Igande goiza polita zen hasieran, aste osoko partez, behingoz ateri. Etxetik hiri erdirainoko bidea egiteko artean lainotu eta eurixka txar bat hasia zuen, luza gabe emari gero eta handiagoko uharra.
– Sinetsi duzu? Ein? Aro ederraren menturan zinen?
Okindegira sartu eta lerroan beha jarri orduko, beste bezeroez pasoka niri zuzendu zitzaidan zuzenean dendaria. Baiki hala zen: ene baikortasun eta ausardian, primaderan janztekoa nuen soinekoarekin atera nintzen erauntsiak iragarriak ziren egunean. Tupustean erantzun nion, bertsolariek bezala:
– Sinesteari ez litzaioke sekulan utzi behar, horrela dira gauzak gertatzen.
Bai, probokazio puntuarekin nuen jantzia soinekoa, esperantza sotil batekin baina esperantzarekin ekinik. Biharko eragin daiteke primadera.
Holakoa naiz. Buru errea. Aterkirik gabe ibiltzen naiz, otsaila betean berdin. Igande goiz apaletan kuzinatzen jartzen naiz amantalik sekulan jantzi gabe. Mus partidatan, eskutik izan gabe, errege-xangoekin enbidoa botatzen dut handian. Eskailerak neke ahalik eta gutxienekin igotzeko teknika psikodelikoak baditut. Semaforoa gorrian luzatzean, ene baitan (batzuetan ozenki) berde! ber-de! ber-de! errekeritzen dut oina azeleragailuan. Lanera noa gogoan eramanki ez da besterik posible, irabaziko dugu. Urtero ahalegintzen naiz elukubraziotzat jotzen den egitasmo zenbait garatzen. Betiere nihaur naiz, ene buruari fidela, amets handiz mozkor, probetan, nehork ez didalako deus egina presta eskainiko.
Harrigarria iduriko bazaizue ere, batzuetan lortzen dut. Ez dut bukatzen bazkari ordua aitzin jertsea urin eta krema patchwork bat eginik. Olio ziliportez blai naizenean, futitzen naiz. Semaforoa lasterrago iragaten da berdera. Parekoek zalantzati ttanttoak tiratzen uzten naute. Urterik hoberenetan aitzinamendu zenbait egiten da irakasle nahiz ikasleen probetxuko. Hiru solairu igotzeko 35 urrats luze eta 65 segundo aski dira. Ez beti baina batzuetan, garaipen tipien pozaz, marka ezdeus gaitzak; kausitzen dut, sinesten dudanean, entseatzen naizenean, euforia puntta pizten zaidanean, ibiltzen naizenean, huts egiten eta berriz hasten.
Alta, ene marka Euskal Herriak gainditzen du alaire! Eta zer inbidia nirea! Jelosia handia dizuet denei, bai, orain ene animo guztiek hutsaren ondokoak baitirudite.
Bekaizkeria gaitza eman didazue azken egun hauetan piztu euforia baina batez ere ilusioa eta gogoa dela eta. Sendi zaizue, ez ukatu, eta pozgarria da, hilabeteetan sentitu direnen ondotik. Igarri zaizue, belodromoan, negarretan egon zaretenean, nihaurek hogei urte nituenean bezala eta aldi honetan ere berdin aritu naizen bezala. Bai, nik ere negar egin dut, galdurik nuen esperantza berreskuratu dudalako, berriz hasi naizelako sinesten, agian damuturik sinesteari utzirik.
Orain liderra ba omen dago. Ontsa. Oroz gainetik orain badago laneko tirria, bide egitekoa, ez? Hau jelosia! Solairuak hamarnaka igotzeko heineko ahalmena! Pentsatuko da bakoitzak irabazi –denek irabazi. Hasiko da herri hau hegalka, ausart, eztabaidan ibiliko dira jendeak auzokoekin, berriro, herriz herri, antolatzen, estrategia eta helburu berriak definitzen, proiektuak gauzatzen. Luzatuko dira eskuak, luzatuko dira urratsak. Doituko dira detaileak. Irabazi tipiak, asmo handiak. Berriz bat. Urteetan egin ez diren aitzinamenduak eginen dira. Horrela da, ezta? Eta ez dugu berriz negarrez aritzeko arrazoirik ukanen. Ein?