"Autozentsura bilatzen du Mozal Legeak"

  • Zigor Olabarria (Gasteiz, 1977) Eleak-Libre Dinamikako kidea da. Eleak 2011n sortu zen Euskal Herriko eskubide zibil eta politikoen alde jarduteko eta oraintsu bat egin du Herri Harresien inguruko Libre dinamikarekin.

     

Uztailetik urtarrilera Mozal Legea dela 715 zigor jaso dira Hego Euskal Herrian. Oro har, zein eratako salaketak dira?

Batez ere desobedientzia arinak, poliziaren jarduna trabatu izana eta irainak dira. Hemen ere arrazoiak antzekoak izango dira. Adibidez, Donostian Kortxoenea eraisten ari zirela, gazte bat irudiak hartzen ari zen mugikorrarekin eta udaltzain batek esan zion grabatzeari uzten ez bazion isuna jarriko ziola. Gazteak utzi zion grabatzeari eta kito, baina eskubide bati uko eginda. Jorge Fernández barne ministroak argi esan zuen El Paíseko elkarrizketa batean, irudiak hartzea posible dela, hauen erabilera da zigortzen dena. Beraz, udaltzain hark, barne ministroak berak baino begirune gutxiago erakutsi zuen askatasunekiko.

Beste kasu batean, Bilboko Zabalburu Plazan emakume batek ikusi zuen udaltzain bat modu zakarrean identifikatzen etorkin bat. Hauek zerbait esan, eta emakumeak begiratzen jarraitu nahi zuela erantzun zien. 700 euroko isuna jarri zioten udaltzainen lana oztopatzeagatik.

Ahotsa.info-ri ere 35.000 euroko mehatxua egin zioten poliziaren parte-hartze bateko argazkiren batean kalez jantzitako poliziak agertzen zirelako –uniformatuek aurpegia estalia zuten–. San Ferminetan egindako argazkia zen, egin zuen kazetaria ez zihoan argazki haien bila, ez zekien polizia horiek han egon zitezkeenik ere, baina ohartarazpena iritsi zitzaion medioari.

"Agian ezin dugu legea atzera bota, baina lor dezakegu legea ez aplikatzea"

Errepresio zuria deitu izan zaio Mozal Legeak eragiten duenari. Zergatik?

Beste errepresio mota batzuk ikusgarriagoak dira eta, beraz, errazagoa da gizartean jakinaraztea eta elkartasuna bilatzea. Mozal Legean poliziek batzuetan jakinarazten dute momentuan salaketa eta beste batzuetan ez, Axier Lopezi orain gertatu zaion moduan. Elkartasun gehiago sor dezake norbait atxilotzeak eta hilabete batzuk espetxean pasatzeak, baina isun batek, errepresio ekonomikoak, eragin gehiago izan dezake, desmobilizatzaileagoa da. Horregatik jarri dute orain indarrean, eskubide sozialen galera handi baten testuinguruan. Autozentsura eta gure buruari mugak jartzea bilatzen ditu Mozal Legeak.

Europako Kontseiluak kezka agertu du Legeagatik, Eusko Legebiltzarrak atzera bota zuen, Kongresuak ere bai oraintsu, gizarte mugimenduak aurka dira… Ikusten duzu aukerarik atzera botatzeko?

Maila makropolitiko horren eraginez zaila izango da. PSOE-C’s itunean, PSOEk artikulu batzuk kentzea proposatzen du, ez lege osoa atzera botatzea. Gauzak aldatzeko indarguneak herritarrengan egon behar du eta, gainera, indar harremanak nola dauden ikusita, ez dugu beste aukerarik, lege hori desobeditzea eta praktikan gure eskubideak indarrean jartzea baino.

Aldi berean oso inpopularra da, eta horrek desobedientziarako aukerak irekitzen ditu. Baliatzen ari da behar beste aukera hori?

Argi da ezetz, isunek heltzen jarraitzen dute eta. Horretan gabiltzanok ez dugu lortu gaiak duen larritasuna gizarteratzea. Kritika eta ekimen asko egon dira, baina ez halako lege bat atzera botatzeko adina. Hemengo instituzioek, adibidez, har dezakete lege hori ez aplikatzeko erabakia, baina aplikatzen ari dira, eta hori guztiz salagarria da. Lehen jarritako kasu gehienetan udaltzainek baliatu dute legea. Herritarrok beti egin duguna egiten jarraituz gero, desobedientzian kokatzen gara lege honekiko.

Eleak mugimendutik, zer gomendatuko zeniokete edozein arrazoirengatik halako isuna jaso duen pertsonari?

Hauek ez dira arazo pertsonalak eta, beraz, ez zaie egin behar aurre modu isolatuan; irtenbideak ahalik eta kolektiboena izan behar du. Gutxienez isunaren berri eman behar da eta berau salatu. Ordaindu edo ez? Oso zaila da esatea zer egin behar den, ordaintzen ez baduzu ondasun bahiketak datoz eta. Halako egoerei eutsiko dien koltxoi soziala prestatu behar dugu. Mobilizazioa eta saretzea bultzatzea oso garrantzitsua da eta agian ezin dugu legea atzera bota, baina lor dezakegu legea ez aplikatzea.


ASTEKARIA
2016ko apirilaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA mozalik gabe
2021-01-15 | ARGIA
Gasteizko Herritarren Defendatzaileak arrazoia eman dio ARGIAri: Polizia grabatzea eskubidea da

Gasteizko udaltzain batek polizia operazio baten irudiak hartzea debekatu nahi izan zion mehatxuka ARGIAko kazetari bati 2020ko maiatzaren 7an. ARGIAk salaketa aurkeztu zuen Gasteizko Herritarren Defendatzailearen aurrean. Sindikoak arrazoia eman dio ARGIAri: Polizia grabatzea... [+]


2020-06-25 | Hala Bedi | ARGIA
ARGIAk eta HALA BEDIk kexa bana aurkeztu dugu Sindikoan eta Arartekoan, Poliziaren jarrera salatzeko

Iragan maiatzaren 7an eta 8an ARGIAko eta HALA BEDIko kazetarion lana oztopatu zuen Poliziak Gasteizen, mehatxuak eta gezurrak erabilita. Bi hedabideok Ertzaintza eta Gasteizko Udaltzaingoaren jarrera salatu dugu Arartekoan eta Gasteizko Sindikoan aurkeztutako kexen bidez.


2020-05-12 | Z. Oleaga
Informazio eskubidearen aurkako erasoa
Gasteizko udaltzain batek ARGIAko kazetari bati: "Mugikorra ez erabiltzeko agintzen dizut"

Gasteizko Udaltzaingoa legea urratuz sartu zen okupatutako etxebizitza batean ostegun gauean. ARGIAko kazetari bat han zen lanean. Udaltzainetako bat, legeak dioenari muzin eginez eta gezurrak erabiliz, kazetariaren lana oztopatzen saiatu zen desalojoaren lekukotasun grafikorik... [+]


2019-11-10 | Koldo Izagirre
Astean asteko historia
2017ko martxoaren 19a

Eguneraketa berriak daude