"Txertoen aurkakotzat jotzen da txertaketei edonolako kritika egiten dien edonor"

  • Madrilen jaio zen 1971n. Azken hamabost urteetan industria farmazeutikoaren jarduna eta sendagaiek eragindako kalteak ikertzeagatik nabarmendu da Miguel Jara kazetaria. Bost liburu kaleratu ditu; horietan azkena, iaz argitaratua, Vacunas, las justas (Txertoak, beharrezkoak baino ez). 

Miguel Jara ezkerrean, Francisco Almodóvar abokatuarekin. “Beharbada multinazional farmazeutikoen aurkako auzi gehien daukan munduko bulegoa gara, AEBetakoak aparte utzita”.
Miguel Jara ezkerrean, Francisco Almodóvar abokatuarekin. “Beharbada multinazional farmazeutikoen aurkako auzi gehien daukan munduko bulegoa gara, AEBetakoak aparte utzita”.

Liburuaren izenburuaren ondoan galdera bat ageri da: txerto guztiak dira beharrezkoak, eraginkorrak eta seguruak? Zerorrek erantzun.

Argi dago txerto batzuk beharrezkoak direla, eta horretan bat datoz osasungintzako langile guztiak. Txerto eraginkorrak izan ohi dira, nahiko seguruak… Beste batzuen beharra –azken hamarkadetan merkatuan sartu direnena hain zuzen– zalantzazkoagoa da, azkarregi sartu dira merkatuan, behar bezain ondo ikertu gabe, eta ondorioz ezbaian daude haien eraginkortasuna eta segurtasuna. Baina mezu orokorregiak ematen dira txertoen inguruan: begi onez ikusten dituztenen ustez, txerto guztiak dira onak; eta alderantziz. Nik txertoak banan-banan aztertzeko helburua nuen. Ez dut txertaketa-sistema kritikatu nahi, baina bai irregulartasunak azalerazi.  

Batzuen ustez, zure jarrera eta txertoen aurkakoa izatea gauza bera dira.

Erasoak jasotzen ditut etengabe. Gaur egun txertoen aurkakotzat jotzen da txertaketa-sistemei edonolako kritika egiten dien edota edozein txerto zalantzan jartzen duen edonor. Estrategia makurra da, ez dakit oso ondo nork sustatua. Txertoei kritika handitzen denean martxan jartzen da ikuspuntu kritikoa duen oro –zenbait mediku barne– iraintzen eta umiliatzen duen sistema oso bat: txertoen aurkari deitzen zaigu ez garenoi.

Liburuan diozu txertoen arerio txarrenak direla, hain zuzen, haien aldeko mezuan gehien nabarmentzen direnak.

Esaldi horrekin esan nahi dudana da txertaketa-sistemei kalte egiten diona haien inguruko zientifismoa dela, hau da, fundamentalismo zientifikoa; fundamentalismo horrek sustatzen ditu iraina eta umiliazioa, “txertoen aurkako” terminoaren bidez. Txertoen aldeko mezua zentzu komunik gabe eta, kasu askotan, zorroztasun zientifikorik gabe emateak herritar askoren mesfidantza eragiten du. Oraindik gutxiengoa izan arren, handituz doa ikuspuntu kritikoa dutenen kopurua; horiek denak txertoen aurkaritzat jotzen dira.   

Medikuek zer jarrera izaten dute?

Gehienek itsu-itsu sinesten dute txertoetan, eta bat etorri ohi dira haien inguruko zientifismoarekin. Mediku asko ez dira izaten sendagaiekin kritikoak, eta beraz txertoekin ere ez.

Hegazti gripearen (2005) eta A gripearen (2009) kasuek eragin handia izan zuten txertoen ospe ona zapuzteko.

Bai, txertoen irudia zikindu zuten. Gainera, bien bitartean, 2007-2008an, papilomaren txertoa ematen hasi zen mundu osoan. Txerto horrek eragindako lehen kalteak 2009an ezagutu ziren, A gripearena gertatzearekin batera. Horrek guztiak eragin zuen herritar askok beren buruei galdetzea ea txerto guztiak perfektuak ote diren, edo kritika merezi duten beste batzuk ere ba ote dauden.

Iragarri duzu papilomaren txertoa aspaldiko eskandalurik handiena izango dela osasungintzaren arloan. Haatik, ez dirudi haren aurkako iritzi-korronte zabala sortu denik; A gripearen kasuan sortu zen bezala, esaterako.

Kontraesana dago herritarrek gaiaz duten interesaren eta eskandaluaren neurriaren artean. Papilomari buruzko bilaketa kopurua asko handitu da interneten, eta gure bufetean kalteagatiko kasu asko daramagu, baina albiste bat daukagunean ia hedabide batek ere ez du aipatzen. Uste dut hedabideetan alarma jo dutela, txertoei buruzko informazio kritikorik ez emateko ohartaraziz, txertaketa sistemari kalte ez egitearren. Baina, lehen esan dudanez, kontrako efektua lortzen da; herritar asko konturatzen dira informazioa ezkutatzen ari dela, eta horrek bultzatzen ditu txerto guztien aurka jartzera.  

 Hedabideen jarrera aipatu duzunez... Espainiako Estatuko Osasungintzari buruzko Berri-emaileen Elkarteak (ANIS) zabaldutako manifestu batek gomendatzen du txerto batek eragindako kalteaz informatzean, aldi berean txerto guztien beharra aipatzea.

Hala da. Osasungintzako gaietan diharduten kazetari elkarte handiena doktrinatzen ari da Osasun Ministerioari eta laborategiei interesatzen zaien ildoan. Dokumentatu dezaket –epaitegietan haien aurka ari garelako–, ministerioa eta laborategiak batera aritzen direla kontu hauetan.

Ebolaren aurkako txerto aurkitu berria da orain hizpide.

Osasunaren Munduko Erakundeak erraztasun handia eman zien laborategiei 2014an, aurrez A gripearekin egin bezala, txerto hori lehenbailehen aurkitu zezaten. Horrek alde ona du noski, baina alde kritikagarria ere bai: zeren zain egon gara? Ebola 70eko hamarkadatik da ezaguna. Epidemiak gizateria osoari eragingo diola dirudien arte itxaron behar dugu? Bestalde, laborategiei aukera horiek ematea bi ahoko ezpata izan daiteke. A gripearen kasuan eman egin zizkieten, eta eskandalu ekonomikoaz gain, txertoak erreakzio kaltegarriak eragin zituen. Ebolaren kasuan, berdin: laborategi publikoak etengabe txerto berri eraginkor eta seguruen bila aritzea bultzatu beharrean, itxaron egiten dugu epidemia gorenean egon arte sendagai-ekoizpenaren kanon guztiei muzin egin eta konpainiei aukera emateko txertoa arin bai arin egin dezan; denok dakigu txertoak ez direla arinegi egin behar, ez baitago denbora nahikorik haien eraginkortasuna eta segurtasuna neurtzeko. Munduko osasungintza sistema guztiz makurra da, etengabe konpainia farmazeutikoen alde ari da.                             

Kazetaria eta abokatua

“Konturatu nintzen kazetari lana ez zela nahikoa. Bai, jende askorengana iristen nintzen, baina aldaketarik eragin gabe. Eta orain bost urte Almodóvar & Jara abokatu-bulegoa sortu nuen, osasungintza gaietako zuzenbidean aditua den Francisco Almodóvarrekin batera. Bulego berezia da, abokatu bat eta kazetari bat gaudelako, biak maila berean, eta beharbada multinazional farmazeutikoen aurkako auzi gehien daukan munduko bulegoa gara, AEBetakoak aparte utzita”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


"Kartzelak gaixotzen du eta kartzelak hiltzen du"

Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean,... [+]


Irati Unamunzaga eta Jon Arriaga. Dolu perinatala
"Mina ez da tapatu behar; bizi egin behar da, aurrera egiteko"

Iaz, irailaren 9an, jaio eta egun gutxira zendu zen Irati Unamunzagaren eta Jon Arriagaren umea, Nare. Haurdunalditik beretik, bidearen gazi-gozoak konpartitu dituzte ingurukoekin, naturaltasunez, eta dolu perinatalaren prozesuarekin beste pauso bat egitea erabaki dute:... [+]


Eguneraketa berriak daude