argia.eus
INPRIMATU
Zer jan, halako Baztan
Udaletik ere elikadura eta nekazaritza eredua lantzen
Garazi Zabaleta 2016ko apirilaren 20a
Baztango Zaporeak ekimenaren aurkezpena. Argazkia: erran.eus
Baztango Zaporeak ekimenaren aurkezpena. Argazkia: erran.eus

“Maiz badira gauzak herritarren eskuetatik urrun daudenak edo aldatzeko zailak direnak. Baina badira bertze gauza batzuk herritarren eskurago daudenak: horietan eraginez tokiko errealitateak alda ditzakegu”. Joseba Otondo Bikondoa Baztango alkatearen lehen hitzak izan dira Zer jan, halako Baztan ekimenaz galdetu diogunean.

Tokiko elikagaiak kontsumitzearen garrantziaz Baztango herritarrak kontzientziatzeko helburuarekin abiatu du dinamika Udalak. Bi hilabetero etxeetara bidaliko diren esku-orriekin hasi dute bidea: ale bakoitzean tokiko produktu baten gaineko informazioa eskainiko da nola egiten den azalduz, produktu horrek alor askotan duen balioari garrantzia emanez eta errezeta originalak proposatuz. Lehen esku-orrian ardi esnea landu da: artzaintzari buruzko informazioa eman eta lan horrek paisaiaren zainketan duen balioa azpimarratu dute bertan.

Elikadura eta nekazaritza uztartuta

Udalak duela hilabete gutxi jarri zuen abian Baztango zaporeak ekimena ere: tokiko ekoizle eraldatzaileak dira protagonistak, eta elkarlanaren bidez beren proiektuak garatzea da helburua. “Urteetan Europako nekazaritza politikek agroindustriaren eta banatzaile handien interesak bultzatu dituzte, gure bailaretako nekazaritza txikia erraustuz”, dio Otondok. Horri buelta emateko beharrezko izanen dira ekoizle txikien arteko elkarlana eta batasuna, haren ustez.

“Tokikoa kontsumitzea da tokiko bizitza bizirik mantentzea”

Herritik asko egin daitekeela argi du Otondok, eta norabide horretan doaz jada martxan dituzten ildoak: 1) lurren erabileraren ingurukoa, 2) produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 3) herritarren kontzientzia piztea, 4) formakuntza eta 5) ustiategien transmisioa familiatik kanpo. Aurrera begira, martxan dauden ideia eta ildo horiek egituratu eta Baztanen nekazaritzaren eta elikaduraren kontseilu moduko bat sortzea dute helburu. Baztango zaporeak egitasmoaren aurkezpenean zioten bezala, “pausoz pauso, ttikitik handira”.