Urtxintxa

Aisialdia desprogramatzen

  • Jakina da: jolasa eta aisialdia bitarteko ezin hobeak dira balioetan hezteko eta hazteko. Baina nola egiten da hori praktikan? Aurreiritziak alboratu, eskema zaharrak gainditu eta erronka berrietan murgildu dira azken urteotan begirale eta hezitzaileak. Etengabeko trebakuntza da gakoa, Bizkaiko Urtxintxa Eskola aisialdi taldeko hezitzaileek kontatu digutenez.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2016ko maiatzaren 15a
Irudian, Tertangako aterpetxea (Araban). Besteak beste, jolas-gunea haurrekin batera planifikatu eta eraiki dute bertan. Argazkia: URTXINTXA
Irudian, Tertangako aterpetxea (Araban). Besteak beste, jolas-gunea haurrekin batera planifikatu eta eraiki dute bertan.

30 urte bete ditu Urtxintxak eta hiru hamarkadatan gauzak asko aldatu al diren galdetu diegu solaskideei. Garai batean, aisialdiak hezkuntza formalaren esparrua erreproduzitzera jotzen zuela kontatu digute, hezitzaileen artean zaintzaile papera nagusitzen zela, eta urteekin helburutan eta balioetan lanketa handia egin dela. Azken boladan, esaterako, parte-hartzea da gehien eragin duen arloa: jarduteko modua irauli du, haur eta gazteekin batera denon parte-hartzetik sortutako aisialdia da oinarria eta horri erantzuten jakiteko formatzen ari dira hezitzaileak. “Lehen, saioa programatu egiten genuen, landu nahi genituen balioen arabera hautatzen genituen jolasak; orain desprogramatu egin behar dugu, parte hartuko dugun guztiok elkarlanean antolatzen dugu saioa eta gure rola aldatu egin da”. Asanblada da abiapuntua, adinaren eta taldearen arabera oso ezberdina izan daitekeena, eta egunetik egunera hezitzaileak eurak ere ikasten ari direla azaldu digute Eñaut Aiartzaguena Bravo, Iraide Baskaran Uranga, Ainhoa Muerza Molina eta Julene Onaindia Garciak.

Feminismoa, aniztasuna, euskara… lantzeko teknikak
Ainhoa Muerza:
“Jolas bera izan daiteke oso sexista edo ez sexista, planteatzen dugun moduaren arabera. Hori aintzat hartzea eta jolasari buelta bat ematea da gakoa”

Feminismoa edo hezkidetza, kultur artekotasuna, euskara eta aniztasun funtzionala dira Urtxintxan lantzen dituzten balio nagusiak. Gai horietan etengabe trebatzea eta esku-hartzerakoan ikasitakoa aplikatzea da gakoa, probatzen joatea, baita hezitzaileen artean aliantzak bilatzea ere, taldean aritzea garrantzitsua dela baitiote. “Balioak lantzeko jolasak moldatu egiten ditugu –dio Ainhoa Muerzak–, jolas bera izan daitekeelako oso sexista edo ez sexista, planteatzen dugun moduaren arabera. Hori aintzat hartzea eta jolasari buelta bat ematea da funtsa”. Alegia, zirrikituak bilatzea, jolasen bidez balio ezberdinak lantzeko. Adibidez, Banderen jolasean talde bakoitzak bere bandera defendatu eta besteena lapurtu behar du, elkarren kontra lehiatuz; bada, egun batean erabaki zuten taldekide guztiak batuta aritzea, pixkanaka gainerako taldeekin aliantzak eginez, eta une batean denak bihurtu ziren aliatu, denek irabazi zuten jolasa.

Euskara da, Eñaut Aiartzaguenaren hitzetan, gairik zailenetakoa: “Lehen, agindua ateratzen zitzaigun, ‘egin euskaraz’, eta sarri kontrako efektua eragiten genuen; esperientziatik ikusi dugu eraginkorragoa dela esaterako umeak edo gazteak gaztelaniaz ari diren solasaldian sartu eta euskaraz eustea, eurak pixkanaka ‘kutsatzeko’”.

Hezkidetzari lotuta, estereotipoak apurtzeko eta emozioak lantzeko dinamika burutu zuten udalekuetan: 10-13 urteko gazteak lurrean eseri ziren, begiak itxita eta musika lasaiak girotuta, eta hezitzaileek belarrira goxo-goxo gauza politak esan zizkieten, laztanen bat egin zieten… inor deseroso sentiarazi gabe. “Mutilak uzkurrago egon ziren hasieran, baina hara gure sorpresa, hurrengo egunean gaztetxoek eurek proposatu ziguten guri berdina egitea”.

Eñaut Aiartzaguena:
“Bainujantzia umeekin batera aldatzea eta biluztea erabaki nuen. Lehenengo unean harritu egin ziren, ondoren naturaltasun osoz hartu zuten eta kito”

Biluztasuna gai arantzatsua dela gehitu du Aiartzaguenak: “Udalekuetan, hondartzan bainujantzia aldatzeko unea esaterako aukera aproposa da halakoak lantzeko, baina kontrako mezua ematen dugu, umeei bertan aldatzeko eskatu eta hezitzaileak aldagelara txandaka joaten bagara. Dutxetan ere konplexuak azaleratzen dira adin jakinetan eta egoera hori kudeatu behar da. Ur-jolas batzuen ondoren erabaki nuen kanpoan umeekin batera aldatzea eta lehenengo momentuan harritu egin ziren, ondoren naturaltasun osoz hartu zuten eta kito”. Azken finean, eurei gauza bat eskatu eta norberak beste bat egitea kontraesankorra dela gaineratu du Iraide Baskaranek, hezitzaileek eredu izan behar dutelako: “Egia da udalekuetara iritsi eta bat-batean denak batera dutxatuko direla edo toallarik gabe aldatuko direla pentsatzea egoera bortxatzea izan daitekeela, horregatik da aurretik, txikitatik eta ikuspegi ugaritatik landu beharreko zerbait”.

Eredu eta aldi berean bat gehiago izatea, horra ondo orekatu beharreko balantza. Hezitzaileek argi dute taldean bat gehiago direla, baina ahaztu gabe balio batzuetan eta helburu batzuen arabera hezi nahi dituztela haurrak, eta horretarako eredu gisa ere ikusi behar dituztela. Adibidea jarri digute: palan mutilak baino ez badira ari, emakumezko hezitzailea haiekin jokatzen hastea da eredu izatea, ea neska gehiago animatzen diren.

Kezka eta sentimenduei hitzak jartzen
Julene Onaindia:
“Hasieran hezitzaileok deitzen genituen asanbladak, eta pixkanaka haurrak hasi ziren ardura hori hartzen. Ume batek jarrera homofoboak jasan zituen eta asanblada deitu zuen bere sentimenduak plazaratzeko”

Berriketa eta eztabaida uneak ere aukera ederra dira, gai ugari lantzeko. Gaztelekuan, solasaldi eta gogoetak ia egunero izaten dituztela kontatu digu Muerzak. Adinaren, bizipenen eta kezken arabera, eurek planteatzen dituzte gaiak. “Duela gutxi transexualitateari buruz galdezka hasi ziren, eta horretaz hitz egiteko aprobetxatu genuen”. Edozein aitzakia ona da, gaineratu du Aiartzaguenak: “Txango batean galdetzen badidate ea neska-laguna dudan, erantzungo diet mutil-laguna dudala, modu ahalik eta naturalenean halako gaiak mahai gainean jartzeko”. Asanbladak ere interesatzen eta arduratzen dituenaz mintzatzeko abagunea direla gogoratu du Julene Onaindiak: “Gure esperientzia da apurka-apurka irekitzen joaten direla haur eta gazteak. Auzolandegietan gertatu zitzaigun hasieran hezitzaileok deitzen genituela asanbladak, eta pixkanaka eurak hasi zirela ardura hori hartzen. Txango batean haur bat txarto sentitu zen hainbatek harenganako jarrera homofoboa izan zutelako, eta ezohiko asanblada deitu zuen bere sentimenduak plazaratzeko. Konfiantza giroa sortzea funtsezkoa da, halakoak egin ahal izateko”. Bere burua horretarako bezain ahaldundua ikusten ez duenari ere, bestelako erreminta eta esparruak eskaintzen dizkiote, lagun edo hezitzaile jakin batekin hitz egitea kasu.

Etiketetatik haratago, gaitasunak ikusten jakin behar
Iraide Baskaran:
“Haurrei gauza bat eskatu eta guk beste bat egitea kontraesankorra da, eredu izan behar dugu”

Batzuetan nekagarria, batzuetan gogorra da hezitzailearen lana. Gurasoekin egon nahi baina gurasoak oporretara joan eta udalekuetara bidali duten seme-alaba negar eta negar gogoratzen du batek, senideengandik tratu txarrak jasaten zituena du buruan besteak, gain hartu zieten nerabeak… Baina batez ere, asetzen dituen lana da, aberasgarria, konfidentzia sakonak eta haur eta gazteen hazkuntzan une gazi-gozoak partekatzeko aukera eskaintzen diena. Baita besteengandik ikasteko parada ere. “Umeetako bat arroketara igo zen, errekara salto egiteko –kontatu digu Onaindiak–, eta aniztasun funtzionala duen beste batek jarraitu zion atzetik, down sindromeduna. Jaitsiaraztea izan zen nire lehenengo erreakzioa, baina ondoko hezitzaileak esan zidan, zergatik aurrekoari ez diogu ezer esan eta esango diogu honi? Ume indartsua eta autonomoa da, kapaza da. Eta bai, kapaza zen, oso salto polita egin zuen. Teoriatik praktikara jauzi egitea ez da erraza, mugak ditugu, erantzukizunak… Pertsonen atzean etiketak ikusten ditugu, eta etiketetatik harago, gaitasunak ikusten jakin behar dugu”. Hezitzaile idealik ez dagoela azpimarratu du, bakoitzak adjektibo eta ezaugarri ugari dituela, “eta osotasunean horrek ematen dio indarra taldeari, elkarren osagarri gara”.

Hezkuntza ez formala ez dago behar bezala baloratuta, diote, guraso batzuek umeen aparkaleku gisa erabiltzen dute oraindik. “Denetarik izan dugu –dio Aiartzaguenak–; proiektu batzuetan oso inplikatuta ikusi ditugu guraso, ikastetxe eta komunitateko eragile asko, eta beste batzuetan aldiz, batere interesik gabe. Pentsatu nahi dugu gure ekarpena, portzentaje txikian bada ere, ailegatzen dela familiara eta komunitatera”.

Ezker-eskuin: Iraide Baskaran, Ainhoa Muerza, Julene Onaindia eta Eñaut Aiartzaguena.

 

Urteurren koloretsua

Batez ere Bizkaian eta Araban aritzen da Urtxintxa, hezitzaile eta trebakuntza tailerrak eskaintzen, ikastetxeetako jolas-tokiak, gaztelekuak edota ludotekak dinamizatzen, familia edo eskolentzako saioak antolatzen, aholkularitza lanetan… Urtxintxa Eskolan egunerokoan 10 langile aritzen dira, baina Urtxintxa hiru zutaberen gainean sostengatzen da (Urtxintxa Eskola, Eragintza eta Emaisia emakume taldea) eta antolatutako ekimenetan parte hartzen duten hezitzaile, langile eta boluntario kopurua askoz handiagoa eta zehazgabeagoa da. Baliabide eta produktuak ere sortzen dituzte (jolasak, ipuinak, puzzleak, koadernoak…). Azkena, Euskal Herriko Damak jolas interaktiboa: mugikorretarako doako aplikazioa da eta dama jokoaren bidez Euskal Herriko emakume esanguratsu batzuk eta haien lorpen eta bizipenak ezagutaraztea du helburu.

30. urteurrenaren harira, bazkidetza kanpainan jarri dute indarra –egun, 40 urtxintxakide dituzte– eta bazkidetzarako eredu anitzak ere badituzte buruan, ekarpen ekonomikoaz gain bestelako ekarpenak kontuan hartuko dituzten bazkidetzak. Maiatzaren 13tik 15era jaia antolatu dute Tertangan, Urtxintxaz blai mundua koloretan lelopean. “Urtxintxarekin batera denon artean zuri-beltzezko mundu hau balioen kolorez margotzen jarrai dezagun”.


aisia kanaletik interesatuko zaizu...
Bai, jostailu-katalogo ez sexistak egin daitezke

Neskentzat panpinak, sukaldeak eta arrosa koloreko jostailuak; mutilentzat autoak, super-heroiak eta urdina. Hori da ohikoena Gabonetako jostailu-katalogoetan, baina ToyPlanetek genero rolak nahastea erabaki du aurtengo katalogoan: jendeak egindako presioak ahalbidetu du konpainiak kontzientzia hartzea, aitortu dutenez.


