Zementu gehiago Meatzalde eta Ezkerralderako

  • Azken hilabeteotan hautsak harrotzen ari da –ez lehenbizikoz– mende hasieratik datorren azpiegitura proiektu bat: hegoaldeko trenbide saihesbidea, Santurtziko portura iristen diren merkantziak trenez ateratzeko helburua duena. Momentuz zati bakarra dago eginda, Serantes mendiaren azpiko tunela. Eginda, baina itxita; 2010ean amaitu zenetik ez da trenik ibili bertan. Tunelari behingoz erabilpena emateko Espainiako Gobernuak Ortuella eta Bilbo arteko hamabi kilometroko trenbide berria proposatu du, baina proiektuari dozenaka alegazio aurkeztu dizkiete Ezkerralde eta Meatzaldeko herri elkarte eta erakundeek, eskualdeoi ekarriko lizkiekeen kalteak direla eta.

Serantes mendiko tunelaren irteeretako bat –gaur egun itxita–, Ortuellako aldean.
Serantes mendiko tunelaren irteeretako bat –gaur egun itxita–, Ortuellako aldean.Argazkia: Irantzu Pastor

Euskal Herriko “Castelló-ko aireportua” esan izan zaio Seranteseko tunelari. Espainiako Sustapen Ministerioak 2001ean onartu zuen hura eraikitzeko proiektua, baina lanak ez ziren 2005era arte hasi. Amaitu, berriz, 2010ean. Iragarritako helburua zen Santurtziko Portutik trenez ateratzen diren merkantzien zati bat bertatik eramatea, Ezkerraldeko herri populatuak (Santurtzi, Portugalete, Sestao, Barakaldo) garraio horren zamaz libratzeko hein batean.

Batzuk libratzeko beste batzuen bizkar gainean ipini behar, ordea. Seranteseko tunelak jarraibidea izateko portuko merkantziak Ortuella eta Trapagaran herrietatik igaro behar ziren, Meatzaldea bailaran. Proiektuak erantzuna jaso zuen herriotan –haren aurkako Meatza plataforma sortu zen besteak beste–, eta azkenik adostu zen tunelak ez zuela funtzionatuko hegoaldeko trenbide saihesbide osoa egin arte.

2008an onartu zen saihesbide proiektua, hamazortzi kilometrokoa, Arrigorriagaraino iritsiko zena hirigunerik zeharkatu gabe. Kostua, 600 milioi euro. Ordurako hasita zegoen krisi ekonomikoa, eta Madril ez zen proiektuan murgildu. Seranteseko tunela amaitu egin zen, ia 50 milioi euro gastatuta, baina erabiltzeke dago oraindik.

2014an gaia berpiztu

Afera lozorroan egon zen 2014ra arte. Orduan, eskualdeko herritarrek prentsaren bidez ezagutu zuten Espainia eta Euskal Herriko zenbait ordezkari publiko tunela martxan jartzeko asmoa agertzen hasiak zirela. Hamarkada bat lehenagoko erresistentziak berpiztu eta Meatza plataforma berriz hasi zen lanean; 2015eko urtarrilean 2.000 lagun bildu ziren Ortuella eta Trapagaranen egindako manifestazioan.

Azkenik, azaro amaieran, hauteskunde orokorretarako kanpaina hasi baino astebete lehenago jakin zen Sustapen Ministerioaren asmo zehatza. Zehazki, azaroaren 28an argitaratu zuten hegoaldeko trenbide saihesbidearen lehen faserako ikerketa txostena, alegazioak aurkezteko hilabeteko epea irekiz. 2008ko helburuak apaldu egin dira, baina ez dira makalak: txostenak hainbat ibilbide aztertzen baditu ere, Ministerioak lehenesten duenak hamabi kilometroko luzera eta 300 milioi euro inguruko kostua leukake.

Ibilbidearen zati handiena –bederatzi kilometro inguru– hiru tunelen azpitik igaroko litzateke, eta biadukto bi ere izango lituzke. Aukera guztietan garestiena eta ingurumenerako kaltegarriena dela onartzen du txostenak berak, baina “funtzionalitateagatik” lehenesten du. Hau da, Bilbo eta Santander arteko balizko AHT linearekin lotura egiteko egokiena litzatekeelako.

Ingurumenari kalteak

Proiektuak alegazio ugari jaso du, bai herri mugimenduarenak bai erakundeenak, inguruko udalenak batik bat. Azpimarratzekoa da, zentzu horretan, Amaia del Campo Barakaldoko alkate jeltzaleak proposatutako ibilbideaz esandakoa: “Ingurumenerako basakeria da”. Udalerriko azken gune naturalen defentsan diharduen Barakaldo Naturala plataformak, hain zuzen, hainbat alegazio aurkeztu dizkio Espainiako Gobernuaren txostenari. Besteak beste, balio handiko parajeak suntsituko liratekeela azpimarratzen dute.  

Bestalde, Barakaldo Naturalak bere alegazioetan gogorarazten du proiektuaren txostenak ez duela kontuan hartzen Argalarioko biltegia –haren azpian tuneletako bat eraikiko litzateke– beranduenez hamar urte barru hustu behar dela. Ehunka mila tona lindano daude gordeta Argalarion.

Proiektua bera ezbaian

Ingurumenarekin zerikusia duten alegazio zehatzetatik harago, Barakaldo Naturala eta Meatza elkarteek –bigarrenak 72 alegazio aurkeztu ditu orotara– proiektu osoa jartzen dute ezbaian. Portuko merkantzien garraioari irtenbidea emateko modua birpentsatu behar dela diote, inguruko herritarren iritzia benetan kontuan izanik. “Arazoa da”, diosku Meatzako kide batek, “ikerketa txostenaren helburua nagusia Seranteseko tunela irekitzea dela. Gure bizi-kalitatearen aurkako erasoa da, eta ez da lehena, tunela irekitzeari alternatibarik ba ote dagoen pentsatu gabe”.  

Espainiako Gobernuak proposatu duen ibilbidearen aldekoak eta kontrakoak ez datoz bat funtsezko gauza batean. Lehenbiziko multzokoek –Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politiko gehienak barne– diote premiazkoa dela Santurtziko Portuko merkantzien garraioari bide berriak eskaintzea, handitu egin baita portura iristen diren salgaien kopurua: %10 inguru, 2012tik.  Bestelako iritzia dute egitasmoaren aurka dauden herritar taldeek eta EH Bilduk, besteak beste. Koalizioak eta Eguzki talde ekologistak argudiatzen dute ikuspuntu zabalago batez begiratuta datuak oso bestelakoak direla: zehazki, %25eko jaitsiera 2007 eta 2013 bitartean.

Espainiako Sustapen Ministerioaren hurrengo urratsaren zain daude orain, batzuk bezala besteak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azpiegitura handiak
2024-04-22 | Ahotsa.info
Sakanak tren publiko eta sozialaren aldeko apostua egiten du

Manifestazio jendetsua egin dute Altsasun AHTren lanak gelditzea eta gaur egungo trenbidea hobetzea eskatzeko.


Larunbatean manifestazioa egingo dute Altsasun: "Trena benetako garraiobide bihurtu dadin"

AHTren kontrako eta trenaren aldeko eragileek deituta, manifestazioa egingo dute Altsasun apirilaren 20an, larunbatarekin, tren-azpiegiturak berritu eta trenen maiztasuna handitzea eskatzeko. Alternatiba bat badagoela gogorarazi dute deitzaileek eta azterketa hori aurrera... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


2024-04-14 | Sukar Horia
Superretik Subera

Iaz ireki zuten Supersurraren fase berria. Bilboko azken haran naturala porlanez zikindu ostean, bidesaria ordaintzeko prest dauden gidariek, eta erratuta Supersurrera sartzen diren horiek, minutu pare bat irabazi ahal dizkiote erlojuari.

Eraikuntza enpresek dezente gehiago... [+]


Eguneraketa berriak daude