Triste xamar nago, irakurle, ez dizut gezurrik esango. Sustrai Colinaren kolaborazioak bukatu dira. Zenbat ikasi ote dudan bere galderekin eta ARGIAra ekarri dituen pertsonekin... Mundu berari oso erpin diferenteak aurkitzen zaizkio begiratzeko angelua aldatzen bada. Eta Sustraik esfortzu berezia egiten du betiko angelutik aldendu eta beste ikuspegi bat emateko.
Ia 300 elkarrizketa argitaratu ditu gurean, kultur munduan, politikan, euskalgintzan, gastronomian, komunikazioan... puntan dabilenari ahalik eta galderarik zorrotzena eginez erantzunik finena eskuratuz.
Zenbat portada eman ote dizkio hamar urte hauetan Sustraik ARGIAri? Azala merezi zutenak baino gutxiago, ziur. Deabruak sekula izan ote du horrelako abokaturik? Lerro hauek idazten ari den gazte burugabeak baino ezagutza handiagoa izango du hitzok irakurtzen ari den gehienak, baina ez dut sinesten zuek ere Colinaren elkarrizketekin ez duzuenik ezer edo inor deskubritu.
Gogoratzen, adibidez, Dominique Belpommeri egindakoa? Orain bost urte argitaratutako testua gustura ekarriko nuke berriz ere azalera, titularra gaur egunera: “Pestizida eta erraustegiak gizateriaren aurkako krimenak dira”. To!
Zakilixut bera ere elkarrizketatu zuen 2007. urte aldera. Hark botatako esaldi batek definitzen du ondoen Colinaren lana: “Ez haiz adarretatik ibiltzen, Sustrai”. Ez al da mundiala? Eta agian jada gure generazioari gertuago egiten zaiolako-edo, baina oroitzen dut Gorka Urbizuri egindakoa, osorik eta antsietatearekin irentsi nuena; benetan ona. Lapurtarrak lortzen du euskal mundu txiki honetan horrenbestetan elkarrizketatutako norbaiti zerbait desberdina ateratzea, beste ukitu bat ematea.
Eta momentu delikatuetan azaleko zerbait bezala geratu gabe busti eta galdera bezala erantzun konprometitu eta zuzenak ere ekarri dizkigu paperekora. EPPK-ko bozeramaile Mikel Albisuri eta Marixol Iparragirreri egindako elkarrizketa datorkit gogora.
Eskerrik asko, Sustrai.