2017-10-03 | ARGIA
Jolas kooperatiboak, sukaldaritza tailerra eta Nendo Dango Argia Egunean

Haur eta helduentzako jolas hezitzaileek hartuko dute kalea aurten ere Argia Egunean, larunbat honetan bertan Gasteizko alde zaharrean. Eguerdiko 12etan ekingo diegu: batetik, jolas kooperatiboak (Etxauri plazan edo Landatxo gunean), bereziki 6-10 urte bitartekoak buruan, eta bestetik sukaldaritza-tailerra (Landatxoko sukaldean), 2-14 urtekoentzat aproposa.


Posturak

Etxean entzuna dut txikitatik: “Jokoa ez da errenta”. Amamak historia beldurgarriak kontatzen zizkigun posturen gainean; frontoian baserria jokatu zuen gizonarena, adibidez. Beti imajinatzen nuen gizona etxera itzultzen, emazte eta seme-alabei esaten bizilekua abandonatu behar zutela. Gurdi gainean ihesi, lau trepetxu eta piltzar batzuk jasota irudikatzen nituen nire buruan, film negar-eragile askotxo ikustearen ondorioz. Baina beti jartzen nintzen andre horren larruan, zein latza... [+]


Bestelako jolas-parkeen Euskal Herriko gida aurkeztu dute

Jolaserako espazioen Euskal Herriko gida da jolasparkeak.eus. “Patroi berdina erabiliz eraiki diren jolas-parkeak” saihestu eta bestelako ereduak biltzeko asmoz, jolasguneen mapa osatzen joatea da helburua.


Umeek orube bat konkistatu eta jolas-parke bihurtu zutenekoa

Erabili gabeko orube publiko eta itxia izan da hogei urtez, Madril erdialdean, harik eta haurrek eremua okupatu eta jolasteko gune ezin hobe bihurtu duten arte. Arkitekto, diseinatzaile eta pentsalari taldea auzokideekin batera eremu horretan zer egin eztabaidatzen ari zirelarik, konturatu ziren umeak eurak, planifikaziorik gabe, gunea transformatzen ari zirela jada, jolastuz, esploratuz, bertako baliabideak baliatuz.


"Haurrarentzat erronka izan behar du jolas-parkeak"

Jolas-parke uniforme, gris, gatzgabeetara ohituegi gaude, orijinaltasun gutxiz eraikiak, segurtasunak obsesionatuta. Oso bestelakoak dira Monstrum enpresarenak: helburua, “umearen sormenarentzat eta psikomotrizitatearentzat erronka izango diren jolas-parkeak” diseinatzea.


2017-05-10 | ARGIA
Natura, kultura eta gogoeta uztartu nahi ditu Udabidaia Ibiltariak

Ingurumena eta euskal kultura oinarri dituen udaleku bereziak antolatu ditu Edukhazi ekimenak: Udabidaia Ibiltaria. Hondarribitik Debara Gipuzkoako kostaldea zeharkatzearekin batera, gazteek egungo eta etorkizuneko erronka handiez gogoetatzea da helburua.


2015-12-11 | Euskal Udalekuak
Kate begiak
MULTIMEDIA - dokumentala

Goñiko udalekuaren 30 urteko ibilbidean lanean aritutako eta egun ari direnen testigantzak, sentipenak eta hausnarketak bildu dituzte lan honetan.

Data: 2010eko apirila
Creative Commons lizentziapean banatua.


2015-11-25 | ARGIA
Euskal Herriko zazpi lurralde, karta jokoan batuta

Euskal Herriko VIII. Mus txapelketa 250 herritan jokatuko da eta 2.000 bikotetik gora ariko dira. 2009an jaio zen ekimena “herri gisa aritzeko eta lotzeko”. Urdiñarben izango da finala 2016ko martxoaren 5ean.


"Umeek gero eta zailagoa dute aire zabalean jolastea, eta horretara animatu nahi ditugu"

Aire zabalean askatasunez jolastearen onurak modu dibertigarrian islatzea, Yoko eta lagunak filmaren helburua. Azaroaren 13an estreinatuko dute zine-aretoetan Juanjo Elordik eta Rishat Gilmetdinov errusiarrak zuzenduriko animazio-lana.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude