"Diskriminazio positiboa kontuz egin ezean, gizartearen zati bat aurka jartzen da"

  • Batzarreko bozeramailea da Joseba Eceolaza (Iruñea, 1979) eta Batzarre, Izquierda-Ezkerra (I-E) koalizioko kide Ezker Batuarekin batera. Nafarroako Gobernua sostengatzen duen lau alderdietako bat da Ezkerra, txikiena, baina erabakigarria, haren botoekin parlamentuko balantzak oposizioaren aldera egin baitezake. Hezkuntzaren eta euskararen eremu gori-goriak jorratu ditugu elkarrizketan.

Josu Santesteban

Gobernuak dagoeneko ekimen berritzaile ugari egin ditu alor guztietan: zerga erreforma, osasuneko itxaron zerrendak, Opuseko hitzarmen bat kendu… Baina euskararen inguruko gaietan dira arazorik handienak, bai gizarteari begira bai gobernua sostengatzen dutenen artean. Zergatik?

Nafarroan frontismoaren kultura handia dago eta bagenekien hori gertatu behar zela, identitatearekin, sinboloekin edo hizkuntzekin. Guk uste dugu frontismo hori apurtu egin behar dugula eta horregatik diogu euskarari egin diezaiokegun mesederik handiena zaratarekin amaitzea dela, eztabaida zaratatsu horietan euskarak eta euskaldunok galtzen dugu eta.

Euskaldun askoren pertzepzioa, aldiz, alderantzizkoa da: zaratarik ateratzen ez badugu gure eskubideak ez direla aintzat hartzen uste dugu. Berdin esango zenieke LGBTei, edo mugimendu feministari…?

Ez, ez dut esan nahi gure aldarrikapenak ez direla kalera atera behar, baizik parlamentuan ematen den krispazioa txarra dela. Krispazio horretan eskuinak badu bere errua, baina euskaldunok ere badugu gurea; adibidez, azkenotan izan ditugun auzietan ez dugu jakin izan ongi azaltzen zer egin behar zen. Esaterako, Jose Luis Mendozak Lan Eskaintza Publikoa (LEP) kudeatu duen era ez da ona izan eta horrek arazoak ekarri ditu, bai gobernua sostengatzen dugun laukotean eta bai hortik kanpo. Diskriminazio positiboa egiten denean kontu handiz egin behar da, gizarteari begiratuz, bestela gizartearen zati bat kontra agertuko da.

Goazen aztertzera LEParekin gertatutakoa. 425 plazako LEPa atera zen azaroan. 2016rako 320 (228 euskaraz eta 92 gaztelaniaz). Zuek aurka, ez zela orekatua. Non egin zuen bekatua Hezkuntza Sailak?

Ezin da halakorik egin sindikatuei eta sostengatzen zaituzten alderdiei inongo informaziorik eman gabe. Prentsaren bidez jakin genuen zer egin behar zen. Haur eta Lehen Hezkuntzarako ateratako 120 plaza euskaraz ziren, bakarra ere ez erdaraz. Hori ez da zuzena Nafarroaren egoera soziolinguistikoan. Txosten teknikoa ez da fede dogma bat. I-Eren zeregina zubi lana eta kontsentsua bilatzea da. Euskara eta euskaldunen eskubide eta zabalkundeari begiratu behar diogu, baina garrantzitsua da nafar bakarrak ere ez hartzea eraso gisa, eta horretarako kudeaketa inteligentea behar da.

Hezkuntza Sailaren argudioetan esaten zen IIPren (Ingelesez Ikasteko Programa) zabalkundearen ondorioz, irakasle elebakarrak soberan direla. Beraz, zertarako atera plaza gehiago? Horrez gain, legeak ez du baimentzen ingelesezko plazak ateratzea.

Urtero 400 jubilazio ematen dira irakaskuntzako sare publikoan eta, beraz, hezkuntza munduak oso erraz barneratzen ahal ditu guk eskatzen ditugun gaztelaniako 60 plaza horiek [Haur eta Lehen Hezkuntzako 120 horietatik]. Horrez gain, gaur egun irakasleen artean badira ingelesa ematen ari ez direnak, baina ingeleseko C1 titulua dutenak. Horiek ere birziklatu daitezke.

Agian egongo dira irakasleak C1arekin, baina ez dute IIPn klaserik eman nahi izan, B2ko jendea sartu baitute programara.

