Datak

Antton Olariaga

2006ko azaroaren 29a: ama zenaren izena eta bi abizenak Googlen bilatzeko bulkada sentitu dut eta, zer aurkitu nahi nuen ez nekien arren, harri eta lur gelditu naiz ikusi dudanean ez duela emaitza bat ere. Ama hil da arrasto digitalik utzi gabe.

2012ko otsailaren 5a: egunkarian eskela bat irakurri dut Doña Predestinación izeneko andre batena, Tafallakoa, Burlatako tanatorioan dagoena. Txistea egina etorriko zen, grazia balu.

2011ko otsailaren 6a: Noticias egunkariko “Sabía usted que…?” atal kuxkuxeroan gaur atera da aste honetan Iruñeko ile apaindegi berean kasualitatez bat egin dutela Yolanda Barcinak eta Maiorga Ramirezek. Antzezlan baten hasiera ona. Biak publikoari begira eserita, intimitate eta ahulezia momentu horretan, zerukoaz eta lurrekoaz mintzo, tartean estilista (topikoa betetzeko maritxu) bat sartuta.

2009ko apirilaren 13a: Ibon, Uxue eta hirurok Almudenako hilerrira joan gara gaur. Leku ikaragarri zabala da, bertatik Madril ia osoa ikus daiteke. Ekarri izan ez baninduten, ez zitzaidan inoiz honaino etortzea bururatuko. Zaindari batek abisatu digu hamar minutu barru itxiko zutela, baina irteera non zegoen zehaztu gabe. Kostatu zaigu aurkitzea. Hasia naiz pentsatzen bertan itxita geldituko ginela, joatean hilerrirako bidea erakutsi digun agure batek esandakoa (“está por ahí, pero que no os coja el trompetero”) beteko zela sinetsita. Krematorioaren atetik atera gara azkenik, irekita zegoen, agian errausketa bat zegoelako, beharbada Corín Tellado idazlearena, pentsatu dugu, edo ondorioztatu. Neure buruari onartu diot Corín Telladoren hiletan egon naizela etorkizunean esateko eskubidea.

2008ko urriaren 15a: ekoiztetxeko bat etorri da denok kontratuaren klausula osagarri bat sina dezagun, isilpekotasun klausula bat: hamar urtez ezin dugu errodajeko ezer inon kontatu, aipatu ez ezer. Sinatzea beste erremediorik ez dudanez izan, kronikatxo hau egiteari utzi beharko diot.

(Oharra: pelukeriako neskak, raccord kontuez ari zela, kontatu digu, Penélope Cruzek, raccord-argazkiak teknikariei pasatu baino lehen, photo-shopa eginarazten diela, badaezpada norbaitek filtratuko balitu, eta, beraz, makillajekoak sutan egoten direla, ez baitzeukaten eszenaren jarraipenerako heldulekurik).

2012ko irailaren 12a: Martzial berrirakurtzen ari naiz. Orain arte topatu gabeko bertuteak aurkitu dizkiot. Begiratu poema honi. Haiku japoniar fin eta peplum erromatar baten parodia topikoz jositako baten arteko nahasketa dirudi:

Horazio, bera bakarrik, kapa beltza
jantzirik, zirkoko jokoak ikusten ari da,
plebea, senatariak eta zaldunak  
zuriz jantzita dauden bitartean,
enperadorearekin bat, bakoitza bere
tokian. Bat-batean elurra hasi da:
Horazio kapa txuriaz ari da
jokoak ikusten.
   

2011ko urtarrilaren 13a: arrebak deitu dit genetistarekin egon dela kontatzeko. Gure familiaren hemofiliak zer gene duen kalteturik zehazteko, ni naiz “familia” bakarra. Medikuak ez omen du aurpegi onik jarri. Zenbat eta ahaide gehiagori egin, hainbat hobe eta zehatzago estudioa. Dena den, medikuak txostenean begiratu du eta, emaitzak guri bidali ez arren, ikerketa mediku bat egin ziguten orain hamazazpi urte eta Bartzelonan ba omen dute nire DNA eta amarena gorderik, auskalo zer laborategitan, auskalo zertarako. Saiatuko  da eskatzen eta horrekin moldatzen.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude