argia.eus
INPRIMATU
Neandertalak berriro hitz egiten hasi dira 30.000 urte eta gero
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2016ko apirilaren 27a

Orain dela hilabete batzuk aurkitu zuten Neandertalgo gizakiek, guk bezala, lengoaia garatzeko funtsezkoa den FOXP2 genea zutela. Hitz egiten zutela baieztatuta, nola hitz egiten zuten jakin nahi izan du Floridako Unibertsitateko Robert McCarthy antropologoak. Frantzian aurkitutako hiru neandertalen arrastoak xehe aztertuta, eta Phil Lieberman hizkuntzalariaren laguntzaz, hominido horien ahots traktua berregitea lortu du eta, sintetizadore bat eta ordenagailu bat erabilita, haien ahotsa simulatzen hasi da.

New Scientist aldizkarian argitaratutakoaren arabera, neandertalek egiten zituzten soinuak ez ziren gizaki modernoarenak bezain garbiak eta zehatzak, eta bokalak modu zakarragoan ahoskatzen zituzten; itxuraz, “igelen edo gizakien korroken antza” zeukaten soinuek.

Oraingoz, McCarthyren “neandertal sintetikoak” E letraren soinua besterik ez du egiten, baina antropologoak esaldi oso bat esan dezan lortu nahi du.