"Norberak bere kontsumoa bere baloreekin lerrokatu behar du"

  • Egunerokoa soiltasunarekin errimatzen dabil Serge Mongeau (Montreal, Quebec; 1937). Jestu pertsonal hori mugimendu zabal bilakarazteko xedez, La simplicité volontaire (Nahizko soiltasuna) izenburuko liburua argitaratu zuen 1984an. Ordutik, herritarrak hautu horretara bultzarazten dabil. Badaki ordea ez dela nahikoa. Arras pesimista da: “Gure zibilizazioaren hondamendia dator”. Desazkundearen mugimenduan edota trantsizioan dauden hirietan ikusten du aterabidea.

Bizikletaz mugitzen da beti Serge Mongeau. “80ko hamarkadan ez bezala, ingurumenaren gaia ezin baztertua dugu gaur egun. Segur da mugatua dugun planeta batean ezin dugula etengabean gainkontsumitzen ibili”.
Bizikletaz mugitzen da beti Serge Mongeau. “80ko hamarkadan ez bezala, ingurumenaren gaia ezin baztertua dugu gaur egun. Segur da mugatua dugun planeta batean ezin dugula etengabean gainkontsumitzen ibili”.

1984an publikatu zenuen Nahizko soiltasuna.

Garaian arrakasta txikia ukan zuen. 1998an berriz argitaratu genuen; erdiespen handia ukan zuen urte horretan, prentsa inportante bateko kazetari batek artikulu luze bat eskainirik. Komunikabideen boterea ikaragarria da, damugarria da ikusiz ia denak sistemaren mantentzearen alde ari direla.

Kontsumo gutxiago, gastu gutxiago, beraz lan egiteko behar gutxiago. Horrek dakar denbora libre gehiago.

Bai, laburbilduz hori da nahizko soiltasuna. 80ko hamarkadan ez bezala, ingurumenaren gaia ezin baztertua dugu gaur egun. Segur da mugatua dugun planeta batean ezin dugula etengabean gainkontsumitzen ibili. Horri begira, aterabide gisa aurkeztua da usu. Baina arras argi dut ez dela aski. Norberak bere kontsumoa bere baloreekin lerrokatu behar du, baina, jestu indibidual hori ezinbestekoa izanik ere, ez da nahikoa.

Zer behar zaio gehitu?

Arras gudu desorekatua dugu. Alde batean enpresa indartsuak ditugu, komunikabideak eta gobernuak kontrolatzen dabiltzanak, eta beste aldean gu, herritar xumeak. Garaian autoak inposatu zizkiguten. 30eko eta 50eko hamarkaden artean, National City Lines enpresak AEBetako 45 hiri handietako tranbia konpainiak erosi zituen, autobusekin ordezkatzeko, nahitara kalitate txarreko zerbitzuak planteatuz. Automobilgintzaren sektoreko enpresek zuten sortu NCL, hots, gurpil ekoizleek, ezantza konpainiek, auto ekoizleek. Hirien antolaketa edota garraio kolektiboen zerbitzu kaskarra dela-eta, autoa hartzera behartzen gaituzte oraindik. Zaharkitze planifikatua ere hor dago. Zaharkitze artifiziala ere, urtero 500.000 dolar dira publizitaterako bideraturik. Kasik armamendurako bezainbat.

Eta parean, herritar xumeak.

Bai. Paradigma aldaketa ekarriko duen mugimendu masibo bat ezinbestekoa dugu. Horretarako abiatu genuen desazkundearen mugimendua 70eko hamarkadan. Bost zutabetan oinarritzen da azken hori: demokrazia, erabakitzeko eskubidea berreskuratu behar dugulako; kolektiboa, beharrei taldean erantzun behar diegulako; tokian tokikoa, autonomo izan behar garelako; justizia soziala, ezin dugulako injustiziarekin jarraitu; eta soiltasuna, kontsumo batzuk alde batera utzi beharko ditugulako.

Nola bultzatu paradigma aldaketa hori?

Hiru mailatan eraginez. Bat: maila indibidualean. Nahikoa ez bada ere, biziki inportantea da, jendarte berria gauzatzen gabiltzalako. Auzo mailan: demokrazia gauzatzeko komunitate ttikiak behar ditugu, geroa ez da megapoloetan kausitzen. Hirugarrenik, politikan. Aldaketarako nahikeri politikoa beharrezkoa da. Azken hori zentzu onera bideratzeko gisan. Politikan inplikatu behar dugu.

Argi gelditzen ari da finantzak duela politika gidatzen.

Bai, arrazoi, gobernuak finantzaren menpe dira geroz eta gehiago, eta indarrez ahulduz doaz.

Paradigma aldaketa nekez gertatuko da horrela.

Epe luzerako lana eraman behar dugu, alderdi politikoak eraldatzeko helburuarekin. Une berean, neurri zentzugabeen kontrako borrokarekin segitu behar dugu. Konparazione, petrolio-hodien aurkako mugimendua eraman behar dugu absolutuki Quebecen.

Berant izan baino lehen lortuko dugu?

Oso pesimista naiz, edo hobeki erranda, errealista. COP21 gailurrari begiratzen badiogu, argi da gobernuek ez dituztela behar liratekeen neurriak hartu nahi. Orokorki herritarrek ere ez dute beste bizimodu bat hartu nahi. Gurpil zoro batean gara, azkenean kontsumo xede bera dutelako biek. Kapitalismoa berdatzen saiatzen dira, baina ez dela aterabidea! Izan autoa eraikitzeko ala elektrika ekoizteko orduan, auto elektriko batek berdin kutsatuko du. Hauturik ez dugularik ukanen, orduan ihardukiko dugu.

Hots, berant izanen denean...

Bai, hori da. Maleruski, miliarka jendek sufrituko dute eta behartsuak dira lehenik hunkiak izanen. Ondorioak jada sendi dituzte hainbat herritarrek. 2050erako itsasoaren heina metro batez emendatuko dela aurreikusten da; hori horrela, 600 milioi jende dira haien bizitokitik haizatuak izanen, muturreko arriskutik ihesi. Gure zibilizazioaren hondamendia dator eta abiadura bizian goaz harengana. Errotikako neurriak hartu behar lirateke, baina ez dirudi hartzekotan garenik.

Trantsizioan dauden hirien sarean ere bazabiltza.

Indibidualki argi da ez dugula biziraunen, kolektiboki eta autonomoki antolaturiko komunitateek dute biziraunen. Gobernuen gelditasuna ikusirik, haien geroa haien eskuetan hartzen duten hiriak dira sare horretan. Hondamendira eramaten gaituztenen partetik ezin ditugu aterabideak itxoin.

Hein handiko askatasuna

“Nahizko soiltasuna obratu dut nire bizi guztian zehar. Obelixen gisara, barnera erori nintzen gaztetan eta hastapenetik, arras naturala egin zait guztia. Aspalditik dakit zer heineko askatasuna erdiesten dugun”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Desazkundea
2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


2023-06-11 | Nicolas Goñi
"Desazkunde" kontzeptuak zergatik du oraindik hain onarpen guti? 

Maiatzaren 15, 16 eta 17an, Europako Legebiltzarrean “Hazkundetik haratago” izeneko konferentzia batek hazkundearen garrantzia eta esangura zalantzan jartzen zituen, Barne Produktu Gordina bezalako adierazleak desegokitzat joz. Halere, gure erakundeetan aintzat... [+]


Eguneraketa berriak daude