argia.eus
INPRIMATU
Jerardo Elortza Egaña
Jakintzak ez omen du lekurik okupatzen
Itsaso Zubiria Etxeberria 2016ko apirilaren 06a
2015eko Argia Egunean, Elortza Oñatin barna ibilbide historikoa gidatzen.
2015eko Argia Egunean, Elortza Oñatin barna ibilbide historikoa gidatzen.

Jerardo Elortzak ez du ba gauza bera pentsatzen. Zeruko Argiatik ARGIA izatera pasa zenetik gaur arterako aldizkari guztiak ditu gordeta. Eta non sartzen dituen horiek denak? Etxeko zirrikitu guztiak bete zituenean garajean egin zien lekua, eta hura topera zeukala alabaren baserrian prestatu zuten txokoa astekariz betetako kaxak gordetzen joateko. Ez da, baina, jasota daukan papereko komunikabide bakarra: garai bateko Punto y Horak edo Egin zaharrak ere badauzkala aitortu digu. Eta hala dio berak barrez: “Kontrakorik esaten bada ere, jakintzak lekua okupatzen du, bai”. Motibo berezirik ez omen du, dena dela, egunkari eta aldizkari hauek guztiak gordetzeko. Motiborik ez dakit, baina edonork nahi lukeen artxiboa dauka.

Filologia alemaniarrean lizentziatua da Jerardo Elortza oñatiarra, eta urteak daramatza euskararen eta euskal kulturaren bueltan. ARGIAko harpideduna da Zeruko Argiaren azken fasetik, eta astekariaren ibilbidea gutxik bezala ezagutu du. Euskarako eta historiako klaseak ematen zituen 1980ko hamarkadan, ARGIAk erabiltzen zituela hizkuntza bezala euskal mundua lantzeko.

Etxean daukan altxorrarekin, ordea, azken berrogei urteetako ibilbidea idatzietan soilik ez, irudietan ere ikus daiteke. Portadak. Zer utzi digute urte hauetan zehar astekariaren azalek eta irudiek? ARGIAren lehen portada datorkio burura Elortzari, Lemoizko zentral nuklearrarena; baita aurretik Zeruko Argian 1976an argitaratu ziren Anparo Arangoari torturatua izan ondoren ospitalean zegoela ateratako argazki historiko haiek ere. Baina argazki, irudi eta portada horiek ez digute soilik gure herriko historiaren norabidea bakarrik erakusten, baita hedabideak historia horretan egin duen ibilbidea ere; zein gairi egin zaion toki bat aldizkarian, zeri eman zaion portada...

Astekariko harpideduna baino gehiago da Jerardo Elortza, artxibistaz gain. ARGIA proiektuan parte-hartze aktiboa du. Ala ez zara oroitzen nork egin zuen 2015eko Oñatiko Argia Eguneko bisita gidatu historikoa?