Nola eutsi euskaldun, 684 biztanle berri etorriko balira

  • Baztango Udalak Aroztegiko proiektuaren Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egin du. Aroztegia Jauregia SM enpresak golf zelaia, hotela eta 228 etxebizitza egin nahi ditu 341 biztanle dituen Lekarozen. Proiektuak euskal hiztun komunitatean ondorio larriak izan ditzakeela aurreikusi du ebaluazioak.

Aroztegiko Udalez Gaindiko Plan Sektorialean datu oso baliagarriak falta dira eragin linguistikoa ebaluatzeko, enpresak proiektuaz hainbat zehaztapen eman du eta aurreikuspen batzuk egin daitezke, baina Lekarozera etxebizitzak betetzera etorriko liratekeen biztanleak nongoak izan daitezkeen ez du esaten proiektuak. Ez da gauza bera paristarrak eta madrildarrak izatea biztanle berriak edo Lea-Artibaitik, Bortzirietatik eta Urola-Kostatik joatea jendea. Ez da gauza bera aurreikusi nahi badugu Baztango euskal hiztunen komunitatean, euskararen ezagutzan eta erabileran, nola eragingo duen jakiteko.

Datu zehatzik ezean, aurreikuspen orokor bat egin du Baztango Udalak UEMArekin (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) batera landu duen Eragin Linguistikoaren Ebaluaketan. Datu lagungarriak ondokoak dira, alegia, proiektuak aurreikusi dituen azpiegitura eta zerbitzuak: golf zelaia, golf praktika zelaia eta golf eskola; lorezaintza eskola; 135 logelako lau izarreko hotela; goi-mailako sukaldaritzako jatetxea; 228 etxebizitza.

Ebaluaketa egiteko, aurreikuspen guztiak beteko liratekeen egoera hartu da kontuan, hau da, 228 etxebizitzak beteko dira, bakoitzean 3 pertsona kontatuta 684 lagun izango lirateke eta urte osoan biziko lirateke Lekarozen. Hortik abiatuta, proiektuak eragin negatiboa, larria eta kritikoa izango luke hizkuntzarengan. Bost atal banatu dira ebaluaketan.

Ez da espero inguruko jendea

Lehenengo atalean bizi kalitatea landu dute. Lekarozen joan-etorriak ugalduko dira, aurrera eta atzera ibiliko baitira egoiliarrak, oporretan direnak, eta batik bat golf zelaira joandakoak. Kalitate goreneko turismo eskaintzari lotuta dagoenez, bizi mailak gora egingo du, eta batez ere etxebizitzak garestituko dira. Ez da espero biztanle berriak Baztangoak edo inguruko eskualdetakoak izatea, besteak beste Baztanen bertan badirelako 860 etxebizitza huts (2001eko errolda). Beraz, oso litekeena da euskara ez jakitea iritsi berriak.

Bigarren atalean proiektuak tokiko negozioetan nola eragingo duen aztertzen da. Biztanle eta bisitari tipologia aldatuko litzateke, beraz eskualdeko dendetara, ostalaritzara eta establezimenduetara gerturatuko den jendea desberdina litzateke. Zerbitzuak erdalduntzen lagun dezakete.

D eredua desegonkortzeko aukera

Azpiegituren atalean osasun zentroak eta ikastetxeak dira azpimarratzekoak. Biztanle berriak egoiliarrak balira ikastetxeetan matrikula kopuruak gora egingo luke, eta zein hizkuntzatan matrikulatuko lirateke? Baztan udalerrian 15 herrietatik 11k ikastetxeak dituzte, batzuk irakasle bakarrekoak, alegia, oso haur gutxikoak. Ikastetxe handienak Elizondon daude, Baztango herririk populatuenean (3.543 biztanle), ikastola eta D-IIP (D eredua Ingelesez Ikasteko Programa barne duela) eskola publikoan. Baztango ikastetxeetan D eredua da nagusi, azken urteetan ez da A eredurako eskaerarik izan, eta A ereduko ikasgeletan haur gutxi dira. Baztanera haur berriak etorriko balira murgiltze ereduaren egonkortzea moteltzeko arriskua legoke.

Osasun zentroetan aspalditik ari dira euskarazko zerbitzua jasotzeko borrokan eta ez da aurrerapauso handiegirik eman. Paziente berriak erdaldunak balira zailagoa litzateke euskal hiztunen eskubideak errespetatzeko bidean aurrera egitea.

Baztanek arnasgune izaten segituko al luke?

Laugarren atalean proiektuak bertako tradizio eta kultura euskaldunean aldaketarik eragingo lukeen aztertzen da, hau da, kultur adierazpen eta agendan, gastronomian, ohituretan, kirolean. Ez da zalantzan jartzen eragin negatiboa lukeela. Eta azken atalak dio biztanleriaren ezaugarri soziolinguistikoetan eragin kritikoa lukeela Aroztegia proiektuak. Hizkuntzaren ikuspegitik biztanleriaren ezaugarriak aldatuko dira, bisitariak, langileak eta egoiliarrak helduko baitira.

Eta hasierako hausnarketara itzul gaitezke: nahiz eta biztanle berrien jatorriaren arrasto handirik ez izan, aldrebeskeria al litzateke aurreikustea Baztango euskal hiztunen %75,5 horrek behera egingo duela eta erabileran %61,2 mantentzea miraria litzatekeela? 

Joseba Otondo Bikondoa, Baztango alkatea: "Proiektuak euskararen aldeko lan kolektiboa zafratzea dakar"

Hizkuntza eragina neurtzen duen azterketaren emaitzak eskutan dituzue. Hedatzeko asmorik ba al duzue?

Herritarrei ezagutaraziko diegu lana eta gainerako eragileei ere helaraziko diegu, tartean Nafarroako Gobernuari. Aroztegia proiektuaren aurkako argudiotegia sendotzeko elementu bat gehiago da azterketa.

Ebaluaketaren ondorioek kezkatzen zaituzte?

Bai. Azken hamarkadetan, eta azken 30 urtez bederen, Baztango herritarrek ahalegin handia egin dute euskararen alde, euskara erdigunean jartzeko, inurriak bezala egin dute lan, ikastola dela, ikastetxe publikoetan D eredua ezartzea dela… Eremu publikoan bidea egiten joan da euskara. Gutxietsia zen, eta pixkanaka-pixkanaka lortu da hizkuntza normaltzat hartzea. Esate baterako, kulturgintzan euskara berreskuratu da. Gaur egun Euskal Herriko antzerki talde gehienak pasatzen dira Baztanetik.

Proiektuak lan kolektiboa zafratzea dakar. Batetik, itsuskeria da egindako ahalegina kontuan hartzen badugu, eta bestetik, badakigu arnasguneak nola dauden. Baztanen euskaraz ondo moldatzen da %75,5 eta hala moduz %13,2. Erabilera berriz, %61,2 da. Ezagutza baino apalagoa da. Euskara kinkan da. Zailtasunak ditugu aitzinerat egiteko eta proiektuak ez du aitzinera egiten lagunduko.

Oraintxe jaso dituzue 2015ean egindako kale erabileraren neurketaren emaitzak. Esan berri duzun moduan %61,2 da erabilera, gora egin du.

Bai, baina euskararen kalitateak kezkatzen nau. Adinez ttipiak direnak kalean entzuten ditut eta, nola esan, haien erranak, haien solasa nola den… erabiltzen dute euskara, baina kalitatezkoa den zalantzan jartzen dut. Hori batetik, eta bestetik, bai, datuak kontent egoteko modukoak dira, nahiz eta oraino egiteko anitz dagoen. Emaitzek aurreikuspenak gainditu dituzte.

Kontent, beraz.

Datuak ez dira ordea hutsetik sortzen, lan kolektibo ikaragarria egin da. Aski da aditzea aitatxi-amatxiei eta gurasoei nola bizi izan diren eta zein ahalegin egin behar izan duten euskara mantentzeko. Datuen gibelean baztandarren borondatea dago. Proiektuak hori dena zanpatzen du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza eskubideak
Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


Behatokiaren hizkuntza urraketei buruzko 2023ko txostena
Hizkuntza muga eta urraketa berak hamar urtez

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 909 kexa jaso zituen Behatokiak 2023. urtean. Horien %75 baino gehiago administrazioari loturiko zerbitzuei buruzkoak dira: “Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela”.


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


Iruñeko EHEren talde berria aurkezteko jaia egingo dute larunbatean

Taldea ezagutarazteko eta proiektua finantzatzeko antolatu dute egun osorako egitaraua.


Eguneraketa berriak daude