2011n jarri zuen martxan Apaiziartza Kolektiboak Gaintxurizketako (Lezo) baratzeen proiektua. Gipuzkoako Foru Aldundiarena zen baserria eta inguruko lurrak erabiltzen hasi ziren, tokia artzaintzarako erabiltzen zuten artzainekin adostasuna lortu eta gero. “Erabilpenik gabeko gunea nekazaritza lanetarako berreskuratu genuen”, diote partaideek. Nekez pentsatuko zuten urte batzuk geroago izanen zuten oztopo nagusia auzokide bat izanen zenik: martxoaren 17an prentsaurrekoa eman zuten kolektiboko kideek, auzokidearengandik jasaten ari diren erasoak salatzeko eta Lurraren Orena proiektuaren emaitza onen berri emateko. Proiektuak bi urte martxan zeramatzanean hasi ziren bizilagunaren etengabeko erasoak: “Untxiak sartu zizkigun baratze ekologikoetara landaketa guztiak suntsituz, argia eta kontagailuaren kableak moztu dizkigu askotan eta teilatua izorratzen ari zaigu berarenetik erortzen zaion uraren ondorioz”. Azkenaldian jendea erasotzeari ekin diola ere salatu zuten: autoetako gurpilak zulatzea, mehatxuak edota irain sexistak ohiko bihurtu dira baserriko kideentzat.
Zerotik abiatutako proiektua
“2011ko hastapenean 20 saski banatzen genituen inguruko kontsumo taldeetan, 2.500 metro koadro lantzen genituen eta bi nekazari soilik ginen. Egun, berriz, 100 familia elikatzen ditugu saskiekin, 12.000 metro koadro lantzen ditugu eta bost nekazari gara”. Emaitzek argi erakusten dute ia baliabiderik gabe hasitako proiektu hura osasun ezin hobean dagoela gaur egun. Eta hori lortzeko auzolana, elkar laguntza eta autogestioa izan dituzte ardatz kideek: “Egungo gizarte eredu kapitalistatik urruntzeko borondatez, lurra herritar guztien ondarea dela aldarrikatu eta hura defendatzea da gure helburua”. Aldarrikapen horiek nekazaritza ekologikoaren eta elikadura burujabetzaren bidetik egiten dituzte eta oztopoak oztopo, kideek argi adierazi zuten beren hautua: “Pertsona guztientzako bizitza duin baten alde eta lurraren zaintzaren eta errespetuaren alde borrokan jarraituko dugu”.