Ondo konektatua, ondo kontrolatuta: ikusi zenbat dakizun Ton Siedsmaz

  • Estatuen –eta korporazio handien– inteligentzia zerbitzuek herritar guztion komunikazioen metadatuak pilatzen dituzte: zein ordutan nondik nori hitz egin edo idatzi diozun, watsappez, emailez... “Lasai, edukiak ez dizkizugu begiratzen” diote agintariek. Holandako herritar batek bere burua eskaini du astebetez erakusteko herritarron kontrola noraino iristen den.

‘De Correspondent’-ek argitaratutako irudiak erakusten du Siedsmaren neskalaguna eta gertuko lagunen harreman sarea, posta elektronikoz aste betean edukitako harremanak multzoka sailkaturik. Beste grafiko batzuetan azaldu dituzte Siedsmaren 24 orduko joan
‘De Correspondent’-ek argitaratutako irudiak erakusten du Siedsmaren neskalaguna eta gertuko lagunen harreman sarea, posta elektronikoz aste betean edukitako harremanak multzoka sailkaturik. Beste grafiko batzuetan azaldu dituzte Siedsmaren 24 orduko joan-etorriak smartphoneak utzitako arrastoen haritik.

Azken denboretan jakin da mundu osoko inteligentzia zerbitzuek, aitzindari eta buru dutela AEBetako NSA Segurtasun Nazionaleko Agentzia, herritarren komunikazioen metadatuak kopuru izugarrietan pilatu dituztela, tartean e-mail eta telefono mugikorretatik lortuak.

Jendeak –kezkatuenak, egia, gehiengoa futitzen baita– zelatatuta sentitu direnean, segurtasun indarretako buruek eta agintari politikoek lasaitu nahi izan dituzte esanez beren komunikazioen edukien konfidentzialtasuna bermatua dela. Agintariek gordetako metadatuak ez dira, berez, posta edo deien edukiak berak; metadatuok dira nork nondik nori noiz nora deitu edo idatzi zion, telefonoa une bakoitzean non zegoen (geolokalizazioa), zein webgune bilatu edo bisitatu den... Asko da ala gutxi maiseatzea da?

Amsterdamen bizi den Ton Siedsma gazteak bere burua eskaini du akuritzat  De Correspondent aldizkariarekin elkarlanean astebeteko komunikazio guztien jarraipena egin eta analizatu diezaioten. Emaitza, ARGIAko irakurle asko ere harrituko dituena, Dimitri Tokmetzis kazetariak kontatu du otsailean.

2015eko azaroaren 11n hasita Siedsmak astebetez ez du egin beti egiten ez duen ezer: lana, lagunekin egon, neskalagunarekin ere bai. Hori bai, aplikazio batek jaso ditu zortzi egunez Siedsmak smartphonetik bezala ordenagailutik egindako komunikazio guztiak.

Azaroaren 18an aldizkariak Siedsmaren metadatuen bilduma analizatzeko utzi dizkie Ganteko (Flandria) unibertsitatean ari den iMinds ikerlari taldeari, eta Risk and Security Expert konpainiari. De Correspondenteko Dimitri Tokmetzisek ere bere analisiak egin dizkie.

15.000 itu edo gertakizun eskaini ditu aste beteko jarraipenak. Telefonoak antenaren batekin topo egin duen bakoitzean, baita e-mailen bat hartu edo bidali edo webguneren bat konektatu duen aldioro, Ton non zegoen marka geratu da metro gutxiko okerrarekin.

Gizonaren harreman sarea ere kartografiatu ahal izan dute, telefonoko eta e-mail bidezko trafikoari esker. Webean egindako ibileretatik dakite non sartu den eta zer bilatu duen. Eta postako mezuen gaia ere ikusi ahal izan dute ikerlariek. Prozesua bukatzeko, De Correspondentek publikatu du Ton Siedsmaz aste beteko jarraipen arin batekin jakin duena, akuriak berak baimendu ez duen xehetasun pertsonalen bat salbu. Eta nor da Ton, miaketaren arabera?

Hogeita hamar urte bete ez dituen lizentziatu gaztea da. Jasotzen dituen e-mailek ikasleen bizilekuak eta aldikako lanak aipatzen dituzte. Ordu luzez aritzen da lanean eta trenean ere denbora asko ematen du, lanagatik. Nekez etxeratzen da 20:00 baino lehen eta etxean ere lanean darrai berandu arte.

Bere neskalagunak Merel du izena. Jarraipenak ez du argitu elkarrekin bizi direnez. Elkarri egunero watsapez 20 mezu inguru bidaltzen diote, gehienetan Ton etxetik kanpo dabilenean. Merelek ia beti deitzen dio Amsterdameko geltoki nagusian trena hartu aurretik. Merelek ahizpa bat dauka Annemieke izenekoa, ikaslea oraindik, bere mezuetako baten izenburuak doktorego tesia aipatzen du.

Akuriaren ikasgaia

Tonek maite ditu kirol informazioak, nu.nl, nrc.nl et vk.nl guneetan jarraitzen dituenak. Txirrindularitzaren zalea da, berak ere praktikatzen du. Eleberri eskandinaviarrak leitzen ditu, Google eta Yahoon zer bilatzen duen ikusita, erlijioaz ere interesatzen da. Baliteke kristaua izatea. Jarraitzen du erlijio gaiak lantzen dituen Karen Armstrong, Tomasen Ebanjelioa eta The Messiah book Middle Ages ere bai, katedral eta elizetako sinbolismo kontuak bezala. Wikipediara asko jotzen du gai horien atzetik.

Alde friboloago batetik, Tonek ikus-entzuten ditu Youtuben Jerry Seinfelden “Sweatpants” eta Rick Astleyren “Never Gonna Give You Up”. Holandako tele-errealitatean famatua den Roy Donders aktorea jarritzen du. De Correspondentek azaltzen ditu Tonen kapritxo gehiago, edonork hurbileko lagunei besterik aitortzen ez dizkien horietakoak. A, eta tematuta dabil audio kasko on bat eskuratzeko, Bluetooth eta guzti ahal bada.

Tonek postarako hiru helbide ezberdin erabiltzen ditu, laneko gauzetarako bat eta bestelako harremanetarako beste bi. Horien helbideetan eta “Gaia” atalean arakatze soilez, ikerlariek ondorioztatu dute teknofiloa dela, jantzia gainera. Informazioaren teknologiak ditu maite, informatikako segurtasuna, bizi pribatuaren defentsako eta Internet eta askatasunei buruzko gaiak.

Sarritan mezuak zifraturik bidaltzen ditu, PGP sistemaz lagunduta. SQLite motako data base programei buruzko bilaketak egiten ditu askotan. Forum teknikoetan parte hartu ohi du eta horietan datuen analisiei eta erregistratzeari buruzko informazioak bilatzen ditu.

Hackerren mundua eta pedo-pornografia aztertzen duten adituena ere gertutik jarraitzen ditu. “Susmoa daukagu, era berean, Ezker Berdea alderdi politiko holandarraren jarraitzailea dela”, diote analisian. Herritar baten joan etorriak nola kontrolatzen diren adibidetzat, Siedsmak azaroaren 13an egin dituen mugimendu guztiekin grafikoa eskaintzen du De Correspondentek interneten edonoren ikusgai.

Telefonoak eta ordenagailuak sarean utzitako arrastoei esker, ikerlariek ondorioztatu dute Tonek jurista lanak egiten dizkiola Bits of Freedom (bit hitzarekin jokoa eginez, Askatasun zatiak edo Askatasun bitak) erakundeari. Bere harremanetan askotan aipatzen ditu Europar Batasunaren legeak gai honetaz, poliziak eta inteligentzia zerbitzuek nola egiten duten lana pedo-pornografia sareez. Bits of Freedomek daramatzan kanpainez asko hitz egiten da bidalitako eta hartutako elektro-postetan, horien izenburua ikuste hutsak erakusten duenez.

Risk and Security Expert konpainiak ondorioztatu duenez, “Siedsma oso ondo kokatuta dago Bits of Freedomen barruan egoeraren ikuspegia orokorra behatzeko, gauza garrantzitsua informazio zerbitzuen ikuspegitik”. Ton Siedsmaren lagunei dagokienez, ikerlariek hiru multzotan sailkatu dituzte, nahiz eta akuriarekin aurrez egindako tratuagatik uko egin dioten e-mailetako harremanak telefono deiekin gurutzatzeari, funtsean lagunen intimitatea errespetatze aldera. Nahi izan balute egingo zuten erraz.
    Hori dena gutxi balitz, iMindseko analistek lortu dute Siedsmaren Twitter, Amazon eta Googleko kontuetan sartzea, duela hilabete gutxi horien segurtasun sistemetatik ihes egindako pasa-hitzekin jokatuz. Tonek ustez sekretuki komunikatuak ikusi ahal izan dituzte eta nahi izan balute bere ordez egin ahal izango zituzten erosketak ere. Hori dena egin badute zortzi eguneko jarraipen arin batekin, pentsa inteligentzia zerbitzuek...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Teknologia berriak
2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Software librearen aldeko apustua Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalean

Software jabeduna utzi eta librera jauzia emateko helburua du Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalak. Hasteko, proba pilotu arrakastatsu baten ondoren, Microsoft Office baztertu eta LibreOffice erabiltzen hasiko dira administrazioan. Aurrera begira aldaketarekin jarraitu... [+]


Helena Agirre (filosofoa): “Incel komunitatea gizon heterosexual zuri misoginoen gordeleku bihurtu da”

Incel, involuntarily celibate hitzetatik hartutako terminoa da. Euren nahien kontra harreman sexualak izateko gai ez direla dioten pertsonez osatutako komunitate birtuala da. Batez ere, gizon heterosexual zuriek osatzen dute ‘azpikultura’ hau. Metropoli Forala... [+]


2024-04-14 | Diana Franco
Teknologia
Desinformazioaren jokoa

Askotan pentsatzen dut informazio larregi jasotzen dugula, eta, zeinen ondo bizi den ezjakintasunean. Hainbeste informaziorekin, pertsona xumeok botere ezberdinen helburuak eta horiei loturiko jokabideak ulertzeko ditugun aukerak inoiz ez bezalakoak direla dirudi. Baina ez da... [+]


Eguneraketa berriak daude