Berandu eta herren dator Europatik babesa

  • 90eko hamarkadaren hasieratik dakigu inguratzen gaituzten konposatu kimiko sintetikoetako asko kutsatzaile hormonalak direla. Gure sistema endokrinoa engainatu eta gaitz ugari eragiten dute: ugalketari lotutako nahasmenak, minbiziak, diabetesa... Zientzialariek aspaldi alarma jo zuten arren, halako substantzietarako behar bezalako araudirik gabe gaude oraindik Europar Batasunean; ez luzerako, zorionez. Ondoko lerrootan kontatuko dizuegu nola lortu duten produktu kimikoen eta pestiziden lobbyek erregulazioa atzeratzea. Eta agian, itxuragabetzea ere bai.

Azken urteotan gero eta zientzialari gehiagok publikoki agertutako kezka da: gizakiok –batez ere Bigarren Mundu Gerraz geroztik– sortu eta naturara jaulki ditugun 100.000 inguru konposatu kimikoekiko elkarrekintzaren ondorio zehatzak ez ditugu oraindik behar bezain ondo ezagutzen, baina gaitz askoren gorakadarekin zerikusi zuzena dutela pentsatzeko oso arrazoi sendoak daude.

90eko hamarkadaren hasieratik ezagun da konposatu horietako batzuek animalion sistema endokrinoekin elkarrekintza zuzena dutela. Izen ugari daukate, denak ere taberna edo bazkalosteko solasaldirako desegoki askoak: disruptore endokrino, kutsatzaile edo nahasle hormonal…

“Ez dugu aurkitu oraindik jendartean erraz zabaltzeko moduko izendapenik”, azaldu digu Kistiñe Garcia ingurumen-zientzialari bilbotarrak. Ekologistak Martxaneko kidea da Garcia, eta elkarte horrek elikatutako Libres de contaminantes hormonales (Kutsatzaile hormonalez libre) bloga egitea du eguneroko zeregina. Irakurleei bezala geure buruei lana errazteko aholku bat eman digu: ingelesezko EDC siglak baliatzea disruptore endokrinoez jarduteko.

“Itxura-egile” endokrinoak   

Garciak azaldu digunez, kutsatzaile hormonal guztiek ez dute modu berean jokatzen, baina funtsean esan daiteke sistema endokrinoari “iruzur” egiten diotela: hormonak imitatzen dituzte, eta gorputza ez da gai batzuk eta besteak bereizteko. Hala, EDCek disfuntzioak eragin ditzakete hormonek erregulatutako prozesu guztietan, normalean epe luze baten ostean ondorioa izango dutenak. Disruptore endokrinoen arriskuei buruzko ehunka ikerlan argitaratu dira, zientzialarien arreta bereganatu zutenetik igarotako mende laurdenean.

EDCekin lotura duten gaitzen zerrenda oparoa da: ugalkortasuna gutxitzea, nahigabeko abortuak, jaioberriengan malformazioak, zenbait minbizi mota, obesitatea, alergiak, diabetesa, autismoa… Eritasun horien eragina asko handitu da azken hamarkadetan –ikus diabetesari buruzko koadroa erreportajearen azken orrialdean–, eta ikerlari askok ohartarazi dute horrek lotura zuzena duela egunero erabiltzen ditugun produktu askotan kutsatzaile hormonalak egotearekin. Gaur egun, ezinezkotzat jo daiteke haiekiko inolako hartu-emanik gabe bizitzea. Are gehiago: gutako bakoitzak dozenaka EDC du gorputzean. 

Nonahi daude

2004an, WWF elkarteak Detox izeneko kanpaina abiatu zuen, europarron odolean zer nolako substantziak zebiltzan neurtzeko. Pertsona esanguratsuak aukeratu zituzten analisietarako, tartean hamalau ministro. Eta esanguratsuak izan ziren emaitzak ere: bilatutako 103 konposatuetatik, 76 atzeman zituzten. Batez beste, pertsonako 35.

Aurkitutako konposatuak mota askotakoak ziren: nekazaritzako pestizidak –elikagaien bitartez hartzen ditugunak–, gailu elektrikoetan isolatzaile modura erabiltzen diren poliklorobifeniloak, plastikoei biguntasuna ematen dieten ftalatoak, garbiketa-produktuei usain jakina emateko osagai sintetikoak, zartaginetan-eta jartzen diren fluordun substantziak, metal astunak, arropari eransten zaizkien zenbait konposatu, kosmetikoetako osagaiak…

Azterketa haren emaitzak aski aipatuak izan ziren, baina akaso ez behar beste. WWFren helburua zen Europar Batasunak legedia gogortzea kontsumitzaileok egunero esku artean izaten ditugun produktu kimiko sintetikoei dagokienez. Eta bai, araudia finkatzeko prozesua aspaldi abiarazi zuen Europak –WWFk Detox kanpaina abiatu baino urte batzuk lehenago, izatez–, baina industria kimikoaren lobbyak izugarri atzeratzea lortu du prozesu hori, eta are okerrago, emaitza urardotzeko arriskua dago. Horren berri xehe-xehe eman zuen Stéphane Horel kazetari frantziarrak 2015eko maiatzean argitaratutako A toxic affair (Afera toxiko bat; gaztelaniaz / ingelesez) txostenean.

Ofizialki, susmagarriak baino ez

Arestian esan dugunez, 90eko hamarkadaren hasieratik dugu EDCen arriskuen berri. Eta hamarkada hura amaitu baino lehenago, 1999an, Europar Batasunak substantzia horiek ikertzeko eta arautzeko lehenbiziko estrategia onartu zuen. Ondorengo urteetan egindako garapenaren ondorioz, kutsatzaile hormonalen aurkako neurriak hartu beharra jasota dago gutxienez hiru araudi europarretan, eta hala egiteko epeak ere zehaztuta daude. Baina zoritxarrez, epeok agortu dira eta substantzia jakinen gaineko erregulazioa finkatzeke dago oraindik.

Kasurik onenean, aurtengo ekainean izango dugu prest aspaldi eginda behar zuena: EDCak izateko susmagarriak diren substantziak erregulatzeko irizpide sorta. Esan behar baita gaur-gaurkoz, ofizialki, susmagarriak baizik ez ditugula, araudi faltaren erruz hain zuzen. Europar Batasunak darabilen zerrendan 500 konposatu inguru ageri dira, baina kopurua 1.500eraino igo daiteke, iturriaren arabera.

EDCak identifikatzeko lan gaitza

Stéphane Horelek A toxic affair-en azaltzen duen bezala, 2009an Europako Batzordeak Ingurumen Zuzendaritzaren gain utzi zuen EDCak arautzeko zeregina. Zuzendaritzak, beste ezer baino lehen, txosten bat eskatu zuen, kutsatzaile endokrinoei buruz zientziak zekien guztia laburbiltzeko xedez. 2012an burutu zen txosten hori, Andreas Kortenkamp ikerlariaren gidaritzapean.

Kortenkampen lanaren ondorio nagusietako bat izan zen erronka eskerga izango zela EDCak erregulatzea, ez baitago haiek detektatzeko metodologia unibertsal bat. Ehunka substantziaz ari gara, berez oso konplexua den sistema endokrinoari modu asko eta kasu batzuetan ezezagunetan eragin diezaioketenak. Baina kutsatzaile endokrinoak zeintzuk diren zehatz-mehatz identifikatu ahal izatea funtsezkoa da. Horren zergatia ondo ulertzeko, komeni da azaltzea nola arautu ohi diren substantzia kimikoak Europar Batasunean.

Badago tarte segururik?

Konposatu kimiko baten erregulazioa egiten denean, suposatu egiten da maila batetik behera ez dela arriskutsua; hau da, badagoela segurtasunezko tarte bat, substantziarekiko hartu-emanak kalterik ez dakarren tartea. Hala ere, onartu egiten da substantzia batzuek ez dutela segurtasun-tarterik. EDCei buruzko eztabaidaren muina da, hain zuzen, segurtasun-tarterik gabeko substantziatzat hartu behar diren.

Ezinezkoa da kutsatzaile hormonalekiko hartu-emanik gabe bizitzea; gutako bakoitzak dozenaka du gorputzean

A toxic affair-en irakur daitekeenez, Kortenkamp txostenak ondorioztatu zuen momentuz behintzat kutsatzaile hormonalak

segurtasun-mugarik gabekotzat jo behar direla, EBn ez baitago gaur-gaurkoz balizko muga hori detektatzeko behar bezalako bitartekorik. Kistiñe Garciaren esanetan, erabat logikoa litzateke EDCak segurtasun-tarterik gabeko substantzia modura sailkatzea, sistema endokrinoaren funtzionamenduagatik hain zuzen: “Hormonek oso eragin handia izan dezakete oso kopuru txikietan eta EDCek berdin jokatzen dute, hormonen imitatzaileak diren heinean”.

Kutsatzaile hormonalek ez dute betetzen toxikologia klasikoak darabilen urrezko arauetako bat: Parazelsok XVI. mendean esandako “dosiak egiten du pozoia” ospetsua. Besteak beste, industria kimikoaren interesei primeran egokitzeak bihurtu du araua urrezko, dena esatera. Kutsatzaile hormonalek ez dute printzipio hori betetzen, Garciak azaldu diguenez. Baliteke substantzia batek oso dosi txikietan izatea eraginik handiena, eta ez hainbestekoa dosi altuagoetan.

Horregatik, 2009tik indarrean dagoen plagizidei buruzko europar araudiak substantzia arriskutsutzat jotzen ditu EDCak. Haren arabera, konposatu bat kutsatzaile hormonala dela ebatzitakoan besterik gabe debekatu egin beharko litzateke, haren kopuru onargarririk ba ote dagoen planteatu ere gabe. Jakina, beste ezeren aurretik kutsatzaile hormonalak identifikatu behar dira; arauak dio Europako Batzordeak, beranduenez,  2013ko abenduaren 14rako garatu behar zituela horretarako irizpide zientifikoak. Kortenkamp txostenak galdegiten zuena, azken batean.

Haatik, urte bi eta erdi geroago bete gabe dago agindu hori, nola plagiziden alorrean –munduan erabiltzen direnen %5 inguru disruptore endokrinoak izan daitezkeela kalkulatzen da, Kistiñe Garciaren esanetan– hala gainerakoetan.

Industriaren kontraerasoa

Espero zitekeenez, industria kimikoaren eta pestiziden lobbyari ez zitzaion gustatu Kortenkamp txostena, ez eta, oro har, Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritzak EDCei buruz zituen irizpideak. Ekoizten zituzten produktuetako asko debekatuak izateko arriskua sumatu zuten, eta gogor ekin zioten Kortenkampen lana kritikatzeari, BASF eta Bayer enpresak buru. Ez ziren bakarrik aritu ordea, bidelagun izan baitzituzten Europako Batzordeko beste sail batzuk eta EBko zenbait estatu kide.

2011n, artean Kortenkamp txostena argitara eman gabe zegoela, Britainia Handiak eta Alemaniak disruptoreei buruzko beren jarrera agertu zuten agiri batean. Gobernu biek EDCetarako proposatutako erregulazio-sistema, funtsean, “potentzia” irizpidean zetzan. Labur esanda: ahalmen handieneko kutsatzaile hormonalak baizik ez debekatzea. Potentzia irizpidearen araberako sailkapena oinarrizko eskari bihurtu zen produktu kimikoen eta plagiziden industriarentzat; Ingurumen Zuzendaritzako adituek 2013an baztertu zuten arren, gerora berriz itzuli zen Europako Batzordearen agendara.

Kutsatzaile hormonalak “potentzia” irizpidearen arabera sailkatzea nahi du industriak, hau da, ahalmen handienekoak baino ez debekatzea

“Gobernuz kanpoko erakundeak borrokan ari gara irizpide hori aurten onartuko den EDCen erregulazio-araudian aintzat hartua izan ez dadin”, diosku Kistiñe Garciak. Andreas Kortenkampek berak adierazi zuen, bere izena daraman txostenean, potentzia irizpidea besterik gabe erabiltzeak ez duela justifikazio handirik zientziaren ikuspuntutik.

Hain zuzen ere, konpainia handiek ondo baino hobeto dakite eztabaida zientziaren borrokalekura eramaten euren interes ekonomikoan arriskuan ikusten dituztenean, eta kutsatzaile hormonalen kasua ez da bestelakoa izan. Kortenkamp txostenak hainbat eraso jasan zituen eremu akademikoan, argitara eman eta ia berehala. Haren metodologia gogor kritikatu zuten zenbait artikulu zientifikotan; egileak industriarekin lotura zuten ikerlariak ziren, eta kasu batean, Britainia Handiko Gobernua bera izan zen Ingurumen Zuzendaritzaren enkarguz egindako lana desegokitzat jo zuena.

Hori gutxi balitz, Zuzendaritzari etxe barruan agertu zitzaion beste arerio bat: 2012ko urrian, beste zuzendaritza batek, Osasun eta Kontsumitzaileenak, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziari (EFSA) eskatu zion EDCei lotutako arriskuei buruzko azterketa egin zezan. Eskaria esanguratsua zen, EFSAren aurrekariak zirela eta. Askok espero zuten hark emango zuen iritziak ez zuela bat egingo Andreas Kortenkampen lantaldeak defendatutako irizpideekin, eta ez zebiltzan oker; 2013ko martxoan argitaratu zen, eta orobat industriak emandako argudioetarantz lerratzen zen. Gerora jakin zenez, EFSAn gaia aztertu zuen lantaldeko kideen erdiak lotura zituzten pestiziden lobbyekin.

Hurrengo urratsa: inpaktu-ebaluazioa eskatzea

Aurkako kanpaina eta guzti, 2013ko udaberrian, araudia zehazteko urtebete baino gutxiagoren faltan beraz, Ingurumen Zuzendaritza tinko zegoen bere jarreran. Alde zeukan, gainera, Nazio Batuen Erakundeak argitaratu berri zuen txostena: EDCen kasuan segurtasun-mugarik ez dagoela berretsi zuen NBEk. 

Orduan, korporazioek beste urrats egin zuten: inpaktu-ebaluazioa eskatu. Mota horretako ebaluazioek denbora luzea behar izaten dute, eta haien xedea da Europako Batzordeak proposatutako politika baten ondorio positiboak eta negatiboak aurreikustea. Ondorio ekonomikoak barne. Eskaria egiteaz batera, industria kimikoaren lobbyak hainbat txosten aurkeztu zituen, EDCen balizko debeku batek nolako kalte ekonomikoak ekarriko lituzkeen agertuz.

Stéphane Horelen esanetan, inpaktu-ebaluazioa eskatuz industriak denbora irabazteko asmoa zuen. Aldi berean, garai hartan hastear zeuden TTIP merkataritza askeko hitzarmenaren negoziazioak erabiltzeko aukera ez zuen alferrik galdu nahi izan. Bide horretatik abiatuta, europar enpresa-jabeek Atlantikoaren bestaldekoen laguntza jaso zuten: produktu kimikoen eta pestiziden esparruetako estatubatuar konpainia handienek EBko agintariei jakinarazi zieten “kezka handia zutela” EDCei buruzko europar irizpideak zirela eta. Haien iritziz, AEBetakoen hain bestelako irizpideak ezartzeak oztopoak jarriko zizkion merkataritzari, “hain zuzen ere EBk eta AEBek negoziatu nahi duten akordioaren bidez ezabatu nahi diren oztopoak”.

2013 erdialdean, azkenik, Europako Batzordeak ebaluazio-inpaktua egitea onartu zuen; pestizidei buruzko araudiak ezarritako epeak betetzea ezinezko bihurtu zituen horrek. Denbora irabazita, lobbyek berriz ekin zioten borrokari zientziaren eremuan, eta azkenik arrakasta izan zuten: 2014an, EDCak identifikatzeko Ingurumen Zuzendaritzak proposatutako bide-orriak lehentasuna galdu eta, lehenago esan dugun bezala, industriak defendatutako potentzia irizpidea agertu zen ostera ere mahai gainera. Dena biribiltzeko, handik gutxira Jean-Claude Junckerren agintepeko Europako Batzorde berria eratu zen. Komisario berriak izendatu eta sail bakoitzaren zereginak birdefinitu ziren. Harrezkeroztik, EDCak arautzeko irizpideak dagokienez gidaritza ez dago Ingurumen Zuzendaritzaren esku; industriaren nahietara lerratuago dagoen Osasun eta Kontsumitzaileen Zuzendaritzak du orain ohorea.

Azken txanpa, ustez

2013an erabakita behar zuten EDCak identifikatzeko irizpiderik gabe iritsi gara 2016ko udaberrira, honenbestez. A toxic affair argitaratu zenetik gauza bakarra aldatu da, baina ez munta txikikoa: 2014an, Suediak Europako Batzordearen aurkako salaketa jarri zuen Europako Justizia Auzitegian EDCen araudiaren aferan “utzikeriaz” jokatzeagatik, eta 2015eko urtarrilean, ustekabean, bai Parlamentuak bai Europako Kontseiluak salaketa horrekin bat egitea erabaki zuten. Iazko abenduan, arrazoia eman zien Auzitegiak. Beraz, irizpide ekonomikoak albora utzi eta irizpide zientifiko soilen araberako araudia sortu beharko du EBk kutsatzaile hormonaletarako, epaile batek hala aginduta. Ikusteko dago hori nahikoa izango ote den europarrontzat behar bezalako babesa eraikitzen hasteko.

Diabetesa eta kutsatzaile endokrinoak

Apirilaren 7an, Osasunaren Munduko Egunean, datu beldurgarria zabaldu zuen  Osasunaren Munduko Erakundeak (OME): 422 milioi diabetes gaixo dago munduan –biztanleria osoaren %8,5–; 1980ko kopurua halako lau. Eta datozen hogei urteetan zifra bikoiztuko dela uste da. Odoleko glukosa kantitate handiak 3,7 milioi heriotzaren kasua izan ziren 2012an; horietatik 1,5 milioi zuzenean diabetesak eragindakoak.

Gaitzaren zabalkunde izugarri hori loditasunaren gorakadari egotzi dio OMEk, biztanleria zahartzearekin batera. Baina Kistiñe Garcia Ekologistak Martxaneko kidearen ustez, ezin daitezke aipatu gabe utzi diabetesa kutsatzaile hormonalekin lotzen duten gero eta ikerlan ugariagoak. Zehazki, bizitzaren hasieran –eta bereziki umea oraindik jaio gabe dagoenean– zenbait EDCrekiko harremana izateak gerora diabetesa garatzea erraztu lezake. Bestalde, kutsatzaile hormonalak izan litezke loditasunaren gorakadaren zergatietako bat. 2014an 30 zientzialarik sinatutako Parmako Adierazpenaren arabera, substantzia mota horiek zerikusia dute loditasuna, diabetesa eta beste nahasmendu metaboliko batzuekin, batez ere haiekiko harremana haurtzaroan gertatzen denean. Gero eta mediku eta zientzialari gehiagok esaten du harreman hori ahal den heinean gutxitzea prebentzio politiken parte izan behar dela. 

Danimarkako krispeten kasua

2015eko maiatzean, Danimarkako Coop Danmark supermerkatu-kateak iragarri zuen ez zuela gehiago salduko mikrouhin-labean berotzeko krispeta poltsarik bere dendetan. Horren arrazoia zen enpresako arduradunek ez zutela aurkitu kutsatzaile hormonalik gabeko poltsarik merkatuan.  

Krispeta-poltsek fluordun substantziak eduki ohi dituzte. Substantzia horiei esker ontziek mikrouhin-labeetako beroa jasan dezakete, eta ohikoak dira tenperatura altuen pean egoten diren artikuluetan. Krispeta-poltsetan ez ezik, zartaginetan, pizza kutxetan... aurkituko dituzu. Ikerketa askok erakutsi dute kutsatzaile hormonalak direla eta besteak beste nahigabeko abortuak eta ugalkortasun galera eragin dezaketela.

Artikulu askoren kasuan kutsatzailerik gabeko alternatibak dauden arren, Coop Danmark ez zen gai izan EDCrik gabeko krispeta-poltsarik aurkitzeko; hortaz, produktua bere dendetatik kentzea erabaki zuen, bezeroen osasunaren onerako. Izan ere, supermerkatu-kateak kontsumitzaileak babesteko estrategia abiarazi du: zientzia ikerlanen arabera arriskutsuak izan daitezkeen zenbait substantzia identifikatu ditu, eta 2017rako erabat kenduko ditu apaletatik. “Jende askok uste du legezkoa dena segurua dela, baina ez du beti zertan hala izan”, adierazi zuen enpresak, krispetarik ez saltzeko neurriaren berri eman zuenean, “zientzialariek kezka agertzen dutenetik araudia ezartzen den arte bost edo hamar urte igaro daitezke”.

Azkenean, Coop Danmark-eko dendetan hilabete gutxi batzuk baino ez zuen iraun krispeta-poltsek utzitako hutsunea, Liven izeneko enpresa katalan batek kutsatzaile hormonalik gabeko poltsak sortu zituela iragarri baitzuen urrian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutsatzaile hormonalak
2017-10-08 | Unai Brea
Nicolás Olea. Kutsadura kimikoaz kezkatutako medikua
"Ebidentzia nahikoa dago kutsatzaile hormonalen kalteez, garaia da neurriak hartzeko"

Nicolás Olea medikuntza katedradunak hamarkadak daramatza disrupzio endokrinoa aztertzen. Hau da, gure sistema hormonalean eragiten duten eta nonahi ditugun substantziez du ardura. Osasun publikoko arazo handi horri behar bezalako irtenbiderik ez ematea salatzen du, eta... [+]


2017-10-05 | Unai Brea
Europarlamentuak ezetz esan die kutsatzaile hormonalak definitzeko Batzordearen irizpideei

Estrasburgon egindako saioan, Eurolegebiltzarrak ezetz esan dio kutsatzaile hormonalak definitzeko Europako Batzordeak –saiakera askoren ostean–  aurkeztutako irizpide sortari. Batzordearen testuak zientzialari ugariren kritikak jaso ditu, hala nola Europa osoko... [+]


2017-09-26 | Unai Brea
Nicolás Olea, medikuntza katedratikoa:
"Ebidentzia nahikoa dago kutsatzaile hormonalen kalteez, garaia da neurri ausartak hartzeko"

Irailaren 25etik 28ra egingo da, Bilboko Mediku Zientzia Akademiak antolatuta, Medikuntza Astearen 44. edizioa. Aurtengo goiburua Osasuna eta kutsadura: Epidemia isila da. Lehenbiziko hizlaria Nicolás Olea Granadako Unibertsitateko medikuntza katedraduna eta disrupzio... [+]


Kosmetika produktuak
Ezin bada jan, ez eman

Oso mantso, eta populazioaren zati batek baino ez bada ere, badirudi gehiago begiratzen dela zer eramaten den ahora. Elikagaiak non eta nola landu dituzten jakin nahi dugu, sabelean zein osagai sartu ditugun jakitun izan nahi dugu.  Aldiz, larruazalaren bidez odoleraino zer... [+]


2017-07-05 | Unai Brea
Kutsatzaile hormonalak definitzeko irizpideak: berandu eta eskas

Hainbat urteko atzerapenez, eta Europako Batzordeak proposamenaren zirriborroa maiz aldatu eta gero, kutsatzaile hormonalak identifikatzeko irizpideak onartu dituzte EBko estatu kideek. Talde ekologistek eta zenbait zientzialari elkartek kritikatu dute araudiak ez dituela behar... [+]


Eguneraketa berriak daude