Igaro zen Aberri Eguna. Barkatu, baina Francorekin hobeak ziren. Haiek bai aberri-egunak! Ala gazteagoak eta fede sendoagokoak (edo inozoagoak) ginelako ote zen? Dena den, ez ditzagun mamuak berpiztu, eta behean bego aipatua, ondo dago eta!
PSE/PSN/PSOEren jarrerak ikusita: zergatik ote da gurea "obsesio soberanista eta identitarioa", baina ez espainiar nazio handi bakarraren subiranotasuna bai ala bai inposatzea, Estatuaren aparatu guztia lagun, armada barne?
Zintzo esanda, azkenaldian poz gutxi samar ematen didate alderdi abertzaleek, etsipenak gehiago. Urtea joan eta urtea etorri, zeinek du aldarrikaturiko helburuak lortzeko estrategia zehatzik, plangintzarik, bide-orririk, bidaiderik, eperik? Tristea da, baina Aberri Eguneko adierazpenak umorez eta etsipenez hartu ohi ditut. Dena den, badira bi argi-izpi zerumugan: lehena, Ahal Dugu/Podemosen jarrera Erabakitzeko Eskubidearen alde. Eta bigarrena, eskubide hori erabiliz datozen hilabeteetan zenbait herri eta eskualdetan egingo diren bozketak.
Lehena are garrantzitsuagoa da, PSE/PSN/PSOEren jarrerak ikusita. Zergatik ote da gurea “obsesio soberanista eta identitarioa”, baina ez espainiar nazio handi bakarraren subiranotasuna bai ala bai inposatzea –Estatuaren aparatu guztia lagun, armada barne–, erkidego bateko edo besteko biztanleen gehiengoak besterik nahi izanda ere? Zergatik Erabakitzeko Eskubideak banatu egiten du gizartea, statu quoa mantentzeak edo beste edozein hauteskundek banatzen ez badute? Zergatik hitz egiten da gure “etnizismo esklusibistaz”, boto-eskubidea berme eta balio berekoa bada biztanle guztientzat, euskal abertzale sutsua nahiz espainiar nazionalista amorratua izan?
PSE autodeterminazioaren aldeko pankartaren atzean ibili zeneko garaiak ahaztuta, Ahal Duguren jarrera berritzailea da, ezin demokratikoagoa; jarrera gotortu, blokeatu eta zaharkituen aurrean, haize fresko eta gaztea. Bejondeiela!
Bestalde, zuzenean edo zeharka Gure Esku Dagoren ekimenez, laster botoa emateko aukera izango da hainbat herritan. Aintzatespen ofizialik gabe, balio sinboliko eta morala izango dute; baina gauzak ondo egiten badira, balio pedagogiko handikoak ere izan daitezke. Hortxe ikusten dut erronkarik handiena: jende guztiari (ez gure sokakoei bakarrik) garbi azaldu behar zaio zergatik biziko ginatekeen hobeto burujabeago izanda, gurea geure gain hartuta.
Lan handia dago egiteko gehiengo garbiak lortu nahi badira! Ahaztu egiten dugu sarri, baina Eskozian edo Quebecen bezala botoa emateko garaia iristen denean, berdin balio dute boto guztiek, ausartenek eta beldurtienek, daukagunari eustea da minimoa, eta hori galtzeko beldurra erraz ereiten duten hazia da. Hobe genuke ez ahaztea ustekabeko muturrekorik ez jasotzeko!