Gatika

Herri euskalduna erdalduntzearen arrazoiak aztertzen

  • 90eko hamarkadan Gatika (Bizkaia) erakargarri bihurtu zen askorentzat eta saldu egin ziren sasoi hartan egindako etxe guztiak. Aldi berean, euskararen erabilera %90etik %71ra jaitsi zen. Ia beste 300 etxe aurreikusten dituzte, eta hizkuntzan izan dezakeen eraginari aurre egiteko pentsatzen hasteko ordua da, eskura lehen baino tresna gehiago baitaude, tartean, Udal Legearen 7. artikulua.

Marijo Deogracias
2016ko maiatzaren 15a
Gaur egun 1.660 biztanle ditu Gatikak, 1991n 912. Etxebizitza gehien 1994-2004 tartean egin zen. Argazkia: Iņigo Azkona
Gaur egun 1.660 biztanle ditu Gatikak, 1991n 912. Etxebizitza gehien 1994-2004 tartean egin zen. Argazkia: Iņigo Azkona

Imajinatzen duzue euskaraz hitz egiten jakitea ezinbesteko baldintza izatea Euskal Herriko bizilagun iraunkorra izateko? Åland uharteetan (Finlandia) suediera derrigorrezkoa da hango bizilagun iraunkorra izateko: bizileku eskubidea emateko ahalmena dauka uharteko gobernuak eta eskubide hori lortzeko suedieraz hitz egiteko gai izatea da hirugarren betekizuna. Adibide horixe, beste batzuen artean, aztertu zuten Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan, 2014an, hizkuntzaren arnasgunearen adibide adierazgarria delako onartu dituen hizkuntza babesteko legeei esker.

Hizkuntza babesteko asmoz ere, orain dela gutxi ezagutu dugu nola Galesko Bangor herrian, bertan behera laga duten 366 etxebizitza egiteko asmoa. Erabakia ez da era arbitrarioan hartu: hango Planifikazio Legea aldatu zutenetik, edozein hirigintza egitasmo baimentzeko ezinbestekoa da aldez aurretik aztertzea galeseran izan dezakeen eragina.

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) neurtzeko tresnaren hainbat esperientziaz aritu dira hirugarrenez egin diren Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan. UEUk, UEMAk, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kontseiluak elkarlanean antolatuta, maiatzaren 12an egin dira, Donostian, Oraina eta Geroa leloarekin.

Une egokian datoz jardunaldiak, Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen Udal Legeak beren-beregi jasotzen baitu honakoa: “Udal euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen proiektu edo plangintzak onesteko prozeduran, ekimen horiek euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez izan lezaketen inpaktua ebaluatuko da, eta ebaluazio horren emaitzen arabera egoki irizten zaizkien neurriak proposatuko dira”. Beraz, UEMAk azpimarratu bezala, “ELEri ere lege babesa eman zaio, hirigintza planek hizkuntzan izango luketen eragina aztertzeko beharra ezarriz”. Izan ere, lurraldea eta hizkuntza binomioaz aritzea hirigintzak euskararen erabileran duen inpaktuaz jardutea da. Ikusi baita, orain baino lehen, euskararen arnasgune gisa izendatu diren udalerriek zer nolako bilakaera izan duten, besteak beste, etxegintza masiboaren ondorioz: euskararen erabileraren jaitsiera –Iñaki Iurrebasok 2014an egindako udalerri euskaldunen bilakaeraren inguruko azterketak erakutsi zituen zenbakiak–. Jakina, datuak ez dira beti matematika zehatzak, baina egoera ulertzen laguntzen dute.

Gatika, herri euskalduna?

Iurrebasoren txostenean aipatzen zen adibideetako bat da Gatika. Mungiatik sei kilometrora, Uribe-Kosta eskualdean, herriguneak (Luberrietaondo urbanizazioa barne) eta bakarkako etxe eta baserriak dituzten sakabanatutako bederatzi auzok osatzen dute herria. 1.660 lagun inguru bizi dira. 2001ean, 1.295 ziren eta, 1991n, berriz, 912 (Eustat). Begi-bistakoa, bizilagunen hazkundea. Gorakadan zeresana izan du etxegintza prozesuak: 1991tik 2011ra bikoiztu egin ziren etxeak, 340tik 706 izatera igaro zen Gatika. Onintze Amezaga zinegotzi eta UEMAren zuzendaritza batzordekideak azaldu digunez, “1994-2004 hamarkadan egin zen etxebizitza kopuru handiena; gerora etxebizitza gehiago egin badira ere, ez da izan horrelako kopuruetan”.

Etxeak gora, euskara behera

Denboran bat egiten dute etxegintza prozesuak eta euskararen erabileraren beherakadak. Gatika UEMAn sartu zenean, 1991n, euskararen ezagutza %90ekoa zen. Aldiz, 2011n, %71ra jaitsita zegoen. EAEko 2012ko inkesta soziolinguistikoaren datuek diotenez, 4. gune soziolinguistikotik (biztanleriaren % 80 edo gehiago euskalduna) 3. gunera (% 50-80) jaitsi zen. Beraz, udalerri euskalduna izateko UEMAk ezarritako %70eko indizea ozta-ozta gainditzen du gaur egun Gatikak. Amezagak aitortzen duenez, “inkestek esaten digutenaren arabera, euskaldunen kopurua jaitsi da, baina datu mingarriena da, euskaldunak garenontzat, euskal hiztunen artean erabilera jaitsi dela”. Hala ere, “hirietatik pertsona erdaldunen etorrerak eragina izan badu ere, ez dut uste faktore bakarra izan denik. Egindako etxeetako asko gatikarrentzako etxebizitza-tasatuak izan ziren, eta salmenta libreko etxebizitza asko auzotarrek erosi zituzten”. Ildo berean mintzatu zaigu Jose Mari Markaide ere, udal zinegotzi eta euskalgintzan herrian ezaguna: “Beharrizana zegoelako egin ziren etxeak eta bai, hasierako fasean kanpotik etorri zen jende gehiena, baina bigarren eta hirugarren faseetan gatikarrak sartu ziren batez ere etxe berrietara”. Bere ustez, gaztelania gehiago berba egitea ez da etxe berriengatik bakarrik: “Uste dut gehiago dela guk, euskaldunok, ez dugulako euskaraz egiten. Egin kontu: jubilatuen etxean gehienak euskaldunak dira, baina gehien gaztelania entzuten da”.

Gatikan euskaraz egin daiteke

Joera hori aldarazteko asmoz, euskara biziberritzeko gogoeta prozesua egiten ibili da hainbat herritar, Topaguneak sustatuta. Gurasolagun programa abiaraztea erabaki dute, baita herriko komertzioetan eragingo duen taldea osatzea ere. Amezagak dioenez, “prozesuak indar berriak ematen dizkigu gatikarroi gure hizkuntzaren etorkizunean pentsatzeko”. Baina berretsi egiten du ez dela ahaztu behar “pertsona bakoitzak dugun ardura gai horretan, batzuetan errazena besteengan jartzea baita”. Markaidek ere argi dauka: “Gatikan euskaraz bizi daiteke! Ez da ezin dela egin euskaraz, baina behar dena da denok hartzea egiteko konpromisoa”. Biek ala biek aitortzen dute herriko plazaren bueltan, ume eta gurasoei gaztelaniaz hitz egiten entzuten zaiela batez ere, eta “hor egin behar da esfortzua joera aldatzeko, ez bakarrik Udalak, guk geuk gatikar euskaldunok ere bai”, gehitu du Amezagak.

Mamua ate joka

Åland uharteetara itzuliz, badago beste ezaugarri bat ere: bizilagun iraunkorra izateko eskubidea izan behar da ezinbestean jabego-eskubidea izateko. Unai Fernandez de Betoño EHUko irakasleak behin baino gehiagotan azaldu du urbanizazio-prozesu azkarrek errotik aldatzen dutela herrien kultura. Beharbada horregatik tentuz darabilte udaletik Gatikako Plan Orokor berria. Bizkaiko Foru Aldundiaren onespenaren zain badago ere, 294 etxebizitza egitea aurreikusten du planak (gaur egun okupatuta 565 etxebizitza daude; 156, hutsik). Markaideren ustez, “eskandaluzkoa” da egitasmoak aurreikusten duen etxe kopurua. “Beharrizana egon badago, baina ez hainbesterako”. Horregatik uste du, tokiko plan partzialak egiten direnean, kontuan izan beharko direla Udal Legeak jasotzen dituenak, hizkuntzaren normalizazioaren inguruan. Amezagak azpimarratu duenez, baina, “ziurrenik ez dira etxe denak egingo eta etxebizitzak egin baino lehenago, esparru bakoitza maila urbanistikoan kudeatu beharko da, beti ere legea betez”.

Kanal hauetan artxibatua: Hizkuntza politika  |  Hirigintza  |  Gatika

Hizkuntza politika kanaletik interesatuko zaizu...
2018-01-15 | Andoni Mikelarena
Gipuzkoako Euskararen Normalizazio Plana behin betiko indargabetu du EAEko Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Euskararen Normalizazio planeko bost puntu indargabetu ditu. Auzitegiak ez du Aldundiak jarritako errekurtsoa tramitera onartu.


2018-01-03 | Goiena
Garbiņe Mendizabalek ordezkatuko du Mikel Irizar Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari karguan

Hala eman du aditzera Gipuzkoako Foru Aldundiak. Mikel Irizar ordezkatuko du karguan tolosarrak. Euskal Filologian lizentziatua eta Euskararen Aholku Batzordeko kide, euskararen biziberritzearen aldeko lanean esperientzia zabala du Mendizabalek.


Barre egiten digute

Aurreko egunean motor zahar tuneatua saldu nahi izan ziguten Eusko Jaurlaritzakoek. Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendariaren presentzia eta ekarpena izan genuen bi batzarretan zehar Bilbon. Lehendabizikoan kezkatuta barik aspertuta irten ginen bertara bildu ginen euskara teknikariok. Zerupean ezer berririk ez dagoela pentsaturik atera ginen bertatik.


2017-12-17 | Mikel Asurmendi
"Arazoa ez da linguistikoa, soziala eta politikoa baizik"

Marseilla, 1961. Soziolinguistika irakaslea. Glotofobia hitzaren sortzailea da. Rennes-2 Unibertsitateko irakaslea eta Discriminations: combattre la glottophobie saioaren egilea. Hendaian emandako hitzaldian, frantses hizkuntza zuzen eta azentu egokiz mintzo ez diren hiztunenganako diskriminazioa eta mespretxua salatu du irmoki: “Glotofobiak gure ikuspegia lausotzen du, baita kultura trakestu ere”. Frantziako Errepublikako hizkuntzaz jardun du bereziki, baina ez soilik.


Obsesio identitarioa

Funeral batean txiste-kontari hasten den pertsona batek eta Muriel Larrea Irungo PPko kideak antza dute gauza batean gutxienez: momentu aproposa aukeratzeko modu partikular samarra dute biek.


"Lapurdi kostaldean hirigintza ereduak hizkuntza politikak baino askoz eragin handiagoa du"

Eneko Gorri (Angelu, 1983) euskaltzale militante izateaz gain Biarrizko Herriko Etxeko euskara teknikaria da. Lapurdi kostaldeko hirigintza ereduak euskal hiztunen bilakabidean duen eragin handiaz ohartarazi nahi izan gaitu: “Biarritzek hamarrez biderkatuko balu ere euskarari ematen dion aurrekontua ez luke eragin handia izango hemendik 50 edo 100 urtera”. Jendarte ereduak eredu, euskaltzale-izokinak ur xaloagoetara iritsiko direla sinesten du.


2017-12-03 | Mikel Irizar
Eraikitzeko ordua

Uste dut egintzat eman dezakegula euskararen prozesua aro berri batean sartzeko lehen baldintza: zoru komun bat identifikatzea, terminologia eta diagnostikoak hurbiltzea, lubakien gainean zubi behin-behinekoak jartzea... Zantzu asko dago, izan Korrikaren Santiago zubiko argazkia, Udaltop jardunaldiko ekimena, Euskal Herriko euskararen erakunde publikoen lankidetza akordioa... Azken zantzua, Kontseiluak berriki egin duen ekitaldian azaldu zuen diskurtso berriaren osagaiak: konplizitate... [+]


2017-10-06 | ARGIA
Zergatik egiten dute euskaraz gutxiago bermeotarrek ondarroarrek baino?

Ondarroan euskararen ezagutza %79koa da eta erabilera ere bai. Bermeon ezagutza %72koa da eta erabilera %33koa. UEMAk ikerketa sakona egin du askotariko faktoreak lantzeko.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude