Gertaeren arrantzan

1615eko udan, Agirreko Pedro, Telleriko Esteban eta Villafrancako Martinen agindupean, hiru euskal baleontzi Islandiako kostan lehorreratu ziren. Martin zen, 27 urterekin, kapitain gazteena eta ahoberoena. Ezagunak ziren bere ausardia eta ehizarako trebezia ere. Bueltako bidaiari ekitera zihoazela, itsaso zakarrak euskal baleontziak hondoratu zituen. Uda bitartean ehiza oparoak bertako nekazari eta abeltzainekin hartueman ona ahalbidetu zuen arren, udazkenak hotza ekarri zuen. Hotzak gosea eta goseak bertakoekin liskarrak: elkartrukea egitetik elkarri lapurtzera pasa ziren marinel eta artzainak, eta negua iritsi baino lehen abentura tragedia bihurtu zen.

Euskal balezaleen triskantza duela ia laurehun urte jazo zen hilketa ikertzea helburu duen dokumentala da. Txuri eta beltzik gabeko istorio bat, zuria esateko hamaika hitz dituen herrian. Nortzuk ziren baleazale haiek? Non daude hondoraturik haien ontziak? Nola bizi izan zituzten azken egunak erasotzaileengandik ihesi? Euren azken ibilbidea berreginez, datu historikoak aztertuz eta ontzien bilaketarako urpeko miaketen bidez, galdera horiei erantzuna ematen saiatuko dira.

Dokumentalak elkarrekin korapilatuko diren bi hari jarraituko ditu: batetik, historian murgilduko diren ikertzaileen bilaketaren historia. Ander Arrese eta Beñat Iturrioz arkeologoak, eta Eñaut Tolosa dokumentalgilea, Islandiara abiatuko dira euskal baleazaleen aztarnen bila. Bertan, bale arrantzaleek hil aurreko azken egunetan egin zuten bidea jarraitu, urperatutako ontziak bilatu, baleazaleen aztarna arkeologikoak topatzen saiatu, dokumentuak miatu eta bertako adituekin elkarrizketak izango dituzte: arrantzaleak, arkeologoak, hizkuntzalariak, etnografoak, urpekariak.

Bestetik, gertaera historikoaren narrazioa marrazki bizidun-animazio bidez irudikatu dute.

Pertsonaia historikoak

Villafancako Martin, kapitaina. Donostiarra zen. Beste kapitain bat ordezkatzeko izendatu zuten eta horregatik ez zuen eskifaiaren onespenik. Ausarta eta arpoiarekin oso trebea omen zen. Zorigaiztoko udazken horren atarian, 1615eko irailaren 19an, Jon Grimsson Árneseko apaizarekin tratu baten bueltan eztabaida izan zuen eta lepotik zintzilikatuko zuela mehatxu egin zion Martinek. Zenbaitek diote gertaera horrek piztu zuela euskaldunen kontrako ehiza.

Ari Magnusson, sheriffa. Familia onekoa. Berak eman zien euskaldunei islandiar uretan ehiza egiteko baimena eta bera izan zen heriotzara zigortu eta haiek harrapatzeko tropa antolatu zuena. Beharbada arrantza egiteko baimena eman izana ezkutatzeko asmoz.

Jon “Laerdi” Gudmunsson, pentsalari autodidakta eta aztia. Jazotakoaren narratzaile fidagarriena. Berak egin zuen gertaeren irakurketa kritikoa bere herrikideen portaera ankerra dudan jarriz.

Peter, pilotua. Martinen itsasontzian agintean bigarrena, ez zen bere kapitainaz fio. Jon Laerdi eta Peter lagun on izatera iritsi ziren, komunikazio oso oinarrizko baten bidez. Bidaiak amaiera tragikoa izango zuela asmatu zuen.

Euskal balezaleen triskantza

GOGOAN ekoiztetxeak eta SUHAR arkeologiak elkarlanean aurkezten duten proiektua. Duela 400 urte Islandian erail zituzten 32 euskal bale arrantzaleen historiaren oroitzapena eta zabalkundea jorratzen ditu.

Dokumentala ikusgai:

Maiatzak 23: Deba. 19:00etan, Kultur Etxean.

Maiatzak 25: Mutriku. 19:00etan, Kultur Etxean.

Maiatzak 26: Zumaia. 19:00etan, Kultur Etxean.

Maiatzak 27: Beasain. 19:00etan, Usurbe Antzokian.

Ekainak 7: Donostia. 19:00etan, San Telmo Museoan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikus-entzunezkoak
2024-03-24 | Lander Arretxea
Musika iruditan (I)
Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko... [+]


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


2024-02-02 | Sustatu
Wikiflex: Wikipediaren filmoteka, streaming modura

Wikiflex da Wikipediako Netflix moduko bat. Entziklopedia libre globalaren multimedia atalean, Wikimedia Commons-en, hainbat ikus-entzunezko material daude, eskubidez libre izatera pasatu diren film asko barne. Programatzaile batek, Magnus Manke alemanak, horien... [+]


2024-01-23 | Leire Artola Arin
Zine emanaldien %1 baino gutxiago izan da euskaraz 2023an

Jatorriz euskaraz diren soilik lau film estreinatu dituzte Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan; gaztelerazkoak 564 izan dira. Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak neurriak hartzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako... [+]


Eguneraketa berriak daude