argia.eus
INPRIMATU
Gure aitona-amonen jakinduriari balioa ematen
Garazi Zabaleta 0000ko ren 00a
Pili Otaegi “Larraulgo usadioak sendabelarrekin” liburua aurkezten. Pili Otaegi “Larraulgo usadioak sendabelarrekin” liburua aurkezten.

Nork ez du gogoan txikitan tripako mina zuenean amonak prestatzen zion mantzanila? Edota neguan katarroa harrapatzean amak egindako berbena kataplasma? Askok izango ditugu burutan antzeko pasarteak, baina ziurrenik gutxitan jarri izan gara pentsatzen automatikoki edo ohituraz ateratzen zaizkigun erremedio guzti horiek mendeetan, belaunaldiz belaunaldi iraun eta guganaino iritsi diren jakintzak direla.

Jakinduria guzti hori biltzeko asmotan hasi ziren Pili Otaegi eta Larraulgo Dina7 Kultur Elkarteko beste kide bat 2011n herriko aitona-amonak elkarrizketatzen. Orain, Larraulgo usadioak sendabelarrekin liburuan bildu ditu Otaegik ikasitako horiek guztiak: “Hasieran baserritarrek zer esan handirik ez zutela zioten, baina behin hizketan hasita bi ordutik gora egoten ginen ia beti”, azaldu digu.

Pertsonentzako erremedioez gain abereentzako sendabelarrak ere badatoz liburuan, baita landareen argazkiak ere. Gainera, aitona-amonek beren jakinduria partekatu bezala, Otaegik berak ukenduak, kremak, hortzetako pastak, olioak edota xaboiak egiteko errezetak konpartitu ditu irakurleekin.

Transmisioan etena

Liburuaren prozesuan ikusitakoaren arabera, sendabelarrak erabiltzeko ohitura asko galdu dela uste du Otaegik. Medikuntza tradizionalaren eraginez eta albaitariak baserrietan sartu zirenetik, pixkanaka beheraka egin du betidaniko jakintza horren transmisioak. Etxe batzuk oraindik beren erremedio kuttunen bat gordetzen dute, baina ez da egoera orokorra. “Osina, adibidez, oso erabilia zen lehen baserri guztietan, adin batetik aurrera maiz hartzeko ohitura izaten zen. Gaur egun, horren ordez, simtrona erabiltzen da, dauzkan kalte ondorio guziekin”.

Natura irakurtzen ikasteko beharra

Lurrarekin harremana berreskuratzea eta inguruan duguna ezagutzea beharrezko zaigula uste du Otaegik: “Hain da azkarra natura, non gure inguruan sortzen dizkigun behar ditugun belarrak. Landaredia gurekin harreman zuzenean dago, eta gaitasuna du guk behar dugunera egokitzeko”, dio. Harreman horretan egungoa baino abilagoa izan zen gure aitona-amonen belaunaldia: haien jakinduriaren aitorpena egitea ere bazen liburuaren helburuetako bat. Baina “zenbat zekiten lehengoek eta ze gutxi dakigun orain...” horretan gelditu ordez, jakintza zahar hori guztia berreskuratzeko tresnak emanez.