“Inoiz baino zailagoa da gaur egun irudiak mintza daitezen leku bat aurkitzea”

  • Soriako Aldealseñor herrian jaio zen. Zinema dokumentala egiteari ekin zionean ez zuen zalantzarik izan, jaioterrira itzuli zen eta sari ugari emango zion El cielo gira pelikula egin zuen. Bere ustetan, zinema dokumentala historiaren museo bat da. Memoriari galderak egitea. Norberaren begietatik inguruari galdetzea. Hausnarketa politikoa egiteko modu bat. Artea, zerbait izatekotan, arauaren salbuespena delako zinemagile honen ustez.

"Irudiak ez dira errugabeak, historiaren barruan daude, eta boterearen erretorikarekin amaitzeko beharrezkoa da lengoaiaren iraultza egitea, hau da, formaren iraultza egitea"

Galdera saihestezina da niretzat: zer da zinema dokumentala zure ustetan?

Askok uste dute zinema dokumentala kamera zerbaiten aurrean jartzea baino ez dela. Ni ez nago batere ados ikuspegi horrekin. Zinearen oinarria ezagutu besterik ez da egin behar, historian zehar dokumentalista gehienen obsesioa izan dena aztertzeko: kameraren on botoia sakatzea baino, norberaren begirada da benetan garrantzia duena. Autore horiek ezinbesteko galderak egin dituzte auzi honen inguruan, nola begiratu, zer begiratu eta zergatik. Horrek guztiak formaren inguruan hausnartzea eskatzen du, horregatik pentsatzen dut dokumentalistak formaren inguruko ikerlari handiak direla.

 Alegia, kontatu nahi den hori nola kontatu da dokumentalaren funtsa.

Hala da. Dokumentala beti da edozein gairen inguruko ikuspuntu bat. Begirada posible guztien narrazio posibleak egitea da dokumentalistaren lana. Ez da objektibotasunik behar, dokumentala, hain zuzen ere, begirada subjektibo hori irudien bidez eraikitzea baita. Horregatik sortu da hainbeste zine eredu: saiakera zinema, hausnarketa zinema, egunerokotasunaren zinema, zinema esperimentala. Zentzu horretan, gaur egun aztarna uzten duten filmak, zaharkitzen ez direnak, formaren inguruan pentsatuta daudenak dira.

Forma da guztia, orduan?

Nire ustez pelikula batez ari garenean dena da forma. Gauzak nola kontatzen diren da forma. Norberak hartzen dituen formari buruzko erabakiak ikerketa eta bilaketa prozesuarekin lotura zuzena dute; hausnarketa hauek guztiak ez dira doakoak, eta batez ere ez daude aurrez finkatuta. Formaz pentsatzea edukiaz pentsatzea da.

Zinema militantearen premiaz hitz egin duzu askotan. Zergatik da garrantzitsua?

Zinema militantea beti izango da beharrezkoa; halere, niretzat garrantzi handiagoa du zinegile baten ibilbidean jarrera militante iraunkorra izateak. Kontua ez da zure filmografian eduki sozial edo politikoa duen piezaren bat egitea, kontua da jarrera arduratsu bat eraikitzea, zure jardueran zentralitatea izango duena. Horrek guztiak norberaren kode etikoa eraikitzea eskatzen du, egin nahi ez duzun hori ez egiteko, erretorikoa izateari uzteko eta egiten duzuna estereotipotik abiatuta ez egiteko. Era berean uste dut, urgentziazkoa den hori planteatzeaz gain, beharrezkoa zer den planteatu behar dugula. Jarrera moral batez ari naiz: zinemagileak irudiek duten botereaz ohartu zirenean gauzak beste era batean kontatu behar zirela ohartu ziren.

Hori guztia islatzen duen erreferentziarik?

Chris Marker izan da zentzu horretan irudiak duen boterearen inguruan hausnarketa handiena egin duen zinegilea; errebelaziorako duten ahalmena, baita edozer faltsutzekoa ere. Eta jakina, manipulaziorako duten gaitasuna ezin da ahaztu. Boterea dutenek irudiak horrela erabiltzeko duten moduari aurre egin nahi badiogu, ezin dugu haiek erabiltzen duten forma berbera errepikatu. Irudiak ez dira errugabeak, historiaren barruan daude, eta boterearen erretorikarekin amaitzeko beharrezkoa da lengoaiaren iraultza egitea, alegia, formaren iraultza egitea

Irudien saturazioak bizi gaitu. Gaur egun oraindik irudia al da istorioak kontatzeko manera?

Egia da, inoiz baino zailagoa da gaur egun irudiak mintza daitezen leku bat aurkitzea, batez ere aipatzen duzun saturazio hori dela eta. Zer egin daiteke hainbesteko “zarata” tartean dugula? Nik uste dut inportanteena okupatu gabeko ikuspuntuak aurkitzea dela, hedabide konbentzionalek erabiltzen dituzten erregistro-formula estandarizatu eta formateatuak saihesteko. Zinegilea, fikzioan zein zinema “errealean”, historia bakoitza kontatzeko ikuspuntu baten bila dabil. Ikusleok proposamen horren aurrean gaudenean sumatzen dugu aberasten garela, irudien erabilera ezberdin baten bidez hitz egiten digun horrek “egia” ezberdin bat kontatzen digula. Begirada berri bat proposatzen zaigula ziurrenik mila aldiz kontatua izan den gertakizun baten inguruan.

Zuretzat, zinea memoria ariketa bat egitea da. Zergatik?

Nire bi pelikulek memoriarekin harreman zuzena dute. Bestalde, nire ustez, zinemaren historian beti izan da horrela, izan fikzioa edo dokumentala, beti izan du dokumentu bilakatzearen ahalmena. 1920ko hamarkadako pelikula bat ikusten dugunean, adibidez, kontatzen duen historiaz gain, garaiko giroa azaltzeko dokumentu ezin hobea dugu, alegia, memoria bizi bat dugu. Gainera, zinea garai bakoitzeko historiaren museoa da, lokalizazio bakoitzarena, giza-harremanena, hizkuntzarena… Eta batez ere, zinema dokumentala.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude