argia.eus
INPRIMATU
Citta dolente
Itxaro Borda 2016ko apirilaren 06a

Parisko multzo hilketa odoltsuen ondotik, hona Brusela, bihotzean kolpatua: Dante miresgarriaren infernuko aurreneko kapituluetan igeri zebiltzala, uste bide zuten hiritarrek Zaventemeko aireportuan edo Maelbeek metro geltokian harrapatuak suertatu zirenean: “Hemen sartzen denak esperantza mikoa atarian utzi beza”.  Menturaz, jagoitik, Bruselan ere, behin dastatu genion libertate zapore hura mikaztuko da.

Lagun euskaldunekin gaia aipatzean leku berdinera goaz, etengabe: Bataclan bai, Brusela eiki, baina ez ahantzi otoi Siria, Idomeni, Irak edo Kurdistan: Europak han sua zerutik isurtzen du. Sortaldeko hiri zaurituen auhena, halatan, ezin dugu absolutuan kontsideratu eta solasek egundainokoan erlatibizatzera akuilatzen gaituzte, zapalduenekiko elkartasunaren haize-parpaila airean.

Alepen, Kobanen edo Bagdaden bizidunek parean aurkitzen duten lehen etsaia Daesh ankerra da. Paris eta Brusela sarraskitu dituen erakundea preseski. Kaosa eta gune grisak barreiatzen doazen terroristen ekintzak beraien biluzian salatzekoak direla iruditzen zait ekialde sufrituan gertatzen diren itsuskeria lerroak bezain.

Dantek absolutuaren zintzotasunaren berri eman zigun.