"Oinarritik antolatutako sarearekin soilik bultza daiteke ekonomia soziala erakundeetatik”

  • Ez da lan xamurra dozenaka urtean herri mugimenduetatik aldarrikatutakoa instituzioetatik defendatu eta sustatzea. Badaki zerbait hortaz guztiaz Bartzelonan harrera egin digun Jordi Viak. Urte luzez ekonomia sozial eraldatzailearen aitzindarietako bat izan ostean, Bartzelonako Garapen Agentziatik eragiteko ahaleginean ari da orain, udal gobernu berriak eman dion aukera baliatuta.

Argazkia: Sàndra Lázaro

Kostata, baina lortu dugu bere bulegoan hitzordua lotzea. Metro geltokitik atera eta mugikorreko GPSak gidatuta 200 metroko ibilbidea egitean topatu dugunak kezkatu gaitu. Bartzelonako Garapen Agentzia delakoa hiru eraikinek osatzen duten munstro handia da. Eraikin horietako batean sartu gara zalantzati, eta galdetu ostean, albokora bidali gaituzte. Segurtasun arduradun batek egin digu harrera, eta gutako baten izen-abizenak eta NAN zenbakia eskatu dizkigu hirugarren pisura bidali aurretik.

60 pertsona inguru biltzen dituen ofizina erraldoi bat aurkitu dugu han. Zain egoteko eskatu digute, eta berehala iritsi da Viaren idazkaria. Bere atzetik gurutzatu dugu pasilo luzea, amaieran dagoen bulegoraino, eta hitzik trukatu gabe utzi gaitu bertan, elkarrizketagaia parean dugula.

Bizpahiru keinu nahikoa izan ditu segurtasun arduraduna, Sillicon Valley tankerako eraikina eta pasiloaren amaierako bulegoa guri bezain arrotz egiten zaizkiola adierazteko: “Ni zuetako bat naiz”, irakurri dugu lerro artean. Grabagailua piztu dugunerako, kezka guztiak uxatu zaizkigu.

“Benetan uste dut Bartzelonan eragin daitekeela erakundeetatik. Eta hala dela sinesten dut badagoelako jada oso kontuan hartzekoa den errealitate bat”

Kontaiguzu, nola iritsi zara halako kargu batera? Zein izan da zure ibilbidea?

Ea laburtzen asmatzen dudan. Ezker antiautoritario kataluniarretik pasa ondoren, 80ko hamarkadan borroka instituzionalean sartzeko saiakera frustratu baten parte izan nintzen, Bloc d’Esquerra d’Alliberament Nacional izena eman geniona. Akatsak eginez ikastea gogorra da, baina oso erabilgarria baliatzeko prest bazaude. Saiakera kaskar horren ondoren, gutako batzuek erabaki genuen gizartea eraldatu nahi bagenuen ezin ginela mugatu indar instituzionala gureganatzeko ahaleginera. Beste gizarte bat nahi bagenuen, hori eraikitzen hasi behar ginela.

Orduantxe, eta kaleetan salatzen genuena defendatzen zuten enpresentzat lanean genbiltzala konturatuta, erabaki nuen proiektu kooperatibo bat sortzea. Geroztik, 35 urtean aritu naiz bestelako ekonomia eredu hori ikusarazi eta praktikaren bidez posible dela frogatu nahian. Aseguru etiko eta solidarioak eskaintzen dituen Ars kooperatibako kide eta sortzaile naiz, eta urte horiek guztiek beste gauza askotarako ere eman dute: Kataluniako ekonomia sozial eta eraldatzaileko sarea (XES) sustatzen buru-belarri aritzeko, adibidez.

Halako batean, udal gobernua aldatzen da, eta telefonoak jotzen du.

Duela hamar hilabete eskas pentsaezina zen niretzat horrelako toki batean egotea. Baina zer egin, borondate eraldatzaile garbia duen udal gobernu berri batek ekonomia kooperatibo sozial eta eraldatzaileko ordezkari izatea proposatzen dizunean? Gainera, oso interpelazio zehatza egin zidaten: “30 urtez ekonomia eredu hau instituzioetatik ere sustatzea ezinbestekoa dela aldarrikatu duzu. Orain etorri eta erakutsi nola egiten den”.

Erronka honi baiezkoa ematera eraman nauena, hala ere, hauxe izan da: benetan uste dut Bartzelonan eragin daitekeela erakundeetatik. Eta hala dela sinesten dut badagoelako jada oso kontuan hartzekoa den errealitate bat, bultza daitekeena: asmo eraldatzaileko kooperatibak, merkatutik kanpo garatu diren proiektu komunitarioak, elkarteak…

Zenbatekoa da Bartzelonan sare eta mugimendu hori?

Denera 4.700 enpresa eta entitate baino gehiago daude ekonomia soziala esaten diogunaren barruan, 53.000 lagun baino gehiagori ematen diote lan, 500.000 lagun dira gutxienez kontsumo kooperatiba bateko kide, ekonomia komunitarioko 300 proiektu baino gehiago daude. Badago oso bizirik dagoen errealitate bat, anitza, baina oinarri berarekin: praktikaren bitartez bestelako ekonomia bat sortzen dutela, pertsonen zerbitzura dagoena, demokratizazioan eta erantzukizun sozialean sakontzeko borondatea duena.

“Eraldaketa soziala helburu izanik, ezin da kooperatibismoa kooperatibismo
instituzionalizatuenaren esku utzi”

Nola elikatzen da Udaletik instituzioen babesetik kanpo garatu den sarea?

Aurreko udal gobernuek ekonomia soziala ulertzeko zuten modua oso bestelakoa zen. Ikuspegi asistentzial-paliatibo batetik heltzen zioten gaiari, soilik birgizarteratzeko enpresak lagunduz. Berritasuna da, gure ikuspuntuari dagokionean, ekonomia sozial eta eraldatzailea errotik sustatu behar dugun eredu sozio-ekonomiko gisa bizi dugula.

Bederatzi hilabete daramatzagu lanean, eta denbora honetan, lan ildoa zehazten ari gara, baina XESen eta gaia urte luzez landu duten eragileen lan eta ondorioetatik abiatuta betiere. Ondorengo urteetan Udaletik emango ditugun pausuak markatzen ari gara, baina alor horretako eragileekin kontrastatuko dugu parte-hartze prozesu baten bidez. Elkarlana da gakoa, nahiz eta beti ez den erraza izaten.

Eredu alternatiboa sustatzeko aukera ona izan daiteke kontsumoa. Nola kontsumitzen du Bartzelonako Udalak?

Ekonomia alternatiboak sustatzeko formakuntza eskaintzea da bide bat, jada sortuta dagoena bultzatzeko baldintzak egokitzearekin batera. Baina bai, Bartzelonako Udalak 2.000 milioi euroko gastua du urtean, eta etikoki arduratsua den erosketa egitea da gure helburua. Bultzatu nahi ditugu guk aldarrikatzen ditugun balore horiek bere egiten dituzten enpresak.

Klausula sozialez ari zara?

Bai. Lehendik badaude klausula batzuk, baina aurretik esan bezala, izaera asistentzial-paliatiboa dute; eta guk harago doazen pausoak beharrezkotzat ditugu merkatu soziala osatzeko. Helburu hori duten enpresak bultzatzeko positiboak diren baldintzak sortu behar ditugu klausula horiekin.

Badaude, ordea, baldintza horiek betetzen dituzten eta kapitalismoaren logiketan funtzionatzen duten kooperatibak ere.

Horrekin arazo bat daukagu, bai. Eroski kooperatiba da. Enpresarik konbentzionalenak ere gutxiengo horietara iritsi beharko luke, eta tamalez ez da horrela. Baina hala balitz ere, ez da nahikoa. Bilatu beharko ditugu formulak klausula horien bitartez merkatu soziala saretzen lagunduko duten enpresa txiki eta ertainak bultzatzeko.

“Bartzelonako Udalak 2.000 milioi euroko gastua du urtean, eta etikoki arduratsua den erosketa egitea da helburua”

Sare posible horren bueltan ere ez da dena erraza, ordea. Nola kudeatzen dira ezinikusi eta konfrontazio horiek?

Eraldaketa soziala helburu izanik, ezin da kooperatibismoa kooperatibismo instituzionalizatuenaren esku utzi; merkatu logiken barruan funtzionatzen duten enpresa ohikoen jarrera hartu eta desagerraraziko baitute izaera kooperatiboa. Garrantzitsua da batzuk zein besteak non dauden jakitea eta desberdintasun horiek egitea. Zuenean adibide ona duzue Mondragonekin eta Olatukoop-ekin.

Bestalde, distantzia horiek badaudela argi izanda ere, gai izan behar dugu tartean harresirik ez egiteko. Ezin dugu inkomunikazioan eta sektarismoan erori eredu alternatibo baten eraikuntzan pausoak eman nahi baditugu. Aliantzak sortu behar ditugu eraldaketa sozialerako: aliantzak herri mugimenduarekin alde batetik, eta sare sozio-enpresarialarekin eta zenbait kooperatibarekin bestetik. Ezin da bestelako merkatu bat sortu fokua desberdintasunetan jartzen badugu, ez eta bakarrik apustu erradikalenekin jokatzen badugu; oraingoz behintzat oso zaila da. Elkarlanerako espazioak aurkitu behar ditugu.

Mondragonen eta Olatukoop-en arteko desberdintasunak aipatu dituzu. Laster Euskal Herrira zatoz eta bertan sakonago azalduko diguzu hau?

Lankik antolatutako Kooperarock jardunaldietara gonbidatu naute. Lanki orain bospasei urte ezagutu nuen, eta interesgarria iruditu zitzaidan Mondragon taldearen garapenari buruz egiten duen irakurketa, izaera kooperatiboa galtzearen arriskua bezala berreskuratzearen garrantzia. Maiatzaren 10-11n egongo naiz Euskal Herrian eta izango dugu honetaz hitz egin eta sakontzeko aukera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kooperarock
2016-11-02 | Kooperarock bloga
Bitartekariaren garrantzia

Gemma Carbó, UNESCO Katedrako Kultura-Politiken Zuzendariak kulturaren transmisioan bitartikariek dituzten erronkak aztertu ditu iritzi honetan Teatro Paraísorentzat.


2016-10-24 | Kooperarock bloga
Kooperarock lantzen Arrasaten: hegan egitera!

Egia esan, haurrek beren lankidetza eskaintzen dute ahal duten guztian eta ez dute lan gehiegi ematen, oso ilusionatuta daude eta badakite proiektua arrakastatsua izan dadin konpromisozko eta lankidetzazko jarrera izan behar dela.


2016-10-23 | Lander Arretxea
Kooperazioa ikasgelara, adierazmen eta sorkuntzaz

Ez da erronka makala balioak hezkuntzara eramatea. Are da zailagoa balio horiek, esparru gehienetan nagusi den indibidualtasuna eta lehiakortasunari kontra-jarriak badira. Kooperarock ekimenaren baitan, oraindik ez-ohikoa den bidea hartu dute kooperazioa eta elkartasuna 7 eta 12... [+]


2016-10-06 | Kooperarock bloga
Entzuteak eraldatu egiten du

"Gure gorputza hizkuntzen eta topaketa-aukeren mapa bat da" dio Moisés Mato antzerki zuzendariak. Gasteizko KunArten Entzutearen Antzerkiaren inguruko tailerra eskaintzen dihardu.


2016-09-15 | Kooperarock bloga
Balio kooperatiboak ikasleei "emozioaren eta akzioaren bidez" transmititzeko antzerkia

Teatro Paraisok hezkuntza, kooperatibagintza eta dramatizazioa uztartzen dituen proiektu anbiziotsua dauka esku artean. Artearen eta bitartekaritzaren bidez hausnarketa bultzatu nahi dute Kooperarock egitasmoaren bigarren fasean.


Eguneraketa berriak daude