argia.eus
INPRIMATU
Uliako lore baratzeak
Parke bat, herritarren proiektuak aurrera ateratzeko
Garazi Zabaleta 2016ko apirilaren 06a

“Ulia auzoa oso sakabanatua da, ez dugu elkarbizitzarako tokirik. Hori eskaintzen digu parke honek”. Leire Rodrigez Uliako Lore Baratzeko kideak argi du auzoari parkeak ematen dion aberastasuna. Urteak itxita zeramatzan parkeko ateak zabaltzeko eskaerarekin hasi zen lehenik auzo-elkartea, eta 2013an Uliako Lore Baratzeen proiektua gehitu zioten eskaerari. Auzo-elkartearen lanari esker 2014ko urte amaieran udalak partzelaren kudeaketa lehiaketa publikora atera zuen eta Uliako Lore Baratzeak proiektua izan zen aukeratua. Parkea kudeatzeko batzordea sortu zuten orduan: ideia lursaila herritar guztientzat irekita egotea da ahalik eta denbora gehien, lore-baratze guneak antolatzeko aukerak emanez. Oraingoz parkeko zenbait zati dituzte martxan.

Proiektu anitza, auzotar guztiei irekia

Egitasmoaren aniztasuna azpimarratu du Rodrigezek: “Proiektuak ez du inongo loturarik alderdi politiko edo ideologia zehatzekin. Hemen bost minutu baino gehiago egoten denak segituan ulertzen du hiriarentzat altxor bat dela parkea”. Herritarren proiektuak eta ilusioak aurrera ateratzeko espazioa da, “benetako bizi publikoa” egiteko tokia. Esanguratsua da, adibidez, urtarrilean Eusko Jaurlaritzak Elkarlan saria eman izana proiektuari ingurumen eta gizarte kohesioan egindako lanagatik.

Parkea edo urbanizazioa, biak ez

Azken hilabeteetan, presa handiz jarri du martxan Donostiako Udalak parkean 70 etxebizitza egiteko hirigintza egitasmoa. Udalak etxebizitzen plana parkeko jarduerarekin bateragarria dela dioen arren, parkearen babesleek argi dute hori ezinezkoa dela: “Eraikitzen hastean hoditeria, argiteria edota errepidea egin beharko dituzte. Beraiek parke moderno bat nahi dute, orain daukaguna hori baino askoz gehiago da”. Otsailaren 25eko Udal Plenoan onartu zuten etxebizitzen plana EAJren eta PSEren botoekin. EH Bilduk eta Irabazik, berriz, Ategorrieta-Ulia eta Intxaurrondo Zaharra auzoetan galdeketa bultzatuko dutela adierazi zuten. Uliako Lore Baratzeko kideak ere plenoan izan ziren, eta parkea babesteko lanean jarraituko dutela garbi utzi zuten: “Espekulazioaren aurrean, bestelako hiri eredua behar dugulako”.