Ardatza, gordina

Emanaldia

Borja Estankonaren kontzertua. Parral Tabernan, otsailaren 16an, 20:30ean GEU elkarteak antolatuta.

Duela ez urte asko, irudipena nuen Gasteizko soinu moduko bat bazela. Entzuten nituen Exhale eta Avenue, edota Same Old, eta gutxienez, entsaio lokal berean aritzen zirela ematen zuen. Gerora etorriko zen Erizo, eta antzekotasunak topatzen nizkion. Orain, Viva Bazooka entzun, eta oraindik lotuneak ikusten ditut. Eta Estankona gasteiztarra balitz, esango nuke lau pareta horien artean sortzen duenetakoa dela.

Baina ez, arratiarra izatez, Bilbotik etorri zitzaigun Borja Estankona bere hirugarren lana, Ardatza izenekoa, aurkeztera, GEU elkarteak gonbidatuta. Hirugarren lana, bai, baina oihartzun handirik gabekoak hirurak ere. Pena, ze proposamen interesgarria izaten jarraitzen du lehenago, besteak beste, Arean taldean ibilitako Borja Estankonaren bakarkako proiektuak. Azken lan honetan, aurreko bietatik urruntze bat dago, talde lan handiagoa dagoen irudipena daukat, eta honetan taldekideak aldatu izanak eragingo zuelakoan nago. Lehenagoko Jimmy Arrabit eta Itsaso Etxebeste, Koldo de Miguel eta Iñaki Alonsok ordezkatu dituzte baterian eta baxuan. Zuzenean, gainera, bateria jolea hirugarren bat da, Rafa Bataglia aritu baitzen Parralen (datozen emanaldietan bera ariko den, ezin jakin).

Eta diskoan nabari bada aldea aurreko Fruitua eta Estankona lanetatik, zuzenean areagotzen da. Soinua (are) gordinagoa da, eta rock izaera nabarmenagoa dute kantuek. Parte batzuetan berebiziko intentsitatea hartzen du hirukoteak. Normala ere bada, eta eskertzekoa ere bai. Ze, zertarako nahi dugu zuzenean diskoaren erreprodukzio soila entzun?

Estankonaren kantuen bereizgarriren bat aipatze aldera, ez-ohiko akorde sekuentziak nabarmenduko nituzke. Borjak berak esanda, disko honetan Grezia eta Ekialde Hurbileko herri musikei zabaldu dizkie ateak. Neuk, aitortuko dut, berak aipatu arte ez nuela halakorik nabaritu, baina geroko entzunaldietan, diskoa ixten duen, eta kurioski kontzertua zabaltzeko jo zuen, Bagoaz kantuak ekialdeko kutsu nabarmena du, baita Bilera kantu indartsuak ere.

Gehienak kantatuak badira ere, bizpahiru kantu instrumental ere jotzen ditu, zeinetan intentsitatea areagotzen den, zenbaitetan Shellac-en, edota Inoren Ero Ni-ren oihartzunak hartzeraino, diferentziak diferentzia: Soinu latza, harmonia ezohikoak, erritmo gogorrak, baxu, gitarra eta bateriaren bolumen parekatua (inor ez inoren gainetik).

Power trio indartsu bat taulagainean, soberan ezer izan gabe, pirotekniarik gabe, ez argi joku ikusgarri, ez gitarra soinu berezi, ez solo luzerik: hiru lagun, baxua, bateria eta gitarrajole kantaria. Rock bandarik biluziena bezala, kantuenganako konfidantza dagoenaren seinale.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude