzen ikasle guztien parte-hartzea: ikaskidetzaren printzipioak dira emozioekin lotutako ikas-prozesuak martxan jartzea, taldean eraikitako eta negoziatutako helburu partekatuak izatea eta taldea osatzen duten pertsona guztiak ezinbestekoak direla sentitzea.

Ikasleez gain, irakasleen integrazioa lortzea ere izan behar da helburua. Irakasleek hausnartu behar dute martxan jarri dituzten prozesuen inguruan, eta irakasleek talde identitatea sortu behar dute: “Erronka baten partaide sentitu behar dute, eta erronka horren erantzukizunak taldearena izan behar du, ez norbanakoarena”.

Emozioekin lotutako ikas-prozesuak martxan jartzea, taldean eraikitako eta negoziatutako helburu partekatuak izatea eta taldea osatzen duten pertsona guztiak ezinbestekoak direla sentitzea; horra ikaskidetzaren printzipioak

Gehitu du Heziberri eta LOMCE bezalako legeek irakaslearen dependentzia areagotzen dutela eta goitik beherako ereduek ez dutela irakasleen inplikazioa lortzen: “Eredu horiei aurre egiteko behar ditugu ikaste komunitate profesionalak”. Komunitate hauek eztabaida eta hausnarketa dituzte ardatz, eta ezagutza partekatzeko hizkuntza bateratua dute: “Gauzak aztertzeko eredu beraren barruan kokatzen dute komunitatea”. Talde konpromisoa da funtsa eta profesional bakoitzak sentitzen du kidearen beharra, denen parte-hartzea ahalbidetuz eta elkarrenganako konfiantzatik abiatuz. Komunitateak sortzeko, baina, instituzioen babesa behar da: “Irakasleek lan egonkorra behar dute, ikas-komunitateak garatzeko aukera eta baldintzak izango dituztenak”. Administrazioaren konfiantza ere inportantea da: “Kontrol burokratikoen sistema bultzatzen dute administraziotik eta horrek ez du laguntzen horrelako proiektuak garatzen”.

Hezkuntza komunitatea = hezkuntza formal, informal eta ez formala

Hezkuntza ez formalak (aisialdiak, komunikabideak…) eragina du ikasleen formazioan eta garapenean. Irakasle ohiak azaldu du eskola komunitateak kontzientzia horretatik garatu behar direla, eta horretarako, beharrezkoa da hezkuntza sareak sortzea: “Eragile sozial, politiko eta kulturalek eta hezkuntza komunitateak helburu komunak behar ditugu”. Hala, hezkuntza formal, informal eta ez formalean aritzen diren eragileen gogoeta bultzatu behar da: “Eragile guztien parte-hartzea bermatu behar dugu, eta hori ahalbidetuko duten mekanismoak garatu”. Martxan jartzen diren proiektuak sozializatu eta ebaluatu behar dira, bere ustez.

Iruñeko Izartegi, eskola parte-hartzailerantz

“Familiok eta hezitzaileok batera sortzen dugu proiektua eta denok helburu bera dugu: haurraren ongizatea”. Gari Torregrosa Iruñeko Izartegi haur eskolako zuzendariaren hitzak dira. 1976an jarri zuten martxan haur eskola, herri mugimenduaren eskariak bultzatuta. 1995. urtean momentu zailak izan zituen, baina gurasoen eta hezitzaileen borrokari esker, ez ixtea lortu zuten.

2006an berritu eta gaur egun 0-3 urte arteko haurrak jasotzen ditu Txantrea auzoko heziketa zentroak. Metodologia ugari erabiltzen dute, eta ideia bat dute oinarri: “Haurra gaitasunez beteriko pertsona da”. Entzumen aktiboa lantzen dute haurrekin zein familiekin, beren beharretara egokitzen saiatzen dira. Emozio eta sentsazio ugari lortzeko espazioak eskaintzen dizkiete haurrei, eta haiek erabakitzen dute zer landu:  “Esperimentatzeko askatasuna ematen diegu”. Horretarako, “ondoan”izaten dute laguntzailea, ez aurretik, ez eta atzetik ere.

Familien parte-hartzea sustatzen da eta ikasturtean zehar egiten dituzten bileretan, eroso egoteko mekanismoak jartzen dituzte, “familiak zaindu egin behar direlako”. Egunerokoan, gurasoak haurren bila barruraino sartzen dira, gardentasun eta konfiantzaren seinale. Senideentzako eremuak ere badituzte ikastetxean: “Gurasoek beren seme-alabekin igaro ditzakete bi ordu arratsalderen batean, eta hori baliatzen dugu egon daitezkeen dudak edo zalantzak argitzeko”.

Auzoko hainbat elkarterekin ere harremanak garatzen ari dira, tartean Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeekin. Praktika programa bat jarri dute martxan eta eskola horietako hainbat ikaslek egin dituzte praktikak haur eskolan. Auzoko musika taldeen edota ipuin-kontalarien bisita ere izan dute, besteak beste.

Mahai-inguruaren amaieran, publikoan dagoen irakasle batek hartu du hitza, eta ondo laburbildu du gogoeta orokorra: “Komunitateko kideek posible dela sinetsi behar dugu: ideiak eta bideak arakatu, ahalegina egin, elkartu eta apustua egin, guztion artean”.

Kanal honetan artxibatua: Sortzen

Sortzen kanaletik interesatuko zaizu...
Milaka lagun elkartu dira euskal eskola publikoaren jaian, hezkuntzaren burujabetza aldarrikatzeko

Milaka lagun elkartu dira Sortzen elkarteak antolaturiko D ereduaren aldeko festan. Urte osoan egindako lana ospatzera Iruñera hurbildu diren pertsonei eskerrak eman dizkiete antolatzaileek eta Sortzen hezkuntzaren burujabetza lortzeko sortu zela gogorarazi dute.


Makro-jaialdien eredutik ihesi

Zenbat jaialdi berdin (edo oso antzeko) ezagutu ditugu azken urteotan Euskal Herrian? Izenagatik desberdinduko genituzke agian, baina egitarauari eta antolaketari begira zenbat makro-festa ikusi ditugu herri batean eta bestean? Gastatzeko gure ahalmenaz gaindiko dirua genueneko arrastoak izango dira. Aldaketak nabari dira jai ereduan ere, ordea. Horren adibide Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko jaia, eta bertan izango da ARGIA ere.
    Slow bizitzaren filosofiaz hitz... [+]


2017-04-07 | Ahotsa.info
"Nafarroan aldaketa euskararen egoeran ere eman behar da"
MULTIMEDIA - erreportajea

Korrika igandean amaituko da Iruñean, eta euskararen aldeko lasterkak aukera paregabea ematen digu Nafarroan gure hizkuntzak duen egoera aztertzeko euskalgintzarekin. Horretarako, Xabi Gartzia (AEK), Zigor Etxaburu (Kontseilua) eta Sergio Iribarren (Sortzen) euskalgintzako kideekin bildu gara Nafarroako Gobernuak bi urte hauetan eman dituen urratsak aztertzeko.


D eredua zabaltzeko ahalegin handiagoa egiteko eskatu dio Sortzenek Nafarroako Gobernuari

Maiatzaren 21ean Iruñean ospatuko duten jaiaren etekin ekonomikoaren parte bat Nafarroako zonalde diskriminatuan dauden D ereduko lerro berriak laguntzeko bideratuko dute, Haizea egitasmoarekin.


Sortzenen jaia Iruñera itzuliko da eta "auzolanean" egingo da

Eskola guztien artean antolatuko da auzolanean eta IkasKilo, hezkuntza komunitateko barraskiloa izanen da festako pertsonaia. Hezkuntzaren inguruko eztabaida berriak sustatu nahi ditu elkarteak jaiaren bidez.


"Hego Euskal Herriko administrazioek ez diote biderik eman nahi euskal eskola publiko berriari"

“Gaur egun, Hego Euskal Herriko ikastetxeetan lege arrotzak aplikatzen ari dira, ratioak handitzen, murrizketak egiten, nahi ez dugun ebaluazio sistema ezartzen, bururik gabe sortutako makro-zentroak zabaltzen…”. Euskal Eskola Publiko Berriaren jaian, gogor mintzatu da Bego Bitorika Sortzeneko koordinatzailea.


2016-03-10 | ARGIA
Euskal eskola publikoaz hausnartzeko egitaraua osatu du Sortzenek

Maiatzaren 22an Hernanin egingo den Eskolharria aldarrikapen egunaren bueltan mahai-inguruak eta hitzaldiak izango dira eskola parte-hartzaileaz, hezkidetzaz eta hizkuntzen trataeraz.


2016-01-15 | ARGIA
Sortzen elkarteak hausnarketa eta aldarria uztartuko ditu bere 25. urteurrenean

Hernanin jaio zen Sortzen 1991n, eta herri hartan jarriko dute ikasturte osoko ibilbidearen mugarria, maiatzaren 22an EskolHarria, biharko herria lemapean egingo den aldarrikapen egunarekin.


2015-11-02 | ARGIA
Armadaren gonbidapenak ikastetxeetara ez iristeko eskatu du Sortzenek

Batallon Americak gonbidapena luzatu die Nafarroako hainbat eskolei, armada ezagutu dezaten; Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak "legala" dela dio.


2015-06-09 | Topatu.eus
"Proba bidegabe eta arrotzen" kontra mobilizazioak deitu dituzte hezkuntzako eragileek

Hezkuntza eredu propioa defenditu eta hezkuntza komunitatearekin egungo ereduaren inguruko eztabaida “zabala eta argia” martxan jartzeko eskatu diote Ikasle Abertzaleak, Steilas, LAB eta Sortzenek Hezkuntza Departamentuari.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude