Neguaren ostean Auto-ekoizpena, 2015 |
Mikel Urakenek ahotsa eta gitarra bakarrik erabili ditu bere azken lana grabatzeko, zazpi kantuz osaturiko binilozko diskoa. Kantu gordinak eta hunkigarriak jotzen ditu, gitarrarekin marrazki ederrak egiten ditu, eta zintzotasunez abesten du, bihotzetik. Bere kantuetan samina, ezintasuna eta etsipena sumatzen dira. “Bihotzetik bai, baina batez ere, erraietatik abesten dut. Nik uste dut norberaren bizipenek baldintzatzen gaituztela gure eguneroko bizitzan. Nire kasuan, bizipen horiek erabiltzen ditut abiapuntu bezala sormen lanak egiteko. Gordintasuna zerbait erakargarri bihurtu nahi dut. Lanaren emaitza zintzoa izateko, lotuta egon behar da norberaren izaerarekin”.
Bere kantuak euskal folkaren sustraietan errotuta daude, baina hortik abiatuta bide berriak aurkitzen saiatu da, enbor bereko beste adar batzuk. “Zintzotasun osoz, herri honen sustraiekin konektatzen saiatu naizela esan dezaket. Era berean, nire izaera pertsonalaren ezaugarriak (euskaldun berria naiz eta ikuspegi musikal ipurterrea daukat) gehitu dira, eta Neguaren ostean horren emaitza da. Beraz, ni eta nire ingurukoaren batuketa dela esan dezakegu. Alde batetik, disko hau euskal kulturari eskaini nahi izan diodan ekarpen xume bezala erditu dut, eta bestetik, euskaldun berrion ahalduntzea ere islatu nahi izan dut”.
Mikel Urakenek berak sortu ditu doinuak, eta hitzak idazteko Mikel Vegaren laguntza izan du. Grabazioa 2015eko uztailean egin zuen Andoaingo Garate estudioan. Soinu teknikaria Kaki Arkarazo izan da, eta ekoizlea Javi Letamendia. Diseinua eta argazkiak Asier Garcia Azkuek egin ditu.
Diskoa bere kabuz argitaratu du. Do it yourself (zuk zeuk egin ezazu) pentsaera erabat barneratuta daukadanez ez zitzaidan beste era batez aritzea bururatu. Auto-ekoizpena ekonomikoki arriskutsua izan daiteke, baina diskoaren banaketa kontrolatu ahal izatea, arazoa baino luxu bat da”.
Mikel Uraken Bilboko Santutxu auzokoa da. Duela hamar bat urte Loan metal taldean jotzen hasi zen, eta ondoren Folk songs for tormented souls (2013) eta Omenaldi xumeak (2014) lanak plazaratu zituen, Neguaren ostean diskoa osatu aurretik.