“Bilketa lanak egiten hasten garenean, normalean, zerbait galtzera doala sumatzen dugulako da. Euskalkiak biltzeko joera badago, eta Burbunak eta etsayak proiektua ere testuinguru horretan kokatzen da”. Naturaren gaineko Hernaniko ahozko ondarea biltzeko asmoz abiatu zuten proiektua Dobera Euskara Elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. Euskalkien galeraz gain, naturaren ezagutza eta jakinduria ere galtzen ari zirela ikusi zuten Eñaut Agirre filologo (Dobera) eta Iñaki Sanz-Azkue biologo (Aranzadi) hernaniarrek. Horrela, dokumentalari ekin zioten Joxean Ruiz kameralari eta Jon Mari Beasain editorearekin batera. Filma udaberrian aurkeztu bazuten, etorkizunera begira bildutako materialarekin liburu bat egitea dute helburu.
Hizkuntzaren ekologiaz asko hitz egiten den garaiotan, euskara barruan berdina planteatu behar litzatekeela uste du Agirrek: “Euskalki bakoitzak gure hizkuntzari asko ematen dio, eta beraz, gure helburuetako bat ere bazen tokiko euskalkien garrantziaz ohartarazi eta horri balioa ematea”. Ildo horretatik doa izenburua ere: Burbuna eta etsaya Hernanin xomorro berbera izendatzeko erabiltzen dituzten bi hitz dira (argazkian).
Egindako elkarrizketetan 350 animalia eta landare espezieren izenak bildu dituzte Agirrek eta Sanz-Azkuek. Espezie horietako askok, gainera, izen bat baino gehiago dituzte, baserri batetik ondokora aldatzen direnak. “Txori batek, adibidez, sei izen ditu Hernanin”, azaldu digu Agirrek. Naturaren eta hizkuntzaren arteko lotura nabarmena da, filologoaren ustez: Naturarekiko harreman hurbilagoa duenak, ezagutza handiagoa duenak, hiztegi aberatsa du ikusten duen hori adierazteko.
Gaur egun, bistan da hiriari lotuago eta naturatik urrunago bizi garela. “Lehen landareak eta animaliak egunero ikusten zituzten. Orain beste bizimodu bat dugu, eta ondorioz beste hiztegi bat erabiltzen dugu”, dio Dobera elkarteko kideak.
Pentsa litekeenaren aurka, ordea, gazte askok oraindik “harritzeko moduko ezagutza” dutela ikusi dute proiektuaren egileek, eta hiztegi guzti hori errekuperatzeko interes handia somatu dute gainera. Bada etorkizunik, beraz. Maialen Lujanbio bertsolariak proiektuaz esan zuen bezala, “txori guztiak txori, arbola guztiak arbola eta zomorro guztiak zomorro diren garaiotan” polita da jakinduria hori jasotzea. Zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago bizitzen, maitatzen dugulako ingurua!