argia.eus
INPRIMATU
Adiskide bat nuen…
Xabier Etxaniz Erle 2016ko apirilaren 14a

Arbolandi
Jacques Goldstyn

Ilustrazioak: Jacques Goldstyn
Itzulpena: Aritz Galarraga
Tramuntana, 2015
76 orrialde

Oker ez banago hauxe da argitaletxe katalan honen bigarren lana euskaraz. Quebecen jaiotako idazle eta komikigile honen lanaren aurretik Montse Torrentsen Hari ikusezinak plazaratu zuten iaz. Alde horretatik pozgarria da kanpoko etxeek euskaraz ere argitaratzeari ekitea eta aberasgarria euskal merkatuan ikuspegi eta joera berriak ager daitezkeelako.

Arbolandi hau ume txiki batek lehen pertsonan kontatzen duen istorioa dugu. Bizi bizi hasten den istorioa; orrialde bakoitzean egoera bat: “Arranopola! Eskularru bat galdu dut. Ez dut inon aurkitzen”, eta ondorengo orrian: “Gauza galduen bulegoan nago. Ehunka eskularru daude. Larruzkoak, artilezkoak, beisbolean jokatzeko bat”. Ohikoa denez, testua irudien bidez osatzen da; eta protagonistaren mezuez gain bere poza, harridura edo sumina jaso dezakegu irudien bitartez. Beste kolore bateko eskularrua janzten duenean bezala: aurpegia irribarre zabalez ageri zaigu.

Baina zuhaitz batekin duen harremanari buruzko istorioa dugu hau; izenburuak berak adierazten duen bezala arbola handi batekin duen harremanaz. Mutiko bakartiak gustuko dituen gauzen artean “nire zuhaitzera igotzera dut maiteen” adieraziko digu. Eta hortxe hasten da zuhaitzarekin duen erlazioa kontatzen, zer egiten duen bertan, zer ikusi, zer sentitu… baita zuhaitzak egiten dituen gauzak ere, bere baitan jasotzen eta babesten dituen animaliak. Erlazio bitxia, benetan. Une batean Arbola eskuzabala hura gogora ekarri digun erlazioa; baina oraingoan oso bestelakoa da.

Arbolandi azkar eta gustura irakurtzen den liburua dugu. Irudiek (Sempé handiaren antza hartu diogu batzuetan) irakurlearen –edo ikuslearen– irudimena bultzatzen dute, sinpletasunaren bidez asko komunikatzen dutelako. Testuak, aldiz, kontzeptuak, sentimenduak, ideiak, adierazten dizkigu oso hitz gutxiren bidez.

Irakurleak, narratzailearen azalean sartuta, zuhaitzarekiko maitasuna bizi ahal izango du; nolako harremana duen mutikoak zuhaitzarekin, nola ikusten duen ingurua, bizitzen natura… eta hori guztia amaituko dela dirudi; udaberria iritsi eta “zuhaitz guztiak betetzen dira kimuz eta gero hostoz. (…) Zuhaitz guztiak Arbolandi izan ezik”. Mutikoak zuhaitzarraren ondoan ikus dezakegu, hostorik gabeko arbolari begira, adar hutsetan den zuhaitzaren oinetan, txiki eta geldi, lagunari so.

Askotan badakigu gure inguruko animalia bat edo bizidunen bat hitzen denean, baina noiz jakin zuhaitz bat hil dela? Noiz konturatzen gara hil egin dela? Eta une horretan, mutilak zerbait egitea erabakitzen du bere lagunarekin “tximiniarako egur, altzari edo zotz” bilakatu baino lehen.

Bitxia, harrigarria eta hunkigarria da Arbolandi istorio hau. Euskal irakurleak, haur nahiz heldu izan, gozatzeko liburua.