Espainiako Kanpo Harremanetarako ministroak dio “austeritatearekin pasa” egin direla. Orain erraza da esatea, Troikak berak onartu baitzuen, eta Espainiako Estatua haren morroia da. Europako Banku Zentralak, Europako Batzordeak eta Nazioarteko Diru Funtsak osaturik, Troikak bere helburu ekonomikoak bete ditu, baina kostu sozial ikaragarria eraginez. Horixe da Europako hainbat txosten ofizialetan ageri den ondorioetako bat. Zor subiranoa ez ordaintzea eragotzi dute, baita defizit mugaren helburuak betetzea ere, eta Espainiako banku sistemarengan konfiantza berreskuratzea lortu dute. Erreskate horren kostu soziala, aldiz, “gehiegizkoa eta zoritxarrekoa” izan da, azaldu dute zinikoki. Txosten horietan “atsekabea” agertu dute: osasungintzan murrizketak izan direlako, diru-sarreren banaketan desoreka eragin duelako eta pobrezia izugarri handitu eta etxegabetzeen olatu bat egon delako, baita inbertitzaile txikiak kaltetuak izan direlako ere.
Orain, Troikak Espainiari exigitu dio beste 9.000 milioi euro murrizteko, eta beti bezala langile eta herritarren bizkar izango da. Egungo kapitalismoaren interesen kudeatzaile den neurrian, banku eta multinazional handiak ordezkatzen dituen Troikak barre egiten du herritarren kontura, basakeria sozial berarekin ari den bitartean. Davoseko mundu foro kapitalistan zenbaitek ohartarazi zuen doikuntza politikek ezegonkortasun soziala areagotu zezaketela (grebak, manifestazioak, okupazioak...). Baina badakite erresistentzia eskasa eta isolatua dela oraingoz. Harresi antikapitalista indartsu eta solidarioa parean aurkitzen ez duten bitartean, jarraituko dute euren politika antisozialekin.