Errepidean elkartasunari Mirentxin esaten zaio

  • Ostiral arratsaldea da, eta Kordobako espetxerako bidea errepasatzen dihardute Amaia Urkitzak eta Maider Huertak. Mirentxin Gidariak boluntario sareko bi kide durangarrek 20:00etan finkatu dute hitzordua herriko tabernan, kafesne bana hartu eta bideari ekiteko. Urtean birritan errepikatzen dute eszena. 

Argazkia: Iker Oñate
Argazkia: Iker Oñate

AP-8, AP-68 edo M-40 ez dira formula matematikoak, Mirentxineko kideek astero ebatzi beharreko problemak baizik. “Lehenengo AP-8a hartu behar dugu, ostera AP-68a...”. Bederatzi furgoneta eta hamahiru taldetan banaturiko 850 gidari inguruk osatzen dute Mirentxin. Taldearen elkartasun sarea, baina, ez da hor amaitzen. Ezin daitezke ahantzi furgoneten mantenuaz eta bidaien koordinazioaz arduratzen direnak. Sare handia, presoen senide eta lagunen zerbitzura; bidaia luzeak “laburtzea” beren xedea. 1999ko urrian sortu zenetik, boluntario sarea zabaltzen dihardu Mirentxinek. Elkartasuna ardatz.  

Abadiñoko Matiena auzoan hitzartu dute lehen parada, Isidro Gabirondo dute zain, Ibon Muñoa euskal presoaren laguna. 20:25 adierazten du ordulariak, eta Matienako San Blas ostatura abiatu da furgoneta gorria. Gaua ate joka. “Ai, argia! Nire autoan bere kabuz pizten da eta!”, dio Maider Huertak. Berak egingo ditu ibilbideko lehen kilometroak.

Furgoneta Matienara heldu berri, esku balazta eragin du gidariak. Gabirondo tabernako mahai batean dago eserita, bideari ekiteko prest. Bidaiari bat gehiago Bilborako bidean: Kordobako ziegetan dauden lau euskal presoren senide eta lagunak dituzte zain Atxurin. Berandu doaz. Kezkaturik. “Familiak urduri jartzen hasiak izango dira”, esan du Urkitza boluntarioak.

Bilbon barrena doa furgoneta; aurreikuspenek kale egin, eta Atxurira heltzean lehen arazoa: ez dago denentzat lekurik. Urduritasuna areagotu da gidarien artean. “Arazoren bat gertatzen bada, urduri jartzen zara. Presoen senide eta lagunak garaiz eraman nahi dituzu espetxera, bisita gal ez dezaten”, adierazi du Huertak. Baina arazoa ez da horren larria. Jon Kepa Preciado presoaren lagunek badute irtenbiderik; Iraia Urraca eta Asier Gomez autoan joango dira Lopidako (Araba) zerbitzugunera. Durangarrak bertan elkartu dira Kordobara doan bigarren furgonetarekin. Lau gidari eta bi furgoneta, 818 kilometro egiteko prest.

Mirentxineko furgoneta orok egin beharreko geralekua da Lopida eta hori nabari da zerbitzuguneko tabernan. Bidean jaso ezin badituzte, boluntarioak bertan elkartzen dira presoen senide eta lagunekin. Espetxetara doazenek albo batean dituzte pilaturik kartzelarako poltsa koadrodunak, motxilak... Kanpoan, berriz, lau furgoneta. “Gaur gidari lanak egitea dagokigu”, dio Murtziara doan gidari oñatiarrak. Elkartasun izpiak Lopidako gau ilunean. Kordobara doan bigarren furgoneta ere bertan da; Maritxu Arostegi eta Joseba Agirrezabala dira gidariak, eta Igor Porturi bisitan doan Ilargi Iraizoz izan dute bidelagun Egia (Donostia) eta Lopida bitartean.

Bederatzi furgoneta eta hamahiru taldetan banaturiko 850 gidari inguruk osatzen dute Mirentxin

Ordu erdiz Lopidan afaltzeko tartea izan ostean, 22:30 ordularian eta bidaiarekin jarraitzeko unea. Zortzi pertsona doaz Kordobara bisitan, bi furgonetetan. Zortzi ordu dituzte aurretik; eroso jartzea beharrezkoa da. Furgonetaren atzealdean doazen hirurek horizontalean jarri dute eserlekua. Dena prest dute lokartzeko. Hastera doa terapia. “Mirentxinekin bidaiatzea terapia ere bada; denok gaude egoera berean eta gaitzari aurre egiten laguntzen du”, dio Xabin Usandizaga presoaren arreba Izaskunek.

Burgoserako noranzkoan doaz bi furgonetak. Ilargia lagun eta kamio amaiezinak aurretik. Hutsik dago errepidea, kamioiak eta garraiolarien furgonetak besterik ez; noizean behin, automobilen bat edo beste. Iparraldeko autobidean barrena, Tijuana in Blue taldearen abestia, “Qué haces tú? Qué haces tú? Que no bailas con Tijuana in Blue?”. Musika bizia, dantzagarria, loaren tentazioari aurre egiteko.

Bidaiariak lokartu dira. Gidarien noizean behineko hizketaldiek eta musikak besterik ez dute furgonetako isiltasuna apurtzen; tarteka, zurrunga ahulen bat.

Maider Huertak eta Amaia Urkitzak 2014an erabaki zuten Mirentxineko kide izatea. “Jende beharra zegoela esan zidaten; Amaiari bikote gisa sartzea proposatu nion eta baietz esan zidan”, dio Huertak. Ordutik, urtean birritan bisitatzen dituzte espetxeak. Hiru espetxe ezagutu dituzte orain arte. Presoen egoera aldatuz doa urtez urte eta horrekin batera, senide eta lagunen beharrak; presoak lekualda ditzakete, esaterako. Momentuan momentuko egoerara moldatu behar izaten du Mirentxinek. Gaur-gaurkoz, 370 presotik gora daude Espainiako eta Frantziako estatuetako 71 espetxetan sakabanatuta (2016ko apirilaren 27ko datua).

Lopidatik irten direnetik hiru ordu eta erdi igaro direnean, Madrilgo errepidean barrena doaz furgonetak. Joaneko bide erdia dute egina; oraingoz, aparteko arazorik ez. Joseba Agirrezabalak badaki zer den arazo mekanikoek eraginda bide ertzean gelditu behar izatea. “Duela zenbait urte, Alacantera gindoazela, furgoneta matxuratu zen. Ez genekien non geunden. Aseguru etxera deitu eta taxi bat bidali ziguten. Espetxera joatea erabaki genuen, nola itzuli jakin gabe. Espetxera heltzea da garrantzitsuena, senide eta lagunek presoa bisita dezaten”, dio.

Errespetu handia diote errepideari, 1982tik hamasei baitira bidean bizitza galdu duten senide eta lagunak

Kilometro asko, espetxe ugari eta bidaia anitz; bederatzi furgoneten asteroko errutina. Horrek, noski, astez asteko mantenua izatera behartzen ditu eta tarteka, zenbait pieza konpondu behar izaten zaizkie. Finean, gastuak. Senide eta lagunak dira, Mirentxineko boluntarioekin batera, gastu horiei aurre egiten dietenak. Urtean zehar dirua biltzeko zenbait ekimen abiatzen dituzte.

4:20 ordularian. 223 kilometro Kordobara iristeko. Arazorik izan ezean, presoen senide eta lagunak garaiz iritsiko dira bisitara. Izaskun Usandizagak eta Jose Martínezek 8:00etan egon behar dute bertan, vis a visa eskaini baitiote Xabin Usandizaga presoari; urte bat daroate elkar ikusi gabe. Ilargi Iraizozek ere vis a visa du Igor Porturekin. Gainerakoek 9:00etan egon behar dute espetxean, egin beharreko kontrolak egin, eta 10:00etan presoari bisita egiteko.

Furgonetak garaiz doaz. 6:30 ordularian eta Pedro Abad herrira irisi berri dira; bertan egingo dute lo Mirentxineko gidariek, Macami ostatuan. Lotarako beharrezko dutena hartu eta badoaz ostatu barnera. Nekea nabari da beren begietan.

Bisita aurretik, urduritasuna

Espetxetik 20 kilometrora dago Pedro Abad. Lander Fernandezek, Jon Kepa Preciadoren lagunak, eramango du furgoneta espetxera. Fernandez ere preso egon zen; Estremeran (Madrid VII) ezagutu zuen Preciado 2013an. “Barruan egon garenon bisita ere eskertzen du presoak, badakigulako zer den hor egotea”, dio. Lehen ez bezala, egun preso ohiei ere bisitak onartzen dizkiete.

Halako batean, “Salida al centro penitenciario” dioen seinalea bide ertzean. “Begira, hortxe dago espetxea”, dio Fernanedezek. Errepidetik ikus daiteke presondegia. Gau ilunean, fokuz beteriko eraikinak. Aurpegia aldatu zaio Fernandezi, sentimendu nahasiak bere barrenean.

7:00ak jotzeke, Kordobako espetxetik kilometro eskasera dagoen zerbitzugunean gosaltzea erabaki dute senide eta lagunek. Zukua, kafea eta tostada artean, kirolaz, politikaz edo aspaldiko anekdotez ari dira. Edozerk balio du bisitak sortzen duen tentsioari aurre egiteko. Hala ere, zaila une batez bisitaz ahaztea; eta ezinezkoa, beharbada, zerbitzuguneko aparkalekutik espetxea ikus daitekeela kontuan izanda. Motorzale bat lurrean lo, Guardia Zibilak goizeko kafea edaten, tabernako langileak iristen...

Urte luzez Malagako espetxera anaiari bisitan egin behar izan dituen bidaiak ekarri ditu gogora Isidro Gabirondok. “Irunetik Malagara zihoan autobus pirata zegoen, tabernetan eta dendetan eros zitekeen txartela; horrela joaten nintzen Malagara 1989 eta 1992 bitartean”, azaldu du. Orduan, baina, bisitak 20 minutukoak ziren, presoek ez baitzuten bisitak pilatzerik. “Behin edo behin hamar minutuko bisitarako ere joan izan naiz Malagara, anaiari zigorra jartzen ziotenean”, gaineratu du. Juan Maria Gabirondo preso ohiaren anaia da Isidro Gabirondo.

Izaskun Usandizaga, presoaren senidea: “Mirentxinekin bidaiatzea terapia ere bada,
gaitzari aurre egiten laguntzen du”

Mirentxinek senide eta lagunei egiten dien ekarpena ere presente dago hizketaldian. Esker on hitzak besterik ez. “Guk asko zor diogu Mirentxini. Izugarria da etxetik irten, furgonetan sartu eta bidaiak eragiten duen kezka saihestea”, adierazi du Gabirondok. “Bisitaz gozatzeko aukera eskaintzen du Mirentxinek; bisitara nekatuta heltzen zara bestela”, gaineratu du Fernandezek.

Presoen senide eta lagunek 9:00etan egon behar dute presondegian. Baina urduritasuna gailendu, eta espetxerantz abiatzea erabaki dute. 8:25 ordularian. Hastear da presoa bisitatzeko igaro beharreko kontrol sorta. Presondegiko aparkalekuan daude bi furgonetak. Presoei megafono bidez helaraziriko oharrak, senide eta lagunak hesiaren bestaldera –barrura– begira... Finean, espetxe atariko giroa.

Kristalaren bi aldeak

9:00etan igaro behar dute lehen kontrola: izena ematearekin batera, hatz marka. Gero, ordubete itxaron behar dute bisita gelarantz abiatu aurretik. Buruari bueltak emateko denbora aski da ordubete. Zer esango diot? Nola agurtuko dut? ... “Behin barrura sartuta, pentsatuta zenuen guztia ahazten zaizu”, esan du Ander Robadorrek, Oskar Kalabozoren lagunak.

Bitartean, barruan daude Izaskun Usandizaga, Jose Martínez eta Ilargi Iraizoz, Xabin Usandizagarekin eta Igor Porturekin vis a visean. 9:00etan hasi dute bisita; presoarekin ordu eta erdiz egoteko aukera izango dute. Izaskun Usandizagak eta Jose Martínezek argazkiak eraman dituzte, baina kontrolean ez diete guztiak sartzen utzi. “Gutun bidez bidaliko dizkiot gainerakoak”, esan du Usandizagak.

Kartzelako langile batek barrura sartzeko dei egin die presoen senide eta lagunei. 9:50 ordularian. Bisita gelara bidean kontrol gehiago dituzte igarotzeke: metalen detektagailua eta hatz marka.

Azkenean, iritsi dira bisita gelara. Hastera doa. Patioko atea ireki dute, eta barrura sartzen hasi dira presoak; irrintzi egin du horietako batek. 40 minutuak hasi dira. Gauza asko kontatzeke. Atzera kontua.

Mirentxinen sustraiak

Mirentxin Gidariak izenaren jatorria ez da horren ezaguna. Mirentxin Aurrekoetxeak preso zuen senarra, Algecirasko espetxean; ez zuen bisitan joateko modurik. Egoeraz jabeturik, Aurrekoetxea eta haren bi alabak Algecirasko espetxera eramateko prest azaldu zen izenik eman nahi ez duen boluntarioa; oraindik ere Mirentxineko gidaria da. “Beren laguntza jaso izan ez bagenu, bisita gutxi jasoko zukeen nire aitak”, dio Mirentxin Aurrekoetxearen alaba Araide Legarreta-Etxebarriak. Denborarekin, lagun sare bat sortu, eta Euskal Herrira jauzi egitea erabaki zuten. Mirentxin Gidariak bataiatu zuten proiektua. “Duela urte batzuk nire familia laguntzeko sorturiko ekimenak senide eta lagun askoren egoera arintzeko balio duela ikusteak hunkitu egiten nau”, azaldu du.

Maider Huerta, boluntarioa:
“Presoen senide eta lagunak garaiz eraman nahi dituzu espetxera, bisita gal ez dezaten”

Baina bisita orok du amaiera. 47 minutu izan dituzte presoarekin hitz egiteko, eta jada irten beharra dute. Hori bai, bueltako bidea hartu arretik, vis a visean daudenak itxaron behar dituzte; 11:30etan irtengo dira. Bisitatik irtenda, ba, espetxeko atarian daude, 47 minutu horietan bizi izandakoaz hitz egiten: nola doakien, zertan diharduten ... Taxi gidari bat gerturatu zaie halako batean. Enrique Heredia, Kordobako espetxera bisitan doan euskal herritar orok deitzen duen taxi gidaria. Presoen senide eta lagun ugari ezagutzen du eta konfiantza aski du beraiekin. Gabirondori, esaterako, Eibar futbol taldearen inguruan hasi zaio hizketan. “Azkenean ez zinen Eibar eta Kordobaren arteko norgehiagoka ikustera etorri!”, erantzun dio Gabirondok. Irteten hasi dira vis a visekoak.

12:00ak iristear, Mirentxineko gidariak batzeko ordua. Ostatu kanpoan daude, mahai batean eserita, gosaltzen. Presoen senide eta lagunak beraiekin eseri dira, bidaia hasi aurretiko azken otordua egiteko. Bermuta, kaña edo kafea, txigorki eta txokoen laguntzarekin. Hizketaldiak, irriak eta tarteka, elkarren arteko isekak. Betidanik elkar ezagutzen duen lagun taldea dirudi. Gustura daude, baina bueltako bideari ekin beharra diote, berandutu egingo zaie bestela. Oraindik ordu asko dute egiteke.

Etxera buelta

Bi furgoneta Espainiako errepideetan barrena, etxera lehenbailehen iritsi nahian. Ordulariari begiradak. Madrilen sekulako ongi etorria: euria barra-barra eta trafiko izugarria. M-30 errepidea hartzea erabaki dute gidariek, bidea laburragoa delakoan. “Laburragoa bai, baina arriskutsuagoa”, esan die Gabirondok. Errespetu handia diote errepideari, 1982tik hamasei baitira bidean bizitza galdu duten senide eta lagunak. Istripua ezin daiteke aurreikusi.

Nekea nabari da senide eta lagunen begietan. Ordu asko errepidean. Ordulariak 22:00 adierazten duenean, Bilbon da furgoneta gorria. Abandoko metro geltokiaren alboan utzi ditu bidaiariak. Bakoitza bere aldetik joateko ordua; hurrengo bidaian ikusiko dute elkar. Dena den, urtean zehar badituzte hitzorduak elkarrekin egoteko. “Mila esker neskak. Izugarria da egiten duzuena, inoiz ezin izango dizuegu ordaindu”, eskertu die Usandizagak adio esan aurretik.

Amaitzen ari da gidarien elkartasun asteburua. Durangora bidean doaz, senide eta lagunen esker on hitzekin hunkituta. Badakite sei presoren bisita ahalbidetu dutela, beraiengatik izan ez balitz, beharbada Kordobara bidaiatu duten zortzi senide eta lagunek ezingo luketela bisitan joan.

Nekaturik, baina indarberrituta daude gidariak, ematen dutena baino gehiago jasotzen dutenaren sentsazioaz. Eman eta jaso. Larunbata da, 23:30 ordularian; eta Durangon da furgoneta. Amaitu dute 27 orduko bidaia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sakabanaketa
2023-12-07 | Ahotsa.info
Karmele Solaguren sakabanaketa politikaren biktima gogoratu dute Barañainen

Bere heriotzaren 19. urteurrenean, Karmele Solaguren gogoratu dute bere omenez herrian jarritako monolitoaren aurrean. Solaguren kotxe istripu batean hil zen, bere semea Ekain Gerra Madrilgo espetxe batera bisitatzera egindako bidai batean. Solaguren bezalako biktimen aitortza... [+]


Sara Fernandez preso politikoen senidea biktima gisa aitortzea eskatu dute

“Sara gogoan” plataformak preso politikoen senidea motibazio politikoko “biktima gisa” ofizialki aitortzeko beharrezkoak diren mekanismoak antolatzeko eskatu die Nafarroako erakunde nagusiei. Hura omentzeko memoria ekitaldia egingo dute azaroaren 28an.


2023-07-28 | Ilargi Manzanares
Hondartzetara eramango dute presoen eskubideen aldeko aldarria abuztuaren 6an

Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko hamabost hondartzetan antolatu ditu mobilizazioak Etxeratek, Etxera lelopean.


Pili eta Fontsoren aitortza beharra aldarrikatu dute Laudion

Elkarretaratzea egin dute larunbata eguerdian Laudioko Herriko plazan, Pili Arsuaga eta Fontso Isasiren heriotzaren 33. urteurrena dela eta. Bi bizilagunak 1990ko uztailaren 1ean zendu ziren, Maribi Ramila euskal preso politikoa bisitatzera zihoazela izandako trafiko istripuan... [+]


2023-04-30 | Mati Iturralde
Hogeita hamalau urte igaro eta gero

Pasa den martxoaren 25ean ofizialki bukatu zen euskal presoen sakabanatzea. El Paíseko lerroburuaren arabera, "34 urte igaro eta gero, Espainiako Barne Ministerioak amaiera eman dio ETAko presoen sakabanatzeari". Euskal Herriko komunikabideek ere dataren berri... [+]


Eguneraketa berriak daude