Urteak dira Taj Mahaleko marmol zuria horitzen ari dela, aldian-aldian tratamendu berezia ematen dioten arren; mausoleo ezagunaren azala ezin da urez garbitu eta peeling moduko bat egiten diote, buztin geruzak ipiniz eta kenduz. Georgiako Teknologia Institutuko Mike Berginek horitzearen jatorria ikertzea erabaki zuen eta marmola uretan disolba ezin daitezkeen karbono partikula oso txikiek zikintzen dutela ondorioztatu du. Partikula horiek argi ultramorea xurgatzen dute eta horregatik hartzen du kolore hori-marroia. Environmental Science & Technology aldizkarian argitaratu denez, kutsadura Taj Mahalen distira eta, larriago dena, Agrako biztanleen osasuna arriskuan jartzen ari da.