"Isuna onartuko bagenu, hurrengoak zigortzeko ateak parez pare irekiko genituzke"

  • Zurrunbiloaren erdian harrapatu dugu ARGIAko lankide Axier Lopez (1979, Barakaldo). Mozal Legea aplikatu dioten lehen kazetaria da Euskal Herrian. Dozenaka elkarrizketa eman ostean, ostiral arratsaldean, patxadaz hitz egiteko tarte bat hartu dugu. Sei urte egingo ditu laster ARGIAn. Oso garbi du Mozal Legea borrokatu behar dela, eta indartsu dagoela dio kasua kolektibizatu denetik jasotako elkartasunari esker.

(Arg:Dani Blanco)

Gure lana egiteagatik halako lege injustu batek zigortua izatea ohorea dela esan zenuen albistea jakin berritan. Serio ari zinen?

Lege honek hainbat eskubide urratzen ditu, kazetaritzara etorrita informazio eta adierazpen eskubideak. Gure lana egite hutsagatik isuna jasotzea, ez dakit ohorea den baina harro nago egindakoaz, eta oraindik harroago kazetari eta kazetari ez diren hainbat herritar, mugimendu politiko eta herri mugimenduk emandako erantzunarekin.

Zigorrarekin zer lortu nahi dute?

Arriskutsuena beldurra zabaltzea da. Hau bezalako kasuetan ez badago erantzun positibo eta kolektibo bat, zigorraren mamua gera daiteke. Kazetari batek bi aldiz pentsatu behar badu begien aurrean duenaz informatzeko orduan, lege zigortzaile honek irabazi duen eta guk zerbait gaizki egin dugun seinale. Beldurrari aurre egin behar diogu lehen unetik, eta gure kasuak horretarako balio badu pozik egongo gara.

Kazetaritza delitu? Nora goaz?

Kazetaritza, edo informatzea delitu. Argazki batzuekin txio bat edonork egin dezake sare sozialen bidez, ez duzu kazetari izan behar edo bost urteko ikasketarik behar. Boterearentzat deseroso diren zenbait gai ezkutatzeko asmoa dago atzean. Gure lanbidean delitu zantzuak irudikatu nahi dituzte, gu geu izan gaitezen geure buruaren zentsuratzaile.

Babes zabala jaso duzu. Euskal Herritarren hedabide mordoa, Hekimen elkartea, Euskal Kazetarien Elkartea, Espainiako Kazetarien Elkartea, PEN Kluba, albistea nazioarteko hedabideetan jaso dute... nola bizi duzu gaia?

Isunarekin harrituta geratu ginen, atxiloketa honen gisako mila kasu jorratu ditugulako ARGIAn. Bagenekien kasu honek zeresana behintzat emango zuela, aurrekariak bazeudelako. Kazetaritza ez da Delitua ekimena adibidez indartsua izan zen kazetaritzaren ikuspegitik, Iraitz Salegiren gaia jorratuz eta Mozal Legeari aurre eginez 470 euskal kazetari, argazkilari, unibertsitateko irakasle batu ginelako. Baina ez genuen espero Euskal Herriko mugak gainditzeaz gain horrenbeste atxikimendu lortzea. Ez dugu isun honekin bat datorren inor aurkitu kazetaritzaren eremuan. Horrek dena dio. Maila politikoan eta sozialean PP hau defendatzen bakarrik geratu izanaren isla izan da jasotako elkartasuna.

Sentitu al duzu sektoreren baten falta?

PP bakarrik dago, baina nolabaiteko babesa du, hauteskundeak irabazi baititu. Sektore ekonomikoen babesa du, eta hauek hedabide batzuekin harreman zuzena dute. Hedabide horiek dira horrelako kasuen aurrean isiltzen direnak. Isiltasunaz ere hitz egin behar da, eta gertuko kasu gisa Vocento har genezake. Espainiako Estatu mailan zigortu duten lehen kazetarietako bat Euskal Herrikoa izanik, Vocentoren hedabide gehienek ez dute aipatu ere egin. Mexikon hizketan ari dira, Associated Press agentziak ere zabaldu berri du, baina etxean bertan ekoizten diren egunkari batzuetan ez da aipatu. Bakoitzak jakingo du zer egiten duen, eskubide osoa dute horretarako, baina bakoitza bere praktikak islatzen du.

[Elkarrizketa egin eta ordu gutxira mundu osoko ehunka hedabidek argitaratu zuten albistea, tartean New York Timesek eta The Guardianek]

Mozal Legeak zilegitasun politiko txikia du Espainiako Estatuan eta are txikiagoa Euskal Herrian. Zer egin liteke?

Lege injustu guztiekin bezala, justuena desobeditzea da. Bai kazetariok, bai herritarrok. Ertz asko ditu lege honek, eskubide zibil eta politikoekin oso zigortzailea da, espazio publikoaren erabilera zigortzen du... Lege horrek proposatzen dituen ideiak guk naturalizatzea litzateke arazoa. Geure ditugun eskubide horiek praktikan jartzen jarraitu behar dugu, legea desobedituz, noizbait lege hori bertan behera uztea bilatuz. Eta kazetaritzaren aldetik, desobeditu eta gure lana egiten jarraitu behar genuke inori baimenik eskatu gabe.

Aurrekoan PPko kide batek neurria defendatzeko zioen azken finean legea aplikatu dizutela, ez dagoela arazorik. Honenbestez, berriz ere legea vs. justizia dikotomiara heltzen gara.

"Beldurrari aurre egin behar diogu lehen unetik, eta gure kasuak horretarako balio badu pozik egongo gara

Lehen aldiz, Mozal Legeaz PPko batek dioenarekin ados nago. Legea aplikatu didate eta egin didatena legala da. Egun argiz egin den polizia operazio publiko baten berri ematea delitu bilakatzen duen legea da arazoa, halako astakeriak baimentzen dituena. Niri isuna ez dit epaile batek ezarri, PPko politikari batek sinatuta heldu zait. EAEko parlamentuan %12ko babesa duen alderdi bateko politikaria da Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkaria. Nik ez dut aukerarik izan neure burua defendatzeko, kasua argitzeko. Zuzenean zigortzen gaituzte, eta ondoren, errekurtsoa sartzea erabakiz gero daukazu zeure burua defendatzeko aukera. Guk hala egingo dugu, baina hori salatu beharra dago. Guztiz babesgabe uzten gaituzte. Honek zalantzan jartzen du Espainiako botere banaketa, non geratzen da botere politiko eta judizialaren arteko banaketa?

Orain urtebete Kazetaritza ez da Delitua ekimenean Iraitz Salegiri babesa artikulatzen buru belarri ibili zinen. Kasualitateetan sinesten duzu?

Kasualitate gutxi herri santu honetan. Ez dugu frogarik, baina marka da. Isuna jaso nuen egunean, Espainiako Kongresuan eztabaida bizian ari ziren oposizio guztia batuta Mozal Legea atzera botatzeko. Euskal Herrian Mozal Legeari erantzun handia eman genion ekimen horren bidez, eta handik zortzi hilabetetara Estatu osoan zigorra jaso duen lehenetakoa naiz. Naroa Ariznabarretarena gisako atxiloketa asko izaten dira Euskal Herrian eta hemendik kanpo. Googlen Rodrigo Rato Detención bilatu besterik ez dago ehunka argazkitan polizia agenteak aurpegi bistan ikusteko.  Espainiako komunikabide guztietan atera zen, eta zer kasualitatea Espainiako Estatuan zigortzen duten lehen hedabidea ARGIA izatea, euskaraz lan egiten duen hedabide independente eta txiki bat. Legearen erabilpen honek zer pentsatua ematen du.

ARGIAko lantaldean gure aurkako eraso gisa ikusi genuen isuna, ez ordaintzen saiatzea eta Mozal Legea borrokatzea erabaki genuen aho batez. Azal dezakezu plana?

Nik neuk, ez dut asmorik injustua den isun bat ordaintzeko. Eta ARGIAko kazetari gisa lanean ari nintzenez, kolektibo bateko kide gisa, erantzunak kolektiboa ere izan behar zuela argi genuen. Ez dugu isuna ordaintzea onartzen eta salaketa publikoa egiteaz gain, maila judizialean ere Mozal Lege hau borroka daitekeela pentsatzen dugu. Ondoren etor daitezkeen kasuen aurrekari gisa balia badaiteke gurea, Mozal Legearen aurka borroka egoki eta zabal planteatuz gero, ekarpen polita litzateke lehen eta azken kasua izatea hau. Eragiteko esparru guztietan lana eginez, kalean, maila judizialean, gainerako elkarteekin maila sozial eta politikoan elkarlana bideratzeko balio badu, ongi etorria.

Zurrunbilo honen erdian, nola zaude zu?

Ni indartsu nago ingurukoak indartsu ikusten ditudalako. Halako isun bat jasotzea ez da xamurra, ordaindu eta gainetik ahalik eta azkarren kentzen saiatzea da aukera bat. Baina hori onartuz gero badakizu ateak parez pare irekita uzten dizkiezula hurrengo kasuei, 600 euro beharrean 20.000 euroko isuna jasotzeko, legeak baimentzen baititu 30.000 euro arteko zigorrak. Lehen unetik oso garbi neukan kasu hau kolektibizatu behar zela, eta ondoren ARGIAko kideekin konpartitua are gehiago. Gauzak kolektibizatzean eta ingurukoen babesa sentitzean ez dago beldurrerako tarte handiegirik. Kasuak beste dimentsio bat hartu du eta une honetan oso pozik eta harro sentitzen naiz inguruan jasotako elkartasun itzelarekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA mozalik gabe
2021-01-15 | ARGIA
Gasteizko Herritarren Defendatzaileak arrazoia eman dio ARGIAri: Polizia grabatzea eskubidea da

Gasteizko udaltzain batek polizia operazio baten irudiak hartzea debekatu nahi izan zion mehatxuka ARGIAko kazetari bati 2020ko maiatzaren 7an. ARGIAk salaketa aurkeztu zuen Gasteizko Herritarren Defendatzailearen aurrean. Sindikoak arrazoia eman dio ARGIAri: Polizia grabatzea... [+]


2020-06-25 | Hala Bedi | ARGIA
ARGIAk eta HALA BEDIk kexa bana aurkeztu dugu Sindikoan eta Arartekoan, Poliziaren jarrera salatzeko

Iragan maiatzaren 7an eta 8an ARGIAko eta HALA BEDIko kazetarion lana oztopatu zuen Poliziak Gasteizen, mehatxuak eta gezurrak erabilita. Bi hedabideok Ertzaintza eta Gasteizko Udaltzaingoaren jarrera salatu dugu Arartekoan eta Gasteizko Sindikoan aurkeztutako kexen bidez.


2020-05-12 | Z. Oleaga
Informazio eskubidearen aurkako erasoa
Gasteizko udaltzain batek ARGIAko kazetari bati: "Mugikorra ez erabiltzeko agintzen dizut"

Gasteizko Udaltzaingoa legea urratuz sartu zen okupatutako etxebizitza batean ostegun gauean. ARGIAko kazetari bat han zen lanean. Udaltzainetako bat, legeak dioenari muzin eginez eta gezurrak erabiliz, kazetariaren lana oztopatzen saiatu zen desalojoaren lekukotasun grafikorik... [+]


2019-11-10 | Koldo Izagirre
Astean asteko historia
2017ko martxoaren 19a

Eguneraketa berriak daude