ARGIAren irakurleek bista arazoak al dituzte?

ARGIAko harpidedunek okerrago ikusten dute ez-harpidedunek baino. Ez, ez da ARGIAk egindako azterketa baten emaitza; nire teoria baizik. Edo agian bigarren teoria zehatzago batera jota, Net Hurbilen irakurlea jende edadetua dela ere ondoriozta genezake. Esango didazu, bestela nola uler daitekeen optika batek ia berrogeita hamar urtez astekarian publizitatea jartzea! Baina tira, arrazoia edozein izanik ere, Zinkunegi optikak hor merkatua ikusi du (optikakoak merkatua ikustea... ados, txisteak ere onartzen dira), seguru!

Zinkunegi familiako hirugarren generazioa hasia da optikan lanean, eta hark hartuko du aitonak irekitako negozioaren testigua. Eta denda ireki zutela adina urte izango dira hortxe-hortxe gurean iragarkia jartzen hasi zirela. 1967-68an hasi eta gaur oraindik ere aldizkarian tarte bat izaten du beti. Donostiako familia euskaltzalea garai hartarako jabetzen zen euskal prentsari eman beharreko babesaren garrantziaz, eta garbi zuen orduko Diario Vasco eta La Voz de España hedabideetan ez zuela publizitaterik jarri nahi. Zeruko Argiara, beraz. Euskaldun giroan eroso, bezeroak ere inguru horretatik erakarri nahirik-edo.

Onartu digute, baina, euskal hedabideei babesa ematearren soilik ez dutela jartzen iragarkia; gustuko dutela ARGIAk egiten duen kazetaritza, lurraldetasunari zaion errespetua, eta ez dela kasualitatea laster aldizkariaren mendeurrena izatea. Irakurlerik badagoen seinale. Beste zenbait hedabidetan ere jarri izan dute zinkunegitarrek anuntzioa: Euskaldunon Egunkarian eta Herri Irratian, esaterako.

Eta egia esatea nahi baduzu, irakurle, irratiarenak deskolokatu nau pixka bat, nire hasierako teoria goitik behera aldatzen baitu. ARGIAren irakurlea bakarrik ez, bista arazoak dituena orokorrean euskal prentsaren irakurlea izatea kalkuluetan sar zitekeen; baina irrati entzulea? Non dago hor bistaren papera?

Bromak alde batera utzita, eskerrik asko Zinkunegi familia, horrenbeste urtez ARGIAren parte izateagatik.


ASTEKARIA
2016ko martxoaren 27a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude