Berta Cáceres bizirik


2016ko martxoaren 27an

Hondurasko Agua Zarca proiektu hidroelektrikoaren kudeatzaileek, “Ibaiak ez dira saltzen, zaintzen eta defendatzen baizik” leloa froga bezala erabili zuten Berta Cáceres eta beste bi aktibista auziperatzeko, indarkeria bultzatzeagatik.

2014an Berta Cáceresek bere egoeraren berri eman zuen Pikara magazinean. Hondurasko Estatuaren, armadaren eta enpresen manipulazio eta kriminalizatze saiakerak deskribatu zituen. Orain dela aste batzuk tiroz hil zuten Berta. Gobernuaren krimen politikoa izan zela argi dute bere senide eta lagunek.

“¡Viva Honduras!”, oihukatu zuen 2004an Federico Trillo Espainiako defentsa ministroak El Salvadorreko tropak agurtu behar zituenean. Hanka-sartze horrek ertamerikarrenganako interes eta errespetu falta adierazi ei zuen. Nori axola Honduras edo El Salvador? Zer dakigu herri horiei buruz? Bortizkeria handia dago. Nikaraguara lehendabizikoz joan nintzenean, nire familia kezkatu zen, oso herrialde arriskutsua zelakoan. “Ez, Nikaragua lasaia da, El Salvador, Guatemala eta Honduras dira arriskutsuak”, lasaitu nituen. Estatubatuarrei iseka egiten diegu, Mexiko eta Espainia nahasten dituztelakoan, baina guretzat ere berdinak dira Nikaragua, Honduras edo El Salvador. Zer ideia datozkigu burura? Gerrillak, txirotasuna, delinkuentzia antolatua.

2009an Hondurasen estatu kolpea babestu zuten AEBek. Subiranotasuna defendatzen duten gobernu eta erakundeak AEBen etsaiak izan dira beti. Berta Cáceresen erailketaren berri izan nuenean Twitterrera jo nuen eta, besteak beste, galdetu nuen ea Felipe Gonzálezek Hondurasera joateko asmorik zuen, hango disidentziarekin elkartzeko. Podemosek Espainiako Legebiltzarrera eraman zuen Berta Cáceresen hilketaren salaketa. Ada Colauk dolu ekintzetan parte hartu zuen. EH Bilduk sare sozialen bidez gaitzetsi zuen krimena. Badaezpada, Googlen “PSOE Berta Cáceres” idatzi dut. Ez dut ezer aurkitu. Ezta “PNV Berta Cáceres” idatzi dudanean ere. Multinazionalen lagunek (edo zerbitzariek) disidentziak bakarrik aipatzen dituzte ekimen ezkertiarrei zilegitasuna kendu nahi dietenean.

Euskal Herriko zein Estatuko gizarte mugimenduetan, ordea, Berta Cáceresek bizirik dirau. Bilboko martxoaren 8ko manifestua inoiz baino internazionalistagoa izan zen. Errefuxiatuen aldeko elkartasuna adierazi genuen feministok, Europa xenofoboa gaitzetsi genuen, Turkiako poliziak hildako kurduak gogoratu genituen, baita Berta Cáceres ere.

Ibaien eta basoen defentsa antikapitalista, antikolonialista eta antipatriarkala dela azaltzen zuen berak. Militarizazioak naturaren, herri indigenen eta emakumeen gorputzen gaineko kontrol eta bortizkeria dakarrela. Pikaran kontatu zuen bere buruaren kontrako mehatxuek kutsu sexuala zeukatela. Eta emakume indigenek ibaien garrantzia espirituala azaltzen zutenean –neskatxen espirituak uretan bizi direla– botere patriarkal eta arrazistaren isekekin topo egiten zutela.

Idurre Eskisabelek dio zapalkuntza anitzen sare korapilatsua sortzea dela kapitalismoaren estrategia. Norbanako batzuen militantzia bikoitzez harago, borroken konpartimentalizazio handia sumatzen dut gurean. Kostatzen zaigu frackingaren, etxe kaleratzeen eta feminizidioaren kontrako borroken arteko indarrak batzea. Euskal Herriko diskurtso feministak zeharo antikapitalistak dira, baina praktika politikoan oraindik borroken intersekzionalitatearen ideia hori gauzatzeko pausoak falta zaizkigu. Hori izan daiteke, gurean, Berta Cáceresen ondarea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude