Munduan gerraren ondorioak zein diren ikusten ari gara azkenaldian, batez ere Sirian, baina baita Europan ere, milaka errefuxiatu iristen ari baitira. Bestalde, hor daude Frantzia eta Belgikako atentatu odoltsuak. Europako atentatuok inpaktu handikoak dira mediatikoki, Europako herritarroi gertuago eragiten digulako. Askoz gutxiago ukitzen gaituzte gure mugetara iristen diren errefuxiatuek, jadanik lau milioi diren arren Siriako gerratik ihesi. Eta distantzian hain urrun dauden eta telebistek erakusten ez dizkiguten siriar gatazka luzearen 250.000 hildakoek zer esanik ez.
Aita Santuak berak salatu du Bruselako aireportuan eta metroan izandako atentatuen atzean arma trafikanteak daudela: “Odola nahi dute eta ez bakea, gerra eta ez anaitasuna”. Falta zitzaion esatea Siriako gerraren atzean arma trafikante horiek dabiltzala eurentzat negozioa egiten, AEBak, Errusia eta Europa inplikaturik dauden gerra ororen atzean bezala.
2014ko munduko gastu militarra ia bi bilioi dolarreraino iritsi zen; munduko Barne Produktu Gordinaren %2,4 da hori. Batez beste, pertsonako eta urteko 248 euro gastatzen dira armetan. Munduko hamar armagintza enpresa handienetatik zortzi AEBetan aurkitzen dira. Urtero 23.000 milioi dolarreko etekinak izaten dituzte. Espainiako Estatuak 2014an 3.200 milioi dolarreko balioa zuten armak esportatu zituen. Arma produkzio horren gehiengoa Irak, Afganistan, Siria, Libia eta Yemenera doa, hala nola Israel eta Saudi Arabia edo antzeko herrialdeetara. Beraz, ez dezagun ahaztu: Siriako egungo gatazka kapitalarentzat negozio erraldoi bat ere bada, atzean armagintza industria dagoelako.