Guk ere badugu gure ikuspegi teknikoa, Batzarreko jende asko da irakasle eta esaten dute ez legokeela arazorik gaztelaniako 60 plaza ateratzeko inongo soberakinik sortu gabe. Ahal Dugu ere iritzi horretakoa da. Azkenean, Hezkuntza Sailak Legebiltzarrean 33 boto aurka zituen [50etik]. Guk Yolanda Barcinari esaten genion ezin dela Legebiltzarraren aurka gobernatu, eta oraingo Gobernuari ere gauza bera eskatu behar diogu.

Euskara sustatu behar dugu, baina hiru ideiatan oinarrituta: askatasuna, inposaketarik ez eta errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta. Ezin da ahaztu, gaur egun Nafarroa osoko sare publikoan D ereduan ikastea posible dela I-Ek lege aldaketa hori proposatu zuelako. Eta gogoratu behar da ezker abertzalea hainbatetan agertu dela halako aldaketen aurka.

LEParen inguruan dagoen bigarren auzi garrantzitsua zerrendena da. Horren inguruan, ez duzue argi utzi zuen posizioa, behintzat publikoki.

Aitortu behar dut oso konplexua egiten zaidala gai honetan iritzi borobil bat izatea, beraz ñabardurak ezinbestekoak dira. LEParekin sortu den istilu handia kontuan hartuta eta bake sozialaren alde, ados gaude gobernuak 2016rako bi zerrenda mantentzeko egin duen hautuarekin. Argudioetan sartuta, batzuek zera diote: “Eta zergatik atera behar dira zerrendak hizkuntzei begira eta ez espezialitateei begira eta, beraz, 16 zerrenda egon daitezela? Gobernuak bi zerrendak mantendu ditu eta oraingo formulak euskaldunen eskubideak bermatzen ditu, euskarazko eta gaztelaniazko azterketetara aurkezteko aukera izango duelako.

Zergatik egin behar ditu euskaldunak bi azterketa? Kasu horretan, gainera, euskaldunek aukera gehiago izango lukete.

Askotan aipatzen da Katalunian, Mallorcan eta Valentzian zerrenda bakarra dagoela, baina gure errealitate soziolinguistikoa ez da hori. Valentzian jende gehienak daki valentziarra, eta hemen euskara ez.

Baina orain arte euskalduna diskriminatu da. Berak hautatu behar zuen, adibidez, plazen %30-40ra (euskarazkoak) aurkeztea, bere gaitasunaren arabera %100era aurkez zitekeenean.

Interesgarria iruditzen zait Ahal Duguk korapiloa askatzeko egin duen proposamena: aurten egin dadila bi azterketekin eta, aldi berean, Nafarroako Eskola Kontseiluan zabal dadila gaiari buruzko eztabaida zabala inplikatu guztiekin, erabaki dadin 2017rako nola egin behar den. Horrela egiten bada, saihestuko dugu LEParekin gertatu dena.

Eta eztabaida horretan, zuen posizioa zein izango da?

Une honetan ez dakit, zehaztasun tekniko gehiegi daude eta. Hala ere, gure errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuko duen eredu baliagarria bilatu behar dugu.

Beraz, eremu euskalduneko herritarrek eta ez euskaldunekoek hizkuntza eskubide desberdinak izan behar dituzte?

Gure ekimenez, orain eremu ez euskaldunean nahi duenak euskaraz ikasi ahal izango du D ereduan sare publikoan. Hori da eskubideak bermatzea, eta ez Tuteran edo Ribaforadan euskara teknikari bat jarri nahi izatea, horretarako eskakizunik ez dagoenean.

Orduan, zure ustez, zonifikazioa egokia da?

Gu zonifikazioaren aurkakoak gara, baina esaten dugu ezin zaiola gauza bera eskatu Baztango Udalari eta Ribaforadakoari.

Ofizialtasunaren eskaerarekin, nafar guztiek hizkuntza eskubide berberak izatea eskatzen da. Gero, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoaren arabera, toki bakoitzak bere garapena izango du.

Orain arte euskararen munduaren edo abertzaletasunaren zati baten aldarrikapena ez da hori izan; eta mundu horietatik ez da ondo interpretatu eta errespetatu nafarron nortasuna eta nafarron errealitate soziolinguistikoa. Sekulako hanka sartzeak egin dira. Sakanako herri batean langabetuen %80a erdalduna da, baina udal horrek ateratzen dituen lanpostu guztietan euskara eskatzen du, baita garbiketa lanak egiteko ere. Beste herri batean, udal bilkurarako ematen diren gai ordenak euskara hutsean dira. Beste adibide bat: herritarrei harrera egiteko Iruñerriko udal batek bulego bat ireki du eta horretarako lau lanpostu sortu ditu eta lauetan euskara baldintza gisa eskatu du. Horiek ez dira nire ereduak, diskriminazio positibo horiek ez dira egokienak euskara Nafarroan laguntzeko.

Eskubideetan minorizatuak diren kolektibo askorekin jokatzen da diskriminazio positiboz, edo desorekak direlako zerbait orekatu nahi denean…

Ulertzen dut zor historikoa dugula euskararekin, baina tentuz ez badugu egiten gizartearen zati handi batek ez du euskara guztion altxor gisa hartuko. Pedagogia handia behar da. Aldaketak merezi du frontismoarekin amaitzen badu. Ez da amaitu behar aldarrikapenarekin, baina bai frontismoaren zaratarekin.

Pedagogia aipatzen duzu, gizarteari ongi saltzea. Iruñeko haur eskolen kasuan pedagogiaz egin da?

Orain arte, 17tik bi ziren bakarrik euskaraz eta gainera Txantrean biak. Beraz, gu ados gaude 17 horietatik 4 euskaraz izan daitezen eta hiriko toki desberdinetan hedatuak. Formetan, berriz ere ez da asmatu.

Sarriguren eta Noaineko eskola publikoetara ere zabaldu da zalaparta. D eredukoek aparte egotea eskatu dute, hala murgiltze ereduan sakontzen dutelako. Hemen ere zuek kontra agertu zarete.

Tokian tokiko erabakiak hartu behar dira. Sarrigurenen ikastetxe berri bat egin behar bada, egin dadila. Noaingo kontua desberdina da. Oro har, ereduen arteko elkar bizitza bermatu egin behar da eta hori indartu behar dugu hizkuntza murgilketarekin. Euskarazko ereduek izan dezakete euren agenda propioa –San Blas, Olentzero…– eta batzuetan baita bere patio ordutegi desberdina ere. Hala ere, ona da patioan-eta erdaldunek entzun dezatela euskara, ikus dezaten hori guztiz normala dela.

Orain proposatzen da D eredua banatzea ikastetxe horietan eta segregazio akusazioak egiten dira, baina Nafarroako zentro asko dira D eredukoak bakarrik, ez da oraingo kontua, eta ez da ezer gertatu.

Bai, hori UPNren antzezlana da. Adibide bat jarriko dizut, ni Iruñeko Alde Zaharrean bizi naiz eta bertako Frantzisko Deuna eskolan bi ereduak daude elkarbizitzen eta plazara ateratzen direnean denak nahasten dira. Eredu hori gustatzen zait.
Bai, baina klaustroak funtzionatu behar du gaztelaniaz, Eskola Kontseiluan berdin eta, oro har, D eredua kopurutan nagusi izan arren, erdararen presentzia nagusi da klaseetatik kanpo. Euskaldunak irlatxo bat dira erdararen itsasoan, horregatik eskatzen da hizkuntza irlatxo horiek indartzea, gero gizarteak badituelako toki ugari elkarbizitzarako.
Bai, baina horrek hainbat tokitan erdaldunen ghettizazioa dakar, Berriozarren, adibidez, egon daiteke arrisku hori. Frantzisko Deunakoa da nire eredua.

 


Azkenak
2024-03-19 | ARGIA
Laguntza humanitarioaren bila joandako 400 pertsonatik gora hil ditu Israelek

31.000 hildakotik gora eragin ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Natasha Rueda, Gasteizen euskaldundua:
"Euskarak duen traba nagusietako bat da ikasteagatik dirutza ordaindu behar izatea"

Astelehen iluntzean ibili da 23. Korrika Gasteizko kaleetan zehar, eta euskaltzaleek hiria aldarriz bete dute. Bertan izan da Natasha Rueda ere, eta prestaketa lanetan zebilela hitz egin dugu berarekin. Kolonbiarra jatorriz, Gasteizen bizi da duela 25 urtetik; Korrika pasa dela... [+]


2024-03-19 | Leire Artola Arin
Beskoitzeko ikastolari 2025era arte luzatu diote lurrak erabiltzeko baimena

Herriko kontseiluaren gehiengoa lurrak ikastolari beste urtebetez alokatzearen alde agertu da, eta jarraian auzapezak dimisioa aurkeztu du. Ikastolako gurasoei eta Seaskari hitzarmen berri bat aurkeztekotan geratu da herriko etxea.


Elkarrekin Arabak Euneiz-en proiekturako zuhaitz mozketa masiboa salatu du

David Rodriguez bozeramaileak ohartarazi duenez, jarduera horrek “eragin larria izango du Salburuako hezeguneetan, bertako floran eta faunan”.


Bonbak eta munizioa jaurtiko dituzte aste guztian Bardeako tiro poligonoan

Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten... [+]


Eguneraketa berriak daude