argia.eus
INPRIMATU
Gorentasunaren katarsia
Jakoba Errekondo 2016ko apirilaren 27a
Karrazkilloa (Rhamnus alaternus).
Karrazkilloa (Rhamnus alaternus).

Urteak dira lagun baten aitak karrazkilloa aipatu zidala, Rhamnus alaternus. Ez nuela ezagutzen, eta berak: “Motel, motel, ezagutuko ez dek ba! Basoan ugaria dek oso; zumalikarra baino hostaje itxiagoa eta sarriagoa dik, hosto txiki gogorrak, neguan erortzen ez direnak”.Eta ni ezin jabetu. Karrazkiloaren aurrean “hau karrazkilloa dek” inork esan gabea ni. Nik behintzat honela ikasi izan dut, landarea muturraren aurrean dudanean; horrela ikasitakoak ez zaizkit berehalakoan ahazten.

Eta kosta zitzaidan karrazkilloa kaskezurrean sartzea; ez baita hain ugaria, eta bakoitzak bere karrazkilloa du. Gure herrian oso gaitz zabaldua da; landare batek izen ugari izan ditzakeen era berean, izen batek landare asko ditu. Hau da, eromena. Eta zerbait argitze aldera hitzen eta izenen dantzan hasten bazara, kontuz, “Iratiko Boli Dorreko Gorentasun” ugari dago. Ekin diezaiogun ba dantzari.

Nire ustez, karrazkilloa Rhamnus alaternus da. Gazteleraz, “aladierno” dute izen nagusitzat, baina “carrasquilla” eta “chaparro” ere deitzen diote. Gure txaparrotik dator, nonbait, beraiena; Españolaren Erret Akademiak hala dio, behintzat. Gure karrazkilloa espainolezko “carrasquilla”-tik etorriko da, noski. Beraz, hizkuntzalarien basoan sartzen gara, buradar eta belarri.

Karrazkilloari “txorbeltxa” ere deitzen zaio. Oro har, horiek dira erabiltzen diren izenak. Zenbait lanetan, izen hauek ere jaso dira beretzat: burrubiotea, murrubiotea, girgirioa, burgia, zumela, zumelika, zemerika, zumalikarra, zumalakarra eta zinurria. Nik aurkitu ez dudan besteren bat ere izango du... Saltsa eta dantza izugarri dago. Karrazkilloa, gurbitza (Arbutus unedo), zumalikarra (Rhamnus frangula) eta zenbaitek zuandorra (Cornus sanguinea) ere nahasten dituzte. Landareak ez, beraien izenak baizik; horra saltsarako musika.

Badaezpada, karrazkilloaren urak odola mehetzen du. Fruituak beherakoa eragiten du, dosiaren arabera beldurgarria, agidanean: Font i Quer botanikari katalanak zioen eran, “inoiz ez du huts egiten”. Kontuz, beraz, bere izenaren bila, Gorentasunen bat abiatu eta dastatzea bururatzen bazaio... Hitzen katarsia, gorputzean katartikoa.