"Asko egin duten enpresak hasiak dira beren sabaietara iristen"

  • 2015eko udazkenean, bere lantokian, Elgoibarko Makina Erremintako Institutuan, entzun genuen jardunaldietan. Euskalduntzean aitzindari diren enpresak zituen ahotan, eta tesi bat: langileen eta tresnen arteko hizkuntza-harreman konbinazioak kalkulatu behar dira, jakiteko zenbat euskara egin dezaketen. Horrek lagunduko du lorpenak fintzen. Fermin Lazkano IMHko Berrikuntzarako Tkgune Fabrikazio sareko zuzendaria da.

Argazkiko zenbakizko kontrol makina Fagorrena da eta euskaraz dago.Dani Blanco

Enpresa munduaren euskalduntzea, oraindik moteltzen ez dela hasi baina hasiko dela diozu. Zergatik diozu hori, duela ez hainbeste jorratzen hasitako eremua da eta?

Optimismo antzuetan eta ezkorkeria maltzurretan ez erortzeko jakin behar dugu non gauden. Prozesu guztiek daukate euren erritmoa, lehenengo uneetan oso bizkor ibili eta gero moteldu egin daiteke, edo prozesu zailagoak direnean, hasieran, motelago ibil daiteke eta gero klabe batzuk aurkitutakoan bizkortu egiten da prozesua.

Oraindik ere in crescendo goaz, baina iritsiko da puntu bat non zailagoa izango den lorpenak erritmo berean lortzea. Gauza bat gertatzen da. Hasieran, oso garrantzitsua da giroa, gogoa, asmoa, pizgarria, zuzendaritzaren mezua, eta horrek denak eramaten ditu. Leitmotiva ipintzen duzu, denok ukitzen gaitu, eta indar asko biltzen dira une berean horren alde. Norbanakoen erabakien multzoa da hori.

Baina gero iristen da eremu pertsonalaren momentua, norberak hartu behar du erabakia, hurrengo saltoa pertsona jakinek eman behar dute.

Adibide baten bidez azal dezakezu?

Gure esperientzia, hemen. Hasieran kanpainak ziren: “Goazen errotulazioa euskaraz ipintzera!, Goazen tresnak euskaratzera!, inkestak egingo ditugu…”, eta ondo zihoan, [erabileraren] kurba gorantz zihoan. Gaur egun trabatuta gaude. Dozena bat pertsonak edo salto egiten dute edo ez dago beste zereginik. Erantzukizuna lokalizatuta dago eta pertsonengan dago, izan euskaldun ala erdaldun, euskaldun guztiek ere ez baitute euskaraz egiten.

Kuadrilla baten nahiak eta ahalmenak elkartzen direnean biderkatu egiten da indarra eta emaitza. Eman dezagun hamar lagun direla, zortzi euskaldun, baina gaztelaniaz egiten dute. Erabakitzen dute, bi horiek ez daudenean, euskaraz jardutea. Zortziek ez dute beteko baina bospaseik igoal bai. Une horretatik aurrera, bat-batean, sekulako saltoa eman dute. Kontua da indar hori noraino iristen den. Sei horietatik batzuk nekatzen hasiko dira, “ahozkoan oso ondo moldatzen gara baina idatzizkoan ez...”, trabak agertzen hasten dira, eta hasieran zeuden indarren sabaira ailegatzen gara.

Enpresak sabaiak jotzen ari direla esan nahi duzu?

Sabai bat dagoela konturatzen gara eta zergatik dagoen analizatuko dugu. Demagun idatzizkoan trebezia nahikoa ez daukagulako dela, “hi, ikastaro bat egingo diagu alfabetatzeko, astean lau orduz euskaltegian, enpresak ordainduta”. Horrek beste bultzakada bat ematen du, eta hurrengo saltoa hasten da, baina horrek ere bere sabaia du. Sabaiak hautsiz goaz, eta bakoitzak du hausteko bere klabea.

Horregatik diot, 90eko hamarkadan hasi ginen enpresa mundua euskalduntzen. Asko egin duten enpresak hasiak dira beren sabaietara iristen. 2003an egin genuen lehenengo euskara plana guk eta ikusi dugu zein den gure sabaitxoa. Berdintsu ari da gertatzen beste hainbat tokitan.  

Sabaiak sabai, lorpenak estatistikoki neurtu behar direla diozu eta halako gutxi egiten dela enpresen euskalduntzean.

Antzeko enpresetan, bata %70 euskalduntzera iritsi da eta bestea %40an geratu da. Eragileen (pertsonak eta tresnak) arteko konbinazioak aztertzen badituzu, konturatuko zara emaitza hobeak ezin zirela lortu. Arrakastatsuagoa izan daiteke %40ra iritsi den enpresa %80ra iritsi dena baino, zeren aurrez badakizu zein den bakoitzaren potentzialitatea. Hori da nire tesiaren muina.

Zehaztu ezazu gehiago zure tesia, alegia, azal iezaguzu norbanakoa-tresna-lankidea-bezeroa formula.

Lehenik, langilea dago. Horrek erabaki behar du euskaraz ala gaztelaniaz jardungo duen. Bigarrenik, hark lankideekin duen harremana dago. Hirugarrenik, kanpokoekin, hau da, bezeroekin duen harremana. Laugarrenik, langilearen eta tresnen [ordenadore, kontrol numeriko...] arteko harremana. Tresnak, gero eta gehiago, langileen bitartekariak dira.

Tresnak zein hizkuntzatan hitz egiten duen zenbateraino eragiten du langilearen hizkuntza erabileran?

Lehengo egunean, tailerrean, zenbakizko kontrol makina batera joan nintzen eta konturatu nintzen gaztelaniaz zegoela. Fagorrena da eta euskarazko bertsioa badu. Azpeitiko ikasle batzuk zeuden han eta esan nien ARGIAkoak zentoztela argazkia ateratzera eta euskarazkoa jartzera nindoala. “Euskaraz dago ala?”. Ez zekiten. Euskarazko bertsioa erabili izan balute programazio hizkera euskaraz erabiliko lukete, baina gaztelaniaz egonda gaztelaniaz egiteko joera dute. Horrek izugarri baldintzatzen du.

Zergatik esaten duzu izugarri baldintzatzen duela?

Kalkulu-orri batean idazten baldin badut eta aginduak euskaraz baldin badaude, ezagutzen dut “errenkada”, “batez bestea”, “bariantza”... hitz mordo bat. Makinari esker hitz horiek erabiltzen ohitu egiten zara eta gero hizketaldi tekniko bat oso erraz abiatzen duzu. Baina “archivo-copiar-pegar…” badauzkazu, horretaz ari zarenean segituan joko duzu gaztelaniara.

Industrian beste hainbeste?

Hiztegi teknikoak pisu handia izan dezake. Danobatek makina erremintako bere hiztegi teknikoaren bizpahiru bertsio eginak ditu. Tafallako Fagor Ederlanek langile guztiei banatu die bere hiztegi teknikoa. Horrek errazten du hizketaldia euskaraz. Zertaz hitz egiten da tailerrean, kuadrillan edo familian hitz egiten den gauzez? Ez, laneko gauzez ari zara, gauza teknikoez: ximurdura, artezketa…

Erdibidean doanak, euskaldun berriak, baina euskaraz aritzeko nahikoa tresna duenak, kezkatzen nau. Aitzakia erraza da hiztegi teknikoa menperatzen ez duzulako gaztelaniara jotzea. Hiztegia edukita, aitzakia eta arrazoia (ez baita aitzakia bakarrik) ezabatzen dituzu. Nahi duena ohitu egiten da, eta bat-batean konturatzen da tailerrean gai tekniko batzuez euskaraz ari dela. Gero ez du bada egingo kalean ere euskaraz, askoz errazagoa den inguru batean! Eragina izugarria da. Uste badugu, uste izan dugun bezala, kaleetako seinaleak euskaraz ipintzea garrantzitsua dela, ez ote da gutxienez beste hainbeste izango lantokian lanari buruzko hitzak euskaraz edukitzea?

Horrek guztiak garrantzia du, pertsonaren erabakia aldarazten duelako.

Hainbesteraino?

Niretzat bai. Euskaraz ala gaztelaniaz jardun, klik bat da. Baliteke bi-hiru urte pasatzea euskaraz egitea erabaki duzunetik hasten zaren arte, baina erabakia instantaneoa izaten da. Erabaki horiek oso potenteak dira, horretara eramaten duen guztiak balio du, giroak, hizkuntza paisaiak, lagunak zer esaten dion, entzuten den musikak, lankide bat etortzea eta esatea, “zu gai zara word euskaraz erabiltzeko, ipiniko dizut?”. Agian ordurako euskaraz hasteko erabakia hartua du.

 Zuk diozu kontu zehatzak atera behar direla, lankideen arteko harremanen maiztasunak, lankideen eta tresnen artekoak, eta tresnak lankideen bitartekari direla.

Adibide bat jarriko dut. Enpresa batek lanpostu baterako deialdia egin du eta azterketan aurrena geratu dena fenomeno bat da, baina ez du euskara menperatzen, motel dabil. Zer egin? Pentsa dezagun ardura postu baterako kontratatu nahi dutela. Zenbatu dezagun bere taldeko lankide kopurua, eta jakingo dugu zenbat erlazio edukiko dituen egunero lankideekin. Eman dezagun zuzendaritzan dagoela, kalkulatu zenbat bilera egin beharko lituzkeen. Langile berria kontratatu aurretik erabilera hainbestekoa da, eta lanean hasten bada, egindako kalkuluen arabera jaitsiera halakoa. Prest dago enpresa jaitsiera hori izateko?

Horixe da zure aldarrikapena.

Euskara planek horrantz izan behar dute eboluzioa, kalkulu estatistikoak integratzea behar dute. Adibide bat ematearren, euskaraz dakien langile eta euskaraz daukazun tresneria kopuruaren arabera gerta liteke lantoki batean euskararen erabileraren goia %30 izatea. Hor dago Txillardegiren analisi matematikoa [Elebidun Gizarteen Azterketa Matematikoa]: euskaldunak hainbeste, erdaldunak horrenbeste, haien arteko konbinazioak egin eta gehienez hainbeste egingo dute euskaraz. Hori bera aplikatzea euskara planei.

Sekulako garrantzia ematen diogu motibazioari eta abarri, eta eman behar zaio, ez nago batere kontra, baina ahaztu egiten ditugu alderdi kuantitatibo hutsak direnak, estatistikoak. Hori da nire aldarrikapena. Potentzia galtzen ari gara euskara planetan. Hori edukita, agian, hainbat sabai gainditu ahal izango genituzke.

Eusko Jaurlaritza tresneria euskaraz eskaintzen apal ari dela diozu. Egindakoa gutxi eta dagoenaren berri enpresengana ez da heltzen. Zer eskatzen diozu administrazioari?

Goazen esatera egiten diren gauzak. Ofimatikako programak, pluginak eta abar www.euskadi.net-en argitaratzen dira. Ondo dago, egiten dira gauzak. Lehen baino askoz gehiago.

Fagorrek SAP ERP erabiltzen du. Multinazional alemanak enpresen kudeaketa orokorrerako sortutako softwarea da. Munduan gehien erabiltzen dena da. Enpresako ordenadore guztietan egoten da, tailerretan, bulegoetan, Berlinen saltzen ari den haren sakelakoan, zuzendaritzako erabakiak hartzeko… Badira modulu batzuk euskaratuta, baina publikoki eskuratzen oso zailak dira.

Fagorrek badu makinak maneiatzeko zenbakizko kontrol programa euskaraz.Fagorrekoek beraiek esan ohi dute hamaika tokitan euskaraz ari direla hizketan eta trastea ez dutela euskaraz ipintzen.

Bigarren akatsa eguneraketak dira. Microsoft Office, eta abar. Konprenitzen dut lan izugarria dagoela eta bizkor egin behar direla, konprenitzen dut garestia dela. Konprenitzen dut, baina ez dut onartzen. Librezale moduko elkarteak ari dira borondatez euskaratzen. Demontre, horiek egin behar dute? Eusko Jaurlaritzak lideratu dezala! Goazen denon artean erabakitzera nondik abiatuko garen, eta denak horretara jarriko gara. Bitartean eskerrak Librezale moduko elkarteak dauden.


ASTEKARIA
2016ko martxoaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara lan munduan
227 lanpostu kolokan Bizkaian euskara eskakizunengatik

Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.

 


Ez dute euskara jakin beharko Donostiako Udaleko bi sailetako zuzendarik

Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.


Eguneraketa berriak daude