argia.eus
INPRIMATU
Lokatzezko kantuak
Jon Aranburu Artano @jonaranburu 2016ko apirilaren 06a
Argazkia: Dos por dos
Argazkia: Dos por dos

Martxoko ostegun hotz baterako ez zegoen plan hoberik Amorante eta JP Lohian eta bere Klonen Klana ikustera joatea baino. Kartel ezinhobea, aurten euskal musikak eman dituen bi sorpresa dotoreenak batera baitzetozen, nora eta Hell Doradora. Aretoa ezagutzen duenak badaki, leku gutxi egongo direla hau bezain egokiak kontzertu ozen bat entzun eta ikusteko.

Amorante lehenago ere ikusia genuen Gasteizen, eta horren berri eman genuen sail honetan. Izango zen baten bat Iban ikustera joana zena. Berak hasi zuen emanaldia, eta kontzertu laburra eman zuen, nahiz eta errepertorio gehientsuena jo, eta kantu berriren bat edo beste ere bai.

Baina, inork esan gabe ere bagenekien Klonen Klanaren zain geundela bertaratutako guztiok, eta publikoaren jarreran nabarmendu zen, Joseba Ponce eta bere lagunak taularatu orduko, lehenengo ilarak jendez bete baitziren. Disko bakarra esku artean, aurretik bi kontzertu bakarrik emanda, eta hala ere, aretoa bete; seinale gogoa zegoela Joseba Ponceren lana zuzenean ikusteko.

Eszenografia, zaindua: lanparaz eta laborategi makabro bateko itxura zuten ontziz josia zegoen taula gaina. Eta bertan, luxuzko banda: Libe Garcia de Cortazar teklatu eta ahotsetan, Karlos Osinaga “Txap” baxu eta ahotsetan, Galder Izagirre baterian, Gorka Sesma gitarran, eta JP bera gitarra eta ahots nagusian ziren klonak. La crème de la crème.

Gerora irakurri dugunagatik, Bilbon aurreko egunean eman zuen kontzertuaren bestelakoa izan zen kantuen ordena; izan ere, Gasteizen Liberen diskoan kaleratu, baina Joseba Poncek berak idatzitako Gurinezko bihotza kantuarekin hasi baitziren, eta gero kantuak ez zituzten diskoko ordenan jo. Kantu horrez gain, diskotik kanpoko beste bat ere jo zuten, jendeak abestu ez zuen bakarra, ze beste guztiak ozen kantatu zituen. Zortzi kanta guztira, beraz, oso oker ez banago. Gutxitxo aukeran, baina dagoena dago.

Irrika zegoen entzuteko nola zuzeneratuko zituzten kantuok, eta neuri, behintzat, bete-betean asmatu dutela iruditzen zait. Diskoaren aldean, zuzenekoa indartsuagoa da, ñabardura gutxiagokoa, agian, baina intentsoagoa. Kantuak lokaztuago zetozen, Bidasoak kutsatuago. Stonerra, psikodelia, rocka... diskoan topa daitezke, baina zuzenean, zenbaitetan, Hardcore kutsuak ere nabari zitezkeen, Galder eta Txapen erritmo konbo basatiaren eraginez, eta horrek Dut eta Kuraia zekartzaten burura, ezinbestean.

Duela 20 urte Dutekin buruak astindu genituenok, gero Kuraiarekin ere astindu genituen; orain, JP Lohianekin tokatu da, eta luzerako izan dadila. Ez dakigu, baina, agendak nola koordinatuko dituzten taldekideek. Oraingoz, behintzat, kontzertu sail bat eman dute eta isildu egin dira. Pena litzateke horretan gelditzea, ze Euskal Herriko talde interesgarrienetako bat dira, dudarik gabe. Baina hau esanda, ez diot inori ezer  deskubritu. 

Amorante eta JP Lohian & Klonen Klana

Amorante eta JP Lohian & Klonen Klana. Martxoaren 17an 20:30ean, Gasteizko Hell Dorado aretoan eskainitako emanaldia.