argia.eus
INPRIMATU
Taxuzko requiema
Montserrat Auzmendi del Solar 2016ko apirilaren 27a
Francisco Ivan Ciampa zuzendari italiarra
Francisco Ivan Ciampa zuzendari italiarra

Aurrera doa OLBEren aurtengo abonu-zikloa. Oraingo honetan, ohikoa den opera eskaini beharrean, orkestra, abesbatza eta bakarlarientzako titulu ederrenetako bat, Tutto Verdi zikloaren barruan: Messa da Requiem famatua.

Holako obretan, requiemetan, beti aurkitzen dugu musikatik harago doan emozio berezia. Fauré-ren requiema, Mozartena, hunkigarriak dira, gure barruko sentsibilitatea ukitzen dute. Verdiren réquiemarekin, ordea, eta duen sakontasuna ukatu gabe, beste sentimendu bat sortzen zaigu: alaitasuna eta indarra. Heriotzaren alderdi malko isurlea potentziatu ordez, itxaropena, bakea, baikortasuna irudikatzen du lan honek. Eta musika ezin ederragoa eskaintzen du, dudarik gabe.

Esan genezake OLBEk ekarritako bertsioa luxuzkoa izan dela, parte hartu duten bakarlariak primerakoak direlako: Gregory Kunde estatubatuarra behin baino gehiagotan entzun dugu OLBEren emanaldietan. Denboraldi honetan Renato des Grieux izan da Manon Lescaut operan, orain dela oso gutxi. Aurrekoetan bezala, emanaldi distiratsua egin zuen, bere ahots liriko spinto txispaduna erakutsiz, benetan ondo. Bere ondoan, Dolora Zajick mezzo-soprano handia entzun dugu. Abeslari hau Verdiren roletan espezializatua dago, beraz, espero genuen bezala, ez zigun huts egin. Halere, azkeneko aldiz entzun nuenetik, aldatuta aurkitu nuen bere ahotsa, proiekzio gutxiagokoa, ez hain boteretsua. Angela Meade sopranoak, lehenengo aldiz Bilbon, txunditu egin zuen publikoa, merezimendu osoz. Ahots distiratsu, boteretsu eta segurua du soprano honek. Aitzakia bakarra, zertxobait mekanikoa iruditu zitzaidala bere abesteko era. Eta, bakarlariekin amaitzeko, zinez interesgarria izan zen Ildebrando d’Arcangelo baxuaren interpretazioa. Erraz abesten du, erregistro guztietan aise mugitzen da, segurua, eta tinbre eder eta haragitsua du.

Bilboko Operaren Abesbatza, Boris Dujin-en batutapean, beti bezala, xuxen aritu zen, ongi, indartsu. Agian pasarte indartsuetan erakutsi zuen bere kalitatea, Dies Irae boteretsuan bezala, baina fineza gehiago behar zuten uneetan ukitu mistikoa falta izan zitzaien. Pena. Gauza bera esan genezake Verum Orkestra Sinfonikoari buruz (2007an Verum Bodegas y Viñedosek sortutako orkestra): ongi bete zuten beren lana, baina, nahiz eta Francesco Ivan Ciampa zuzendaria saiatu, ez ziren iritsi nahi genuen kolore orkestral bikainera. Halere, saio benetan ona.

Messa da Requiem

Verum Orkestra Sinfonikoa
OLBEk antolatutako kontzertua.

Zuzendaria: Francisco Ivan Ciampa.

Bilboko Operaren Abesbatza.

Zuzendaria: Boris Dujin.

Bakarlariak: Angela Meade (sopranoa), Dolora Zajick (mezzoa), Gregory Kunde (tenorea), Ildebrando d’Arcangelo (baxua).

Euskalduna Jauregia. Apirilaren 16a.