Etxepare Institutuko zuzendarien gastuak

  • 100.000 euro inguru gastatu dituzte Etxepare Institutuko bi goi karguek 2014 eta 2015 artean kreditu txartel publikoa erabiliz eta atzerrira egindako bidaietan. Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa publikoen gastuak hizpide dira urtarriletik Legebiltzarrean eta kultur arloan Aizpea Goenaga buru duen erakundearen zenbakiek deitu dute arreta.

Soldataz aparte kreditu txartelarekin egindako gastuei bakarrik erreparatuta, Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak eta erakunde horretako Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendari Mari Jose Olaziregik 54.000 euro baino gehiago gastatu zituzten 2014 eta 2015 urteetan. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak otsailean emandako datuak dira, Eusko Legebiltzarrean UPyDko Gorka Maneiro parlamentariak egindako galderei erantzunez. Kopuru horri Etxepareko bi kargu altuenek bidaietan gastatutako 40.000 euroak gehitu behar zaizkie.

2014ko urrian egin zituen gastu handienak Goenagak, 7.225,82 euro hilabete bakarrean. Eskainitako informazioetan ikusten denez, 2015ean bederatzi hilabetetan gainditu zuen 1.000 euroko langa –uztailekoa da iazko kopuru handiena, 3.641,95 euro; bi urteetako kontuen baturak 35.882 euroko emaitza ematen du–. Olaziregiren kasuan, hirutan gainditu zituen hiru zeroak 2014an eta bost aldiz iaz, guztira 18.000 eurotik gora bi urtean.

EAEko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek 2014-2015 artean plastikozko diruarekin egindako gastuen podiumetik gertu geratu da zenbaki horiekin Etxepare. Neiker-Tecnalia edo Sprilurren gainetik dago eta Basquetour (108.670), Euskotren (102.077) eta SPRI (80.707) besterik ez ditu aurretik, otsailaren 25ean El Correo egunkariak argitaratu zuen taulako zenbakiekin konparatuz gero.

54 bidaia 18 hilabetean

Bidaietan gastatutakoari dagokionez, 18 hilabetean ordaindutako hegaldi, hotel, aseguru eta alokatutako autoak hartu dira kontuan. Urtarrilean eman zituzten horien inguruko argibideak Legebiltzarrean Maneiroren beste eskaera bati erantzunez.

Orduan jakin zen Goenaga urte eta erdian 11 herrialdetan izan dela –AEB, Islandia edo Brasil daude bisitatutako lekuen artean–. 2014ko otsailean Goenagak eta Olaziregik zazpi bidaia egin zituzten 28 egunetan. Urte bereko apirilean eta urrian ere zenbaki hori berdindu zuten. Hilabete horretan egiten ditu gastu handienak hain zuzen Etxepareren kreditu txartelak, Goenagaren 7.000 eurotik gorako fakturari Olaziregiren ia 3.000koa gehitu behar baitzaio.

2015eko lehen erdian apur bat gutxitu zen Etxepareko buruen bidaia-erritmoa: lau aldiz irten ziren urtarrilean eta otsailean, sei aldiz martxoan, hirutan apirilean, seitan maiatzean eta hiru bider ekainean. Iazko azken sei hilabeteetan hartutako hegaldien berririk ez dago Legebiltzarrean emandako informazioan, beraz bidaia gastuak momentuz ezagutzen direnak baino handiagoak izan daitezke.

Etxepare Institutuaren azalpenak

Albiste hau argitaratu ondoren Etxepare Institutuko iturriek azaldu dutenez, azken urte eta erdian egindako bidaiak "egitasmo zehatzetara" lotuta daude.

Kreditu txartelarekin egindako gastuei dagokienez, institutuak ekoizten dituen kultur programei eta horietako partaideei dagozkien "produkzio gastu asko" txartel horrekin pagatzen direla esplikatu dute, eta bulegotik ere erabiltzen dela "hainbat ordainketa" egiteko. Martxoa amaitu baino lehen emango ditu Etxeparek gastuei buruzko azalpen xeheagoak parlamentuak egindako galderei erantzunez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxepare Institutua
2021-06-02 | dantzan.eus
Euskal Dantza

Tokian tokiko dantza tradizionalekin hasi eta abangoardiako antzerki fisikoraino, euskal dantzek nortasun bereziko eskaintza zabala dute. Euskal dantzen ikuspegi orokor hori jaso du Oier Araolazak idatzi eta Etxepare Institutuak argitaratutako Euskal Dantza liburuxkak.


2018-02-04 | Lander Arretxea
Irene Larraza, Etxepare Institutuko zuzendaria
"Munduko kultur institutu guztiekin parez parez aritu nahi dugu"

Etxepare Institutuko zuzendari berria da Irene Larraza tolosarra. Aurrez, sei urte eman ditu bertan, bestelako arduretan. Etxea ongi ezagutzen du. Miren Arzalluzek duela urtebete hasitako bidea jarraitzea egokitu zaio, baina nahi luke, lan horretan, bere eskua eta egiteko moduak... [+]


Konfiantzazko pertsona bat aukeratu du Etxepare Institutuak Arzalluz ordezkatzeko: Irene Larraza

Etxeko pertsona bat aukeratu du Etxepare Institutuak zuzendari kargua utzi berri duen Miren Arzalluz ordezkatzeko: Irene Larraza izango da Etxepareko zuzendari berria, 2012tik institutuan lan egiten du eta ondo ezagutzen du erakundea.


2017-12-19 | ARGIA
Datozen egunetan izendatuko dute Etxepareko zuzendari berria, Arzalluzek kargua utzi ostean

Etxepare Institutua zuzendaririk gabe geratu da, duela urtebete kargua hartu zuen Miren Arzalluzek Parisko Moda Institutua zuzenduko duela iragarri ondoren.


Eguneraketa berriak daude