Bizi baten hitzezko erretratua

Pozik naiz Sergei Dovlatov ezagutu izanaz. Idazle errusiarren artean ohituago gaude Gogol, Puxkin, Txekhov edo Tolstoi bezalako izenetara baina ziurtatu dezaket, behin dastaturik, Dovlatov (Ufa, 1941–New York, 1990) ahazten ez den idazle horietakoa dela.

Idazle marjinala, zirkulu literarioak eta fama erabat deuseztatu zituena. Kazetari lanetan arituta (erregimeneko trobadore lana, idazlearen hitzetan), Leningrad edo Tallinnen, bere bizitzako pasadizoetan oinarriturik idatzi ditu lan gehienak. Tartean artikulu honetan mintzagai dugun Maleta (1986) hain zuzen ere. Publikatzea debekatu ziotenean, 1978. urtean Idazleen Elkartetik kanporatu zutelarik, AEBetara emigratu zuen. Pasarte honetatik abiatua izan da Maleta.

Genero kontuetan sartzea gustuko ez dudan arren, esan daiteke eleberri eta ipuin-liburu baten tarteko zerbait dela, hasiera, garapen eta amaiera egiturarik gabea. Maleta barruan dauden zortzi objektu pertsonalek inspiratu dute kapitulu bakoitza: galtzerdi finlandiarrak, bota pare bat, trajea, gerrikoa, jaka, popelinezko atorra, txanoa eta gidari-eskularruak.

Objektu bakoitzari lotua den oroitzapen pilaketa honen bitartez eraikitzen da 60-70 urte bitarteko Sobiet Batasun baten erretratua, eta bertan Dovlatov ikusten dugu, vodka botila lagun, Leningradeko kaleetan zehar bizimodu komunista ortodoxora ohitu ezinean. Objektu bakoitza istorio baten enkarnazioa da, idazlearen bizitzaren garai bati lotua: galtzerdi trafikoan aritu zenekoa, San Petersburgoko alkateari botak lapurtu zizkiona, lan egiten zuen egunkariko erredakzioak, zelatari batekin afaltzera joateko, traje bat erosi zionekoa edo Petri I.a tsarraren aktore-rola egin zuenekoa.

Erregimen sobietikoari buruzko satirak dira. Idazkera arina, zuzena, ironia eta umore absurdua nahasten dituena. Fernand Léger-en jaka ipuinean, bere anaiarekin daukan duen amaierako konbertsazioa dugu horren adibide:

“Eta zera galdetzen dit anaiak:

– Zer moduz habil Amerika aldean? Egia al da han eguneko hogeita lau orduetan saltzen dutela vodka?

– Ez diat uste. Ostatuak zabalik egoten dituk, hori bai.

– Eta garagardoa?

– Nahi beste eros dezakek gauez irekitzen duten dendetan.

Adeitasunezko eten bat.

– Gora kapitalistak! Haiek bai azkarrak!”.

Zortzietan, Popelinezko atorra izenekoa gustatu zait gehien, beharrik, honelako hastapen batek ez du inoiz huts egiten: “Haurra nintzelarik, haurtzain bat izan nuen: Luiza Genrikhovna. Ganoragabe samar ibiltzen zen, beldur baitzen atxilotuko zuten. Behin, galtza motz batzuk jantzi zizkidan. Eta galtza-zulo beretik sarrarazi zizkidan bi zangoak. Eta halaxe ibili nintzen egun guztian. […] Banekien trakeski jantzia nintzela. Isilik geratu nintzen, ordea. Ez bainuen gogorik berriz aldatzen hasteko. Orain ere bezalaxe”.

Liburu gomendagarria erabat. Hasieratik amaiera arte irribarrea eragiten duen horietakoa.

Maleta

Idazlea: Sergei Dovlatov

Itzultzailea: Amaia Apalauza Ollo

Argitaletxea: Erein-Igela, 2015


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude