"Jendea benetan aktibatzen has dadila eskatuko nioke Jaurlaritzari"

  • Sei udalerri ditu ardurapeko Manex Agirre (Aramaio, 1982) euskara teknikariak: Aramaio, Legutio, Arratzua-Ubarrundia, Zigoitia, Zuia eta Urkabustaiz. Sei entitateon barne, ordea, hainbat udal, administrazio-batzar eta kontzeju biltzen dira guztiz sakabanaturik eta, ondorioz, 8.500 biztanleren dispertsioa da –hizkuntzaren normalizazioak berezkoak dituen korapiloez gainera– lanerako duen oztoporik nagusienetakoa.

(Arg: Zaldi Ero)

Arabako kuadrilla guztiek dute euskara teknikaria. Kuadrillako langile zarete, nahiz eta Arabako Diputazioaren urtean urteko diru-laguntzaren gorabeheran bizi zareten, kinkan.

Hori ahazten saiatzen gara. Gaur egun, Arabako Diputazioaren proiektu politikoari lotuta dago herrialdeko euskara teknikarien sarea. Ezegonkortasun handia bizi izan dugu. Diputazioko alderdi politikoaren kolorea aldatu zenetik lasaiago bizi gara, baina sareari eusteko sistema ez da aldatu. Egonkortu gura dutela diote, baina hor gara oraindik.

Norentzat ari zarete lanean euskara teknikariok?

Geure kuadrillarentzat. Hala ere, kuadrillarik kuadrilla, baliabide pertsonalak ezberdinak dira, egoera soziolinguistikoak ere bai, eta diputazioa dugu koordinazio gunea, Euskara foru zerbitzua. Bestalde, diputazioaren aurrean kuadrilletan euskararen normalizazioaren alde lanean ari den jendearen bozeramaile papera ere hartu dugu. Geu goaz diputazioari gauza eske, presioa egiten diogu.

"Euskara zerbitzuak ditugu, baina solaskide kupuru antolaturik ez udalerrian"

Instituzioen kontzientzia zuritzaile zaituztegu euskara zerbitzu eta teknikariak?

Kontzientzia zuritzea zailtzen saiatzen gara, bai instituzioei, bai gizarte eragileei ere. “Hor zaudete zuek, ari zarete lanean, zertan jardungo dugu guk?” dio zenbait euskara elkartek, eta egia esan, barruan daukadan arantza da hori. Saihestezina zen gertatzea, baina pena ematen dit, eta horren kontra borroka egingo dut, zeren euskara zerbitzu indartsu batek ezinbestekoa du herri mugimendu indartsua; ardatz batek bestea falta badu, ez du funtzionatuko. Nahiago nuke herri mugimendu indartsu bat, erakunde publikoetan figura espezifiko bat egon baino. Gizarte osoaren kontua da euskararen normalizazioa, badakigu nork egiten duen benetako lana.

Saihestezina zela diozu.

Jendea nekatuta zegoen, eta asko, erreta, euskararen sustapena beti borroka baten barruan kokatzen nekatuta. Adibidez, askok esan didate euskara zerbitzua sortu denetik udalek hartu dituztela beren gain lehen euskara elkarteak egiten zituen lanak. Ondorioz, arnasa hartu du euskara elkarteak, baina baita hustu ere, elkartea zintzilik eta funtziorik gabe geratu delako. Eta, paradoxa!, orain, gizartea aktibatzeko beharra sentitzen dugu udaletako euskara zerbitzuok. Erakunde publikoak eta gizarte mugimenduak elkar presionatzen, tentsioan ikusi ditugu urteetan. Orain, aldiz, landa eremuko udalerrietan batez ere –Gasteizen bestela funtzionatzen baita–, horixe falta da: presioa, tentsio neurri hori. Euskara zerbitzuak ditugu, baina solaskide kopuru antolaturik ez udalerrian.

Gasteizen bestela funtzionatzen da, Arabako gizartearen ehuneko oso handia bertan delako.

Bai. Araban hiri bakarra dugu, Gasteiz, eta balantza guztiz desorekatua dago populazio eta baliabide aldetik. Are gehiago, Gasteizko Udalaren eta Arabako Diputazioaren pisu espezifikoak parean daude, boteregune moduan. Argi ikusten da euskara normalizazio kontuetan. Badugu Gasteizko Udalaren euskara zerbitzuarekin harremana, baina programa partekatuak antolatzeko zailtasunak handiak dira: 8.000 herritarreko gune geografiko zabala xede talde modura hartzea, edo Gasteiz moduko “gauza” bat, auzoz auzoko gizarte etxeen egitura indartsu hori duela… Nola partekatu programak?

"Gaur egun, besterik gabe euskaltzale den gazte gutxi dago"

Sei kuadrilla Araban, egoera soziolinguistiko ezberdinak dituztenak. Hala ere, usteko nuen oinarri soziolinguistiko bertsua dutela 30 urtetik beherako biztanleei dagokienez.

Berdintzen ari da, baina oraindik asko falta da bertsua izan dadin. Hezkuntzatik datorren jende olde hori da guretzat material erabilgarriena, Zuiako kuadrillan, Gesaltzan, Errioxan, Agurainen eta leku guztietan. Baina Arabako gizartea egoera horri zelan erantzun asmatu ezinik dabil, jende olde horri eman behar zaion erantzuna ezberdina baita batean eta bestean. Nahiz eta ondorengo belaunaldietan euskara berdintzera datorren, euskarak gizartean duen permeabilitatea diferentea da. Murgian, gazteei zuzendutako afixak euskara hutsean jarri izan dira, eta xede taldearen eta jardueraren arabera, baita beste zenbait iragarki ere, adin mugarik ez duten jarduerak iragartzen dituztenak. Orain dela hamar urte, Zigoitia batean, kirol jarduera halako bat antolatzen zuenak pentsatu ere ez luke egingo hura zein hizkuntzatan egin behar zen. Gaur egun, bai. Besterik da zelan planteatzen diren gauzak hasieratik, eta zein bide egiten duen planteamendu horrek gero.  Euskara teknikariak egin lezake ahalegina, planteamendu eta proposamena, baina prozesu osoaren jarraipena egitera ez da iristen.

Zure oztopo nagusiak dira hedadura geografikoa eta jendearen dispertsioa.

Gure kasuan, kontua ez da euskararen normalizazioa, gizarte antolamendua baino. Gizarte antolamendurik ez bada, erreferentzia gunerik ez bada, gure lana kasik ezinezkoa bihurtzen da. Euskara zerbitzuen lan intentsiboan sinesten dut: hartu gune geografiko eta jende mugatu bat, eta lan intentsiboa egin bertan. Gure betiko helburua izan da kuadrilla osoarentzako jarduerak antolatzea, Aramaiotik hasi Urkabustaizeraino, denak euskararen inguruan biltzeko moduko zer edo zer antolatzea, baina horrek ez dauka zentzurik. Eta kostatu zaigu horretaz jabetzea! Oso eskualde zabala da, eta eskualde horretako biztanleek mugitzeko eta bizitzeko modu jakin bat dute. Gure lana izan beharko litzateke jendeak duen mugitzeko eta bizitzeko modu jakin horretan muturra sartzea, eta linguistikoki aldatzen saiatzea. Baina une honetan ez dugu nahikoa baliabide horretarako. Oso zaila da.

Sostengu taldeak antolatzen hasi beharko zenukete.

Astean zehar lau udaletxe zapaltzen ditut, lau bulego ditut… Garrantzizkoa da, oso, lekuan-lekuan euskalgintza egitura gutxieneko bat izatea, gustura lan egingo duena, erakunde publikoekin elkarlanean, baina, aldi berean, tentsionatzaile lanari utzi gabe: “Hau ez da gauzatu. Euskara plana onartu zen, baina ez da bete. Halakok ez du hizkuntza irizpiderik bete…”.

"Zelan jakin zer zuntz ukitu behar diozun bakoitzari, barruko euskaltzalea aktibatzeko?"

Zertarako balio dute euskararen plan estrategikoek? Artxiboak planez beteta daudela irakurri dizut Arabako euskalgintza: kapital publikotik hiztun komunitaterantz (Jakin, 206) artikuluan.

Erakunde batek prentsaurrekoa egiten duenean ondoko lau urteetarako euskara plan estrategikoa onartu duela esanez, horrek gizartearen aurrean duen balioa guztiz debaluatuta dago. Gero eta kontzienteago naiz horretaz. Prentsaurreko horrek ez dauka, komunikazio ekintza den aldetik, batere probetxurik, ez dio herritarrari ezer esaten. Aldiz, planen arabera funtzionatu dugu euskara teknikariok, eta planen arabera funtzionarazi dugu inguruko jendea. Gure euskara batzordeak euskararen jarraipenerako batzordeak izan dira, baina horrela ez da jendea aktibatzea lortzen, desaktibatzea baizik. Power pointak, euskara planaren betetze mailak eta inkestak… guztiz metodologia teknikoak dira, ezinbestekoak euskara teknikariarentzat, baina ez herritarrarentzat: herritarrak besterik behar du, bileretara etorri, pozik lan egin, lagundu… Aktibazioa oso gauza konplikatua da. Zelan jakin zer zuntz ukitu behar diozun bakoitzari, barruko euskaltzalea aktibatzeko?

Gauza zaila, inondik ere, aktibazioa. Hainbeste plan, metodologia eta jarduera… hitz egiten da gizartearen aktibazioaz?

Gutxi. Oraintxe hasi da kontzeptu hori saltsa apur bat eragiten. Historikoki, jende euskaltzalea patroi bat bakarrarekin neurtu izan dugu. Jendea aurkezteko modua egin dugu: “euskaltzalea”. Zenbait gune soziolinguistikotan euskararekiko militantzia bizi izan du askok, euskaltzaletasunetik jo dute beste zenbait ekintza gauzatzera. Horixe dugu historia, eta inoiz ez diogu jende horri behar beste eskertuko egindako lana. Baina “euskaltzalea” adin batetik gorako jendea da. Gaur egun, besterik gabe euskaltzale den gazte gutxi dago. Euskaltzale ez ezik, besteren “zale” ere badira gazteok.

Nork hartu behar du lidergoa? Norena da ardura?

Galderak ez dauka erantzun errazik… Buruan dabilkidana esango dut nik: asko sinplifikatuta esanda, euskararen normalizazio lanetan dabiltzan bi ardatz nagusiak hartuz gero –gizarte mugimenduak eta erakunde publikoak–, biek dute jendea aktibatzeko gaitasuna, nork bere modura. Hortaz, epe luzera, benetako lidergo partekatua hartuko nuke nik helburu. Gizarte mugimenduak gizarte antolatua dira, eta gaurko egunean, gizarte sektore batzuentzat egitura horiek dute sinesgarritasunik handiena. Baina horixe dute muga: “gizarte sektore batzuentzat” balio dute, irisgarritasun mugatukoak dira; alegia, sektore jakin horietatik kanpo gizarte zati handi bat dago, haiek existitzen direla ere ez dakiena. Zeinek du gizarteari osorik iristeko gaitasuna? Erakunde publikoek: Jaurlaritzak eta diputazioek. Baina hauek ere, Jaurlaritzaz ari naiz orain, bestelako lidergo bat landu behar dute: ez zait iruditzen mezu egokiak ematen dituenik, ezta kanal egokiak erabiltzen dituenik ere.

Zer esan nahi duzu?

Uste dut urteetako autolanketa egin beharko lukeela Autonomia Erkidegoko erakunde publiko nagusiak. Aktibazioari dagokionez, Jaurlaritzari eskatuko nioke, adibidez, kanpaina orokor eta mezu espantsiboen bidea utzi eta lan intentsiboetan indarrak jartzea. Lan handia da, baliabideak ere mugatuak dira, baina jendea benetan aktibatzen has dadila eskatuko nioke Jaurlaritzari. Hedadura aldetik, botere publikoek dute baliabiderik handiena: egin dezala aktibatze lana gizarte mugimenduekin batera, eta, epe luzera, har dezala protagonismoa gizarteak berak, erakunde publikoak bigarren mailan geratuta, gizarteari laguntzen eta sostengua ematen. Historikoki kontrakoa egin du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Araban
Eskolaz kanpoko aisialdi euskalduna bermatzeko eskatu diote gurasoek Gasteizko Udalari

Euskaraz izango direla iragarri baina gaztelaniaz izaten amaitzen duten ekintzak, teorian elebidunak diren eta praktikan gaztelania hutsean egiten diren saioak edota zuzenean euskaraz eskaintzen ez den aisialdia. Gasteizko gurasoen kexak ugariak dira eta mezu garbia dute:... [+]


Oihane Perea. Bertsolaria, irakaslea eta kultur eragilea
“Leku batzuetan euskara atzeraka ari den aldi berean, Araban izugarria izan da berreskurapen prozesua”

Euskararen erabilera galtzen ala berreskuratzen ari da? Non begia, han ahoa. Ahobizarrik gabe mintzo da Oihane Perea Perez de Mendiola (1977, Gasteiz) euskalgintzak zein bertsogintzak Arabari emandako bueltaz. 30 urteren ostean bertso txapelketen fokupetik atera berritan, plazen... [+]


2022-06-16 | ARGIA
Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeari bukaera emanen diote ekainaren 30ean

Lazarraga Kultur Elkarteak 2014an sustatutako proiektuari bukaera eman, eta Gasteiz Antzokiaren proiektuan zentratuko da elkartea.


Alex Vadillo
"Gasteiz Belarriprest hiria bihurtu behar genuke"

Ikasle garaian bere ibilbide profesionala ingeniaritzara bideratzeko asmoa zuen arren, beste aukera batzuk bidean agertu, eta euskarari lotutako ibilbide esanguratsua egin du ordutik Alex Vadillok. AEKn 15 bat urtez, lehenik, eta Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuan beste 18... [+]


Manuel María Ruiz. Mendi ingeniari euskaltzaina
"Gure udaletan obra goseak ez du azkenik"

Neurrizko, zentzuzko, zuhur ageri da zaratotsa nagusi den mundu zementuz josian. Mendi eta basoak izan ditu lantegi, eta sen on handiz mintzo da hala naturaz, nola haren girbin hiriaz. Apal eta sotil ari da Arabaz, toponimiaz, euskaraz... Indarraren arrazoirik gabe, arrazoiaren... [+]


Eguneraketa berriak daude