Frantzian ere zutik, EBren bihotzean

Nuit Debout borroka berri eta zaharrak biltzen ditu.
Nuit Debout borroka berri eta zaharrak biltzen ditu.

Errepublika plazako  mobilizazioetatik zer aterako den inork ez daki oraindik, baina Nuit Debout (Gaua Zutik) mugimenduaren abiadak Frantzian arrasto sakona utziko duela iragarri liteke. Manuel Valls lehen ministroaren lan erreforma atzera botatzeko martxoaren 31ko greba orokorraren ondoren ikasle eta gazteek ez zirela etxeratuko erabaki zuten, eta harrez gero gauero biltzen dira Errepublikako Plazan, jadanik hainbat borroka molderen bilgune bihurtua.

Doinua ez zaio ezezaguna Espainiako M-15 mugimendua jarraitu zuenari. Edo Islandiako banku eta gobernuaren aurkako protesten jarraitzaileari. Gazteak eta ikasleak tiraka, lan erreforma indarrean ez jartzea da helburu nagusia, baina dagoeneko gauak sumindu ugari batu ditu bere baitan: lan prekarietatera kondenatutakoak, etxegabetzeen borroka, matrikulen etengabeko garestitzea salatzen duten ikasleak, paperik gabekoen aldekoak, pentsioak gero eta urriagoak dituzten jubilatuak, ekologistak, sindikalistak... Borroka zahar eta berrien uztarri bilakatu da Nuit Debout.

Pariseko bihotzean sortua, ikasle zuriak akuilu, norbait ohartu zen haren bilakaera, bere horretan, arriskutsua eta zatitzailea izan zitekeela: “hemen periferia falta da”. Eta Parisko auzo baztertu eta txiroagoetara ere hedatu da jada garra. Eta berdin Frantziako dozenaka hiri eta herrietara.

Frantziako establishmenta saiatu zen ezikusiarena egiten, hedabide handienei ere kosta zitzaien erreakzionatzea, eta egin dutenean, urriak izan diren manifestarien bortxazko erreakzioei leku ugari ematen diete. “Zer daukazu esateko hainbat manifestarien biolentziaz”, galdetzen zaie Nuit Debouteko bozeramaileei, hauek gauez poliziak Errepublikako Plazatik egotziak izan ondoren. Gau batean bai, hurrengoan ere bai, bortxaz kanporatuak diren horiei luzatutako galdera zatitzaileak.

Myriam El Khomri ministroaren lan erreforma geldiaraztea du helburu martxoaren 31n abiarazitako sindikatuen mobilizazio erraldoiak, baina Nuit Debout urrutirago doa. François Hollanderen gobernua zartarazi nahiko luke, alderdi politiko zaharkituen sistema dantzan jarri, konstituzio prozesu berria bultzatu Frantzian, neoliberalismoaren bultzada gerarazi, gizarte eredua aldatu... Gehiegi dena gauetik egunera lortzeko, baina ez mugimenduaren norabidea finkatzeko.
ISLANDIAN, Grezian, Espainian, Portugalen eta Europako beste hainbat herrialdetan bizitako eztandak dira. Emaitzak ez dira berdinak izan guztietan, baina sakoneko korrontea norabide berdinean doa.

Orain arteko irudian, baina, Europar Batasuneko periferia versus zentroa agertu da eta lehiaren irudi gordinetakoa Troikak Grezia irentsi zuenekoa izan zen. Frantziako suminduek balantza desorekatu dute, apur bat sikiera, eta gatazka EBren bihotzera eraman dute. Alemaniak agintzen du, baina Frantzia bada nor oraindik. Zer aldatuko den inork ez daki, baina aldaketaren ubidean korrontea azkartu dela ez da zalantzarik.

"Frantziako suminduek balantza desorekatu dute, apur bat sikiera, eta gatazka EBren bihotzera eraman dute"

François Hollanderen Gobernua bota nahi du Nuit Deboutek, PSri mozorroa behingoz kendu. Zalantza barik, helburu gaitzak epe motzera, eta hala ere, Hollanderenak egin du. Italia eta Espainiarekin batera, EBren grabitate zentroa aldatzera etorri zenak, Troikaren eredua gizendu besterik ez du egin. Egunotan, Frantzian, Europako sozialdemokrazia historikoa beste urrats esanguratsu bat ematen ari da bere gainbeheran.

Errepublikaren Plaza bete-hustu dinamikak noiz arte jarraituko duen ez dago garbi, baina bere helburua gutxienez apirilaren 28ra arte irautea da. Egun horretan, sindikatu eta gizarte mugimenduek lan erreformaren aurkako beste mobilizazio egun bat deitu dute. Frantziak bakarrik ez, egun horretan EB osoak finkatuko ditu bere begiak hexagonoan.
ESPAINIAN ere izan dezake eraginik Frantzian gertatzen ari denak, eta ez Podemos PSOErekin gobernuan ikuste aldera. Nekez onetsiko zuten bestela ere PSOE eta C’s-en akordioa alderdi moreko oinarriek, baina Frantziako oihartzunekin are eta gutxiago.

Hauteskundeak edo koalizio handia, horra Espainiako Estatuko herritarrek begien aurrean dutena. Podemos bietatik atera daiteke ongi, PSOEk bietan du amildegia aurrez aurre.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nuit Debout mugimendua
Asanblada eta kanpalekua. Politika, bestelako munduak sortzeko

Zergatik ez du Nuit Debout frantziarrak M15 espainiarraren irismenik izan? Elementu guztiak zeuden (eta daude) mahai gainean: alderdi sozialistaren beste eraso bat lan eskubideen aurka ("Loi travail"), egonezin sakona eta "zerbait gerta zedin" guraria giroan... [+]


Parisko Errepublika plaza gau eta egun okupatzeko deia egin du Nuit Debout mugimenduak

Ekainaren 28tik gutxienez uztailaren 10era arte, Parisko Errepublika plaza modu iraunkorrean okupatzeko dei egin du Frantziako Nuit Debout mugimentuak.


2016-06-09 | Estitxu Eizagirre
Nuit Debouteko gakoak azaldu ditu Miguel Seguik

Miguel Segui NPAko (Nouveau Parti Anticapitaliste) kidea da eta azken hilabeteetan Frantziako plazetan antolatu den Nuit Debout mugimenduan parte hartzen du. Ekainaren 8an hitzaldia eman du Gipuzkoa Zutikek gonbidatuta, Bulebarrean.


Sindikatuen zortzigarren greba eguna Frantziako Estatuan

Grebak, erregai biltegien blokatzeak, bide mozketak, zentral nuklearretako mobilizazioak… El Khomri legeari aurre egiten ari zaizkio zortzigarren egunez sindikatuak, CGT buru dutela, maiatzaren 26 honetan, ahaztu gabe Nuit Debout mugimenduak egunero antolatzen dituen... [+]


Eguneraketa berriak daude