argia.eus
INPRIMATU
Saadet Becerikli, HDP alderdi kurduko parlamentaria
"Aurrekoetan baino askoz ere basatiagoa da Turkiako Estatuaren jarrera Kurdistanen egun"
  • Newroz eguna da eta Batman hiriko kaleak poliziaz gainezka daude. Turkiako Gobernuak ekitaldi gehienak debekatu dituen arren, sua piztu eta kurduak musika iraultzailearen erritmoan ari dira dantzan. Gasolindegiko tabernan eseri gara Beceriklirekin lasaiago hitz egiteko, nahiz eta behin eta berriz eten behar izan dugun, Turkiako polizia tanketekin sua itzaltzera azaldu denean. Istiluak polizia eta herritarren artean. Poliziak joan diren unean, sua piztu dute berriro.

Asier Lauzurika @alauruzika Aratz Estonba @Zorrotz 2016ko apirilaren 20a

Zein da HDPren estrategia politikoa?

Gatazka modu demokratiko eta baketsuan gainditu nahi genuke. Hori hala izan dadin lan egingo dugu, herriak jarduera honekin bat egin dezan lanean jarraituko dugu.

Era berean, Turkiako Estatuari behin eta berriz esango diogu bide horri ekin diezaiola. Bere guda estrategiak elkarrizketa mahaien suntsitzea ekarri du, baina ez dugu etsiko elkarrizketaren bidea berreskura dadin duela hiru urte bezala, ez da berandu horretarako. Oçalanek elkarrizketa mahai horretan behar luke berriro ere, hura bertatik baztertu izan ez balitz ez geundeke egungo egoera krudel eta basati honetan.

Bake prozesua hautsi eta gerra estrategiari berriro ere ekin izanak ez dakar ezer onik ez kurduontzat, ezta turkiarrentzat ere. Pertsona batek boterea galtzeko duen beldurrari erantzuten dio guzti honek.

Zein da egoera Kurdistanen? Zer nolako garrantzia du Newrozek halako testuinguruan?

Ekainaren 17ko hauteskundeen ostean, Turkian agintean den AKPk estrategia aldatu zuen herri kurduaren kontra. Aurrekoetan baino askoz ere basatiagoa da Estatuaren jarrera egun. Honen aurrean, gazteriaren indarrean oinarrituta, erasoen aurrean autodefentsari ekin zion herri kurduak. Komunikazio guztiak moztuta dauden arren, badakigu Sur, Cizre, Nusaybin eta Yuksekovan autodefentsan ari direla.

40 urtez dirau herri kurduak zapalkuntza saiakera guztien aurrean dagozkion bere eskubideen defentsan, bere hizkuntzaren alde, bere identitatearen alde, bere kulturaren alde… Newroz erresistentzia hori egin eta jarraitzeko egun garrantzitsua da.

Errepresioa ere ez da nolanahikoa.

Ez dugu ahaztu behar Newroz ospatzeak berak turkiar estatuaren partetik herri honi ekarri dion erantzun basatia. 1992an Cizreko Newroz ospakizunean Estatuak 100 pertsona baino gehiago erail zituen esate baterako.

“Oçalanek elkarrizketa mahai horretan behar luke berriro ere, hura bertatik baztertu izan ez balitz ez geundeke egungo egoera krudel eta basati honetan”

Newrozak herri kurduaren indarra erakusten du eta honengatik debekatzen dute ospakizuna, ez dadin indar hori erakutsi. Gainera ez da lehen aldia Estatuaren debekua jasotzen duguna, duela hilabete inguru Demirtas, gure alderdiko lehendakarikideak bake eta demokraziaren aldeko topaketak antolatu zituen, eta Estatuak debekatu egin zituen. Era berean, duela gutxi Demirtasen hitzartze publikoa antolatu genuen milaka pertsona bildu zituen manifestazio batekin, eta hura ere debekatu zuten. Ez digute utzi nahi gure indarra erakusten, ez digute utzi nahi kalean gure batasuna adieraz dezagun, beldurra digute.

Gerra estrategia honek pertsona bakarraren behar eta nahiei erantzuten die, bere interes pertsonalak gainjartzen zaizkio prozesu politiko orokorrari. Honek ezinbestean egoera eta konponbidea zaildu baino ez ditu egiten.

Europari dagokionez, batetik Estatu eta gobernuen isiltasuna dago eta bestetik milaka herritarrek erakusten duten elkartasuna. Nola bizi duzue egoera?

90eko hamarkadan Turkiako Estatuak herri kurduaren kontrako sarraskia burutu zuenean, Europako jendea hona etorri zen testigantza jaso eta Giza Eskubideen Auzitegira eramateko. Gaur egun, ordea, gogorra da ikustea nola isiltzen diren gertatzen ari denaren aurrean. Adibidez, Cizren 100 pertsona baino gehiago bizirik erre dituzte, Turkiako armadaren erasoetatik babestu asmoz haien etxeetako sotoetan ezkutatuta zeuden. Europako Gobernuak isilik daude. Egunero erabiltzen du negarra eragiteko gasa poliziak herritarren kontra eta Europako gobernuek txintik ez. Une honetan, 100 egun baino gehiagoz, herritarrak Surren setioari eusten ari dira modu ausartean, nahiz eta armada eta polizia haiek akabatzen ari den gutxinaka. Europan ez du inork hitzik esaten egoera salatzeko.

Europar Batasunak Turkiarekin egindako itunak izango du zerikusirik.

“100 pertsona baino gehiago bizirik erre dituzte Cizren”

Noski baietz. Honen guztiaren atzean europar migrazio politika dago eta Turkiarekin egindako negozio zikina. Haien jarrerak salatu dudan egoera babesteko balio du. Hemendik dei egiten diegu europar agintariei jarrera hori albora dezaten, bestela Turkiako Gobernuaren sarraskiaren konplize bihurtzen baitira.

Guda hau amaitzeko lanean jarri behar lituzke Europak bere indarra, dirua eta esfortzuak. Siriako gudan nahasteari utzi eta bake bidean indarrak jarri. Konturatu behar dute, haientzat hain deserosoa den siriar errefuxiatuen egoera errepikatuko dela Turkian. Adibide bat jartzearren, Diyarbakirren etxea galdu eta etengabeko mehatxua bizi duen familia batek ez du egoteko lekurik topatuko Turkian eta ondorioz Europara ihes egin beharko du. Europaren jarrerak, ekidin nahi duela dioen egoera larriagotu baino ez du egiten. Gure bake asmoekin bat egin behar lukete haiek ere eta Turkiar Gobernuari presio egin honekin bat egin dezan.

Zer esango zenieke Europako herritarrei?

Etor zaitezte gertatzen ari denaren lekuko izatera, eta hemen ikusi eta bizitakoa zuen herrietan kontatu eta salatu. Lagun gaitzazue!