Iruzur goxoa

Getxoko Folk Jaialdian izan zen Goran Bregovic iazko irailean. Zorionez, nire adiskide batzuk ere bai, eta banekien zertara nindoan honakoan.

Balkanetako musikaren adierazle nagusienetakoa dugu Bregovic, 1950ean Sarajevon (Bosnia-Herzegovina, garaiko Jugoslavia) jaioa. Hamarkadak daramatza filmetarako soinu bandak konposatzen eta diskoak argitaratzen, gaur egun, Fanfare Ciocarliarekin batera, musika mota honen enbaxadore bihurtu dela. Bregovicek gainera jakin izan du bere jatorrizko musika tradizionalaren elementuak (haize-metalezko tresnak, eskala zingaroak, kantatzeko berezko modua) soinu elektroniko eta modernoekin uztartzen, baita ingelerarekin ere, publiko zabalagoa erakarriz. Dena den, aitortzekoa da musika honek berez duen indarrak edozein zoro bihurtzen duela aditu eta abantaila horrekin jokatzea luxua da haientzat.

Ez zen gaizki hasi emanaldia: publiko artetik banan-banan atera eta haien artean hitz egiten, jostatzen, hasi ziren bi tronpeta eta bi baritono, bonbardinoaren antzeko tresna, tronparen familiakoa, Europa erdialde eta ekialdean oso ohikoa. Jarraian saxofoi-jotzailea hasi zen eszena gainean, eta denen artean hasiera eman zioten lehen piezari. Bitartean abeslariak taularatu ziren, bi emakume bulgariar jantzi tradizionalekin atonduak, ahots nagusian eta perkusioan aritzen zen gizona eta azkenik, jantzi txuriz, Bregovic. Pieza amaitu eta segidan hasi ziren kanturik ezagunetariko batekin: Gas Gas. Bat-batean, inon ikusten ez zen helikoi bat –tubaren antzeko haize-metal familiako baxua– entzuten hasi zen bolumen ikaragarriz, base elektroniko baten laguntzarekin. Abeslari nagusiak bonbo eta txindatak jotzen zituen, kantatzen hasten zen arte, naiz eta hauek berdin-berdin jarraitzen zuten bozgorailuetan. Laburbilduz: entzuten zenaren erdia edo gehiago aurretik grabatua zetorren, “enlatatua”. Eta horrela eman zituzten kantu denak.

Baina nik, lehen esan bezala, banekien hau guztia aurkituko nuela Bregovicen kontzertuan, eta beraz disko bat entzuteagatik 30 euro pagatu nituela pentsatu beharrean, ahal izan nuen faktore positibo guztiekin gozatzen saiatu nintzen. Eszenatokian zeuden musikariak –guztiak serbiarrak, emakume bulgariarrak eta Bregovic bosniarra salbu– oso onak ziren, kalitate eta gustu apartekoak. Harritzekoa izan zen batez ere saxofoi-jotzaileak abiadura eta nota altuekin zuen erraztasuna. Emakume bulgariarrek zuten afinazio zehaztasun ikaragarriak –tonu laurdenak eta guzti erabili zituzten– momentu batzuetan auditorio osoa erabateko tentsio isilune batera eraman zuen, eta ahots nagusian ari zen gizonaren kantatzeko moduak denok zoratu gintuen. Bregovicek orokorrean gitarra batekin laguntzen zuen, bigarren ahots eta oihuak egiten zituen eta kanturen bat ahots nagusian eman zuen. Zuzendaritza lanak –sarrera eta amaierak batez ere– berak egin zituen.

Errepertorioan kantu ezagun guztiak aurkitu genituen: Gas Gas, Ederlezi, Balkaneros, Mesecina… Kontzertua partisanoen Bella Ciao eta Kalashnikov himnoekin amaitu zen, giro ezin hobea lortuz.

Iruzur egin zigutenaren sentimendua ezin izan genuen burutik kendu, baina disfrutatu genuen, nik bai behintzat. Zer kostatuko zitzaion gutxienez beste bi musikari eramatea helikoia eta perkusioa jotzeko –edo itxura egiteko–. Tira, akaso honi ere Mozal Legea baliatuz isuna jarri diote eta orain ez du dirurik musikari gehiagori ordaintzeko.

Urrun geratu da banda oso bat, koru eta soka-orkestra, eramaten zuen Goran Bregovic hura, bere ibilbideko azken fasea diru erraza irabazteko baliatzen ari dena.

Emanaldia

Goran Bregovic & his Wedding and Funeral Orchestra. Champagne for Gypsies.
Iruñeko Baluarte auditorioan eskainitako kontzertua, 2016ko apirilaren 3an. Aretoa betea.